Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Autozentsura

Pema Tseden dokumental zuzendari tibetarrari entzun nion aurrekoan bere pelikulak egin ahal izateko, zentsura kabinetera eraman behar zituela gidoiak. Denborarekin ikasi omen zituen sistemaren limiteak. Esan zezakeena eta esan ezin zuena, kristalezko sabaia ukitu eta gorago ez joateko moduan. Inoiz ez omen zioten pelikularik debekatu eta gai gatazkatsuak mahai gaineratu izana errekonozitu izan zaio aipatu zuzendariari.

Batzuentzako inteligentzia ariketa baten ondorio izan liteke zentsuraren galbahea pasatzea. Azken batean, gerria izan eta zuhurtziaz gaiak jorratzea artetzat har liteke. Ordea, zentsuraren limiteetan mugitzea beti da zerbait problematikoa eta adierazi nahi dena aurrez moldatu behar izateak zentsura sistema horren parte bihurtzen du sortzailea.

Emaitza, autozentsuraren autoaplikazioa izan ohi da. Esan nahi den horri hainbeste buelta eman ondoren, edukia arindu eta publikoarentzat produktu mastekatua eskaintzea, hain zuzen ere.

Guztiok aplikatzen diogu geure buruari autozentsura. Norberak onargarria zaizkion dosietan. Herri honetan ere bai. Egunotan Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) «Euskal kazetaritza parekidearen bidean» ikastaroan, emakume iritzi-emaileen gaia jorratu da. Atera diren hainbat hipotesiren konprobazioa egiteke dago baino gaur-gaurkoz, intuizioak eta gure bizipenak esaten digu, autozentsuratu egiten garela sarriegitan.

Genero sistemarekin harreman zuzena duten gaietaz hitz egin dugu maiz, ziurrenik guk landuko ez bagenitu ez liratekeelako orri artean existituko. Baino nago horrek genero kontuetan aditu bihurtu gaituela besteen begietara. «Gai horietan aditu» eta ordea, jorratzen ditugun beste hainbat gaitan, izatekotan, «aritu». Horrek beldurra eragiten du. Guztiok nahi izaten dugulako inguratzen gaituen errealitate anitz eta dinamiko honen inguruko hausnarketetan besteen ondoan egotea. Gainerakoekin eztabaidatzea, autorizatuak izatea.

Behin entzun nion euskal kazetaritzaren orrialdeetan eskarmentu handia duen kide bati, «herri honetan genero kontuetaz aritzen bazara, ez dizute beste ezeren inguruan galdetuko; suizidioa da». Eta nago hori ekidin aldera gehiegitan autozentsuratu egiten garela. Esan nahi duguna esaten dugula, arte handiz baina betiere, gehiegi asaldatu gabe autorizatu behar gaituen entzulea.