Janire Arrondo
Udate

San Adriango sekretuak, itzaletik argira ateratzen

Denboran atzera bidaiatzeko pasabidea bailitzan, milaka urteetako sekretuak gorde ditu San Adrianek bere baitan. Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak eremua aztertzen hasi zirenean hilabeteren buruan bertako lanak amaituta izango zituztela uste zuten; sei urte daramatzate eta 14.000 urte atzera egitea lortu dute. Mendizale eta bisitarien arreta bereganatzen duen ingurua da Lizarratekoa, misterioz inguratuta jarraitzen duena.

Bazen zizel eta mailuz mendia zeharkatzeko gizakiek egindako zuloa zela pentsatu zuenik, baita inoizko pasabiderik beldurgarrienaren pare jarri zuenik ere. San Adriango igarobidea garrantzi historiko handiko lekua izan da, eta horren lekuko izan dira Erdi Arotik hona bertatik pasa direnek utzitako testigantza idatziak. Orain arte jakina zen Erdi Arotik aurrera pasabide garrantzitsua izan zela Zegamako herri hizkeran «Sandrati» izenez ere ezagutzen den pasabidea. Igarobide estrategikoa izan zen, Gaztelako Erresumak eremua bereganatu zuenetik.

Bertatik igarotakoek beren aztarna utzi dute, txikia bada ere. Pareta gordinek milaka urtetan bere horretan iraun dutela dirudien arren, lurrazalak sekretu asko gorde ditu. Aranzadi Zientzia Elkarteak ireki zuen Sandratiko historia entziklopedia duela 6 urte. Zimenduz zimendu, Erdi Aroraino ez ezik, 14.000 urte atzera egitea lortu dute orain arte. Lizarrate harkaitzaren bihotzean, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko igarobide esanguratsua da San Adriangoa. Gipuzkoa eta Arabako mugan mendizaleek ondo ezagutzen duten lekua. Urak irekitako haitzulo karstikoa da, ehuneko ehun naturala, gizakiak bere probetxurako egokitu izan duena. Babesleku, atsedenleku eta mendeetan zehar lapurren leku preziatua, berezia da txoko hau igarobideraino garamatzan galtzadarekin batera.

Berezitasun handiko aztarnategia

2008. urteaz geroztik ari dira Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak haitzuloan lanean Gipuzkoako Aldundiaren ekimenez eta Partzuergo Orokorraren eta Zegamako Udalaren laguntzarekin.

Alfredo Moraza Aranzadiko arkeologoak inondik inora espero ez zuena zen San Adrianen azken glaziazioko ehiztari eta bilatzaileen aztarnak ere aurkituko zituztela; duela 13.000 eta 14.000 urtekoak.

Hasiera batean, hilabeteko lana izango zela espero zuten; lurrazalean indusketak hasi eta berehala harkaitzarekin topo egingo zutela. Dagoeneko, baina, hiru metroko sakoneraraino aztertu dute, eta beste bost bat metro dituzte aurretik.

Hain justu ere, 2012tik egindako azken indusketek Goi Paleolitoraino eraman ditu arkeologoak; eta berezitasun handiko aztarnategi bihurtu da San Adrian.

Material hondar ugari utzi zituzten toki hartan, material litikoa eta fauna, batez ere. Glaziazio garaian 1.000 metroko garaieran bizirauteko erak eta moduak ezagutzeko aukera eman dute aurkikuntza horiek. Haitzuloan eta kanpoaldean, ehiztari eta biltzaileek ebakitzeko, zerratzeko zein karrakatzeko erabiltzen zituzten suharrien aztarnak aurkitu dituzte. Haitzuloaren barrualdeko galerietan gorpuzkiekin ere egin dute topo; inguruetan tumulu bat ere bada.

Goi Paleolitoko gizakiak nomadak ziren, eta hotzetik babesteko leku aproposa zuten San Adrian. Ura, fruta-arbolak eta ehizarako piztiak harrapatzeko ere leku egokia izango zuten.

Goi Paleolito garaitik, gutxienez, gizakiaren bizileku izan da Sandrati, etenik gabe. Eta han bizi izan direnek hondar aberatsa utzi dute aztergai. Brontze Aroa da historian hurrengo geldialdia, gaurtik 4.000 urte atzera eginda. 2008tik 2011ra egindako indusketei esker Gipuzkoan Brontze Aroan izandako okupazio garrantzitsueneko bat atera zuten argitara San Adrianen. Orduan, duela 3.500 urte inguruko materialak aurkitu zituzten baselizaren atzean 3 metroko zundaketak eginda: zeramikazko ontziak, silexezko lanabesak eta garai hartako fauna eta floraren hondakinak. Garai hartan haitzuloan zenbait etxola eta animalientzako ukuiluak zeudela ondorioztatu dute.

Zeramikarena da aztarnategian topatu den multzo industrial handiena. Ehunka ontziri dagozkien 1.500 zati baino gehiago aurkitu dira. Kobazuloan bizi zirenen bizimodua ezagutzeko giltza izan dira. Material hauskorra den arren, zatiak milaka urtez irauten dute. Arkeologia azterketa teknikei esker, orduko eguneroko bizitzaren, elikaduraren zein ekonomiaren berri izan dezakegu. Aztarnategian topatutako piezak Zegamako Anduetza Parketxean daude ikusgai; pieza originalak dira gehienak, baina kopiarik ere bada.

