GARA

Euskaldun eta euskaltzaleen biltoki izango da Alesbes heldu den irailaren 6an

Urteroko Nafarroa Oinez-ez zein Nafarroako euskal hezkuntza publikoaren aldeko egunaz harago, bada euskararen alde jai giroan egiteko aukerarik. Herriz herri ekimen ugari antolatzen ari dira «Vascuencearen Legea» delakoak ezartzen duen «eremu ez euskaldunean», eta arrakasta handia izan dute: Mendigorrian, Artaxoan, Oibarren... Orain Erriberaren bihotzean kokatzen den Alesbes herria izango da euskaldun eta euskaltzaleen biltoki, irailaren 6an hain zuzen ere (larunbatarekin, beraz).

Bertako umeek herrian A eredua baino ezin dute ikasi, baina hori egiten dutenez gain, badira Lodosa zein Tuterako ikastoletara joaten direnak. Gurasoei dagokienez, AEKren eskaintza dute. Aspaldi zuten jai bat egiteko asmoa eta orain gorpuztu da. Helburuak, iragarri dutenez, «egun on bat pasatzea, hizkuntzari zein kulturari bultzada ematea, eta egun horretan Alesbesera datozen guztiei euskara non eta nola ikas dezaketen helaraztea, bai herrian bai Erriberako gainerako tokietan».

Goizeko hamarretan hasiko da ospakizuna, pintxo banaketarekin eta joaldun, txistulari, gaitero, eta abarren doinuez lagundurik.

Umeentzako gauza ugari iragarri dituzte: ipuin-kontalaria, tailerra, jolasak, musika tresnak... Baita gazteentzat ere: sokatira, zaku lasterketak... Eta helduentzako, dantza tailerra. Eguerdian, dantza, kanta eta beste hainbat ekimen izango da, eta geroago, jotak. Miren Fernandez Frantsesena kantautoreak alaituko du herri bazkaria, eta ondoren dantzaldia izango da. Eguna biribiltzeko, kalejira.

Diru ekarpenak egiteko kontu korrontea ere zabalduko dute.