Idoia ERASO

Ziburuko alkateak ur, argindar eta hesirik gabe utzi nahi du ikastola

Ziburuko Guy Poulou auzapezak asteartean ikastolari ura, argindarra eta hesiak kenduko dizkiola erran du. Egun horretan bukatuko da Paueko administrazio epaitegiak Kaskarotenea ikastolak gaur egun duen egoitza uzteko eman zuen epea. Mehatxu berri horren aurrean, Seaskak beste konponbiderik izan arte ez duela gaur egun erabiltzen duen gunea utziko erran du, eta elkartasunerako deia egin du.

Seaskak, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak, ikasturte hasierako agerraldia egin zuen atzo, Donibane Garazin. Gai nagusia Ziburuko ikastola izan zen; izan ere, orduan eman zuten jakitera Guy Poulou Ziburuko auzapezak Seaskari igorri zion gutunaren mehatxua. Bertan argiki erraten du gaur egun ikastola kokatzen den Marinelako gunea astearterako utzi ezean ura, argindarra eta hezkuntza zentroa babesten duten hesiak kenduko dituela. «Haurrak horrela tratatzea onartezina da», salatu zuen Paxkal Indo Seaskako presidenteak.

Ikastolen federazioko kideek, mehatxu hori gorabehera, konponbiderik ezean tokia ez dutela utziko berretsi zuten. Hori dela-eta, elkartasunerako deia egin zuten. Alde batetik, ur botilak eta elektrizitate sorgailuaren alokairua ordaintzeko. Bestetik, epaileak asteartean gunea utzi ezean egun bakoitzeko ezarri zuen 100 euroko isuna ordaintzeko. «Euskal Herriko elkarte eta ikastola guztiei laguntza eskatzen diegu, baita norbanakoei ere; ikastola biziarazi behar dugu», dei egin zuen federazioko presidenteak.

Ikastolen federazioa abokatuarekin aztertzen ari da Herriko Etxea auzitara eramateko aukera, haurrak arrisku egoeran jartzeagatik. «Ez dezala ahantz ziburutar haurrak direla», baieztatu zuen Indok. Bereziki nabarmendu zuen hesiak kentzeak ekartzen ahal duen arriskua, ondoan den Marinela eskolan berritze lanak egiten ari baitira.

Kaskarotenea ikastolako guraso batzuk Isabelle Dubarbier zinegotziarekin bildu ziren, baina ez zuen inolako proposamenik egin. «Argi da Poulouk ez duela ikastola bat nahi Ziburun», salatu zuen Indok. Bitartean, ikastolako ordezkariek beste konponbide baten bila segitzen dute.

Hazkundea

Arazoak arazo, Seaskako ikastoletan ikastea deliberatzen duten gurasoen kopuruak gora egiten segitzen du urtero. Aurten 3.220 ikasle izango dira ikastolen federazioan, iaz baino 137 gehiago. Indok kopuru horien garrantzia azpimarratu zuen: «Poz handiarekin hartu dugu berria, horrek erran nahi baitu egin dugun apustua ona dela, jendeak murgiltze eredua eta hezkuntza kalitatea baloratzen dituela».

Hazkundea maila guztietan ari da gertatzen, txikienetatik lizeoraino. Haurrek etorkizunerako duten garrantzia nabarmendu zuen: «Gaur egun hiru urteko haurrak bost aldiz gehiago dira 16 urtekoak baino».

Ikasle kopuruaren igoerak toki arazoak ere sortzen ditu ikastola anitzetan, horietariko bat da Donibane Garazikoa. Horregatik, atzoko agerraldia bertan egitea deliberatu zuen federazioak. Duela hamar urte egin zen ikastola hogei urterako aurreikuspenarekin, baina hazkundea hain izan denez handia, jada espazio arazoak daude.

Azpiegituren arazoa «Seaskaren krisia» bezala definitu zuen presidenteak: «Ikastolak handitu edo egitea zaila dugu publikoki ezin delako finantzatu `Falloux legearengatik' eta Eusko Jaurlaritzaren dirua ez delako heltzen. Ez da aterabiderik».

Ikasturte honetan abian ezarri den lau egun eta erdiko erritmoen erreformak hainbat tokitan arazoak eragin baditu ere Paxkal Indok irakasle eta gurasoak eskerrak eman zituen, aldaketak egiteko «zein azkar eta zein ongi» aritu diren ikusita.

Ikasle gehiago

Aurreko urteetako joerari jarraituz, aurten ere gora egin du Seaskako ikasleen kopuruak. Horrek arazoak ekartzen ditu azpiegiturak behar direlako eskaerari erantzun ahal izateko.

Eskola katolikoetan ere euskara gora egiten ari da

Ipar Euskal Herriko hezkuntza sare katolikoak ere bere ikasturte hasierako datuak eman ditu. Orotara 16.500 ikasle biltzen dituzte, joan den ikasturtean baino 150 gehiago, nahiz eta Hezkuntza Ikuskaritzak haien kopuruek behera egingo zutela aurreikusi zuen. Ikastoletan ikusten den gorakada, sare publiko eta pribatuko hezkuntza elebidunean ere nabarmen agertzen da. Horrela, 100 ikasle gehiago izaten dituzte ikasturte bakoitzean.

Orain arte murgiltze eredua eskaintzen zuen bakarra Seaska zen, baina duela urte batzuk lehen mailetan euskara hutseko hezkuntza eskaintzen hasi dira hainbat eskola publiko eta pribatutan. Sare pribatuko hamabost eskoletan euskaraz soilik ari dira ikasleak lehen urteetan. Hamar eskoletan lehen bi urteetan dira euskara hutsean, eta beste bostetan ama-eskola osoan zehar egiten da, hau da bost urtera arte.

Lau egun eta erdiko klasea ezarri duen erritmo erreforma zentro publikoetarako baino ez denez derrigorrez betetzekoa, Ipar Euskal Herrian diren 51 eskola katoliko pribatuetatik