Garai eta osaketa bereko zeramika zatiak aurkitu dituzte Etxegaraten (Idiazabal), adibidez. Zentzua luke, Morazaren esanetan, behetik ganadua goiko larreetara eramateko San Adrian hainbat hilabetetako bizileku izatea animaliak etxekotzen hasita izango baitziren.

Errege, obispo eta lapurren pasabide

Urrezko garaia iritsi zen San Adrianen Erdi Aroaren etorrerarekin. Logikoagoa dirudi Etxegarateko edo Otzaurteko portuak erabiltzea, bertatik 500 metrora egonda, baina horrek Nafarroako Erresuma zapaldu beharra zekarren. Gaztelako Erresumak, XIII. mendean Araba eta Gipuzkoa bereganatzean, Lizarrateko komunikazio bidea bultzatu zuela uste du Alfredo Morazak. Egun, erromatar galtzada izenez ezagutzen dena, berez Erdi Aroan eraiki zuten eta eremua gotortu.

Gaztelua, dorre eta guzti, ostatua, ermita, zalditegia zein hilerria eraiki zituzten. Zaindaria eta alkaide bat izango ziren bertan; herri pasarteek jaso dutenez, Europako pertsonarik garrantzitsuena zela esaten zuen alkaide hark, errege-erreginek bere aurrean makurtu behar izaten zutelako Araba aldetik pasabidean zaldi gainean sartuko baziren.

Harrizko oinarriaren gainean eraikitako egurrezko hormadun gaztelua zegoen; haitzuloaren bi aldeak estalita barruan hainbat eraikin hartuko zituen. Garai hartan tunela orain baino handiagoa zen, geroztik zoruan harriak eta lurra pilatzen joan direlako.

Araba aldera dagoen tumuluan piko edo zigorlekua zegoen, gaizkileak hil eta horien gorpuak erakusgai jartzeko, gainerako gaizkileak ohartarazteko edo.

XVI. mendean, Nafarroako Erresuma okupatzearekin, desagertu zen San Adrianen funtzio militarra. Errege, noble, obispo, erromes eta bidaiarien ohiko pasabide izan zen San Adrianen bertan ostatu hartu eta babestuko ziren asko. Kilometro luzeetan, Zalduondotik Zegamaraino ez zegoen gelditzeko beste lekurik. 1502an Felipe eta Joana Gaztelako printzeek igaro zuten tunela. Beraiekin bidaiatu zuen Antoine De Lalaig Montignyko jaunak ere. Xabier Azurmendi zegamarrak jaso ahal izan zuenez, hala idatzi zuen Montignyko jaunak: «Jende askoren beharrik ez legoke pasabide hau gordetzeko; lekua oso berezia, babes eta giltza da gaskoien aurka».

Dokumentu idatzietan gorde denez, bitxikeria gisa, Flandesetik Gaztelara zeramatela Felipe de Lazkano bertan bataiatu zuten; Felipe Ederra eta Joana Eroa izan zituen aita eta ama-ponteko.

Arlabango bidea ireki zutenean erori zen San Adriango gainbeheran; nahiz eta XVIII. mendera arte pasabide izaten jarraitu zuen.

Azken biztanleak

Sandratin ezagutu den azken eraikina mikeleteen etxea izan da, lehenagoko ostatuari erantsi zioten kuartela. Eremua zaindu eta bidesariak kobratzen jarraitu zuten sute batek 1911n eraikina suntsitu zuen arte. Ikusteko dago oraindik Sandratik zenbateraino emango duen. Aztertzen ari diren eremua, pasabidearen barrualdearen %5a baino ez da izango. Hamarkadetako lana izan daiteke hau, Morazaren iritziz, edo agian hiru urtetan amaituko dute.

Hedatze lanen garrantzia

Uztailaren 7an hasi zuten VIII. kanpaina arkeologikoa Sandratiko igarobidean. Aranzadi Zientzia Elkarteko eta EHUko hainbat diziplinetako adituz osatutako taldea bertan ari da indusketa lanetan, Goi Paleolitoko zimendua aztertzen. Alfredo Morazarekin batera, Manu Zeberio eta Jesus Tapia dabiltza, ikasle boluntario talde batekin. 2008tik, memoria berreskuratu eta ingurunearen balioa azaleratzeko ahalegina egiten ari dira. Galtzada gunea garbitu eta berreskuratu dute, eraikuntza historikoen balio agerian jarri nahiz informazio historiko eta dokumentalaren bilketa egin. Hori guztia, San Adrianerako bisita gidatu, hitzaldi eta erakusketekin batera. Morazaren hitzetan, Aranzadik garrantzi berezia eman dio aurkikuntzok azaleratzeari. Hala, astebururo mendizaleen pasabide izanda, arkeologoen lana lehen pertsonan ezagutzeko gune bihurtu da. Zegamako Andueza Parketxetik ere bisita gidatuak antolatu dituzte bertara; larunbat honetan egingo dute bigarrena.