Mikel Zubimendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Gerra eta gerratxo normalak desafiatuz

Mundu arabiarreko sarraskiak normaltzat hartzeraino aski pasibo egotearen artea desafiatzea ez da erraza. Beren Jainkoari ustez ondo iruditzen zaiolako, martiri hiltzen interesatuak daudelako edo beren herrialdeak askatu eta askatuta ikusi baino zerura joatea nahiago dutelako, kontua da, baina, zientoka hil hemen eta milaka han, normal eta pasibo hartzen direla sarraskiak. Eguneroko ogia bezala.

Sinpatia handia diot kultura eta kausa arabiarrari. Porrotez beteriko historia batek baldintzatuta, mundu arabiarrak, sarraskiz sarraski, odolusten segitzen du. Haien independentzia, Jaungoikoaren ala Mendebaldearen interferentziarik gabe, noiz eta nola etorriko den ez dakit. Imajinatu, beren bildumara gehitu beharreko beste, enegarren, gerra baten eskutik baino, iraganeko zauriak osatzeko, beharrezkoak diren orbainak uzteko eta etorkizunari begira oinarri sendo bat eraikitzeko gai izango den prozesu geldo eta trankil baten eskutik imajinatzen dut. Askatasunaren alde lanean ari den jende olatu baten eskutik, hori gertatzeko eta denboran irauteko beste modurik ez baitut ikusten.

Bitartean, baina, irrati, telebista eta ordenagailuetan, normal-normal entzun eta ikusiko den sarraskiak segituko du. Eta guk, hemen segituko dugu, lekuko mutu, pasibo izatearen arte hori nola desafiatu jakiteke.

Tragediaz mintzo, arabiarrek berea bezala euskaldunok geurea badaukagu. Gordinkerian konparazione punturik gabe, jakina, baina «gure gerratxo» batzuek bere horretan diraute. Eta antza, paisaiaren parte edo normalizazioaren adibide hartuta, pasibo egotearen artea tokatzen da. Arte hori nola desafiatu asmatzeke.

Udararen lehen asteotan gordindu da «gerratxoa», posizioak gotortu dira, lubakiak eraiki dira, hitz toxiko eta itxuragabekoen zafarrantxoa ugaldu da.

EAJren eta Sorturen arteko «udako gerratxo» hau tristea, oso tristea iruditu zait. Politikoki okerra eta nazioaren ikuspuntutik, euskaldunen kausari begira, etxekalte. Batek bestea gehien mintzen duen tokian kolpatzen du -hots, poltsikoan, Kutxabank makila hartuta- eta besteak, gutxiago ez eta gehien mintzen duen horretara -presoak- kolpe! Tristea benetan.

Euskal politikarien belaunaldi bat arrakastarako preparatua dela uste dut sarritan. «Gerratxo» madarikatu hauekin, ordea, nire usteak usteltzean, datozenak preparatzen konformatu beharko dugula uste dut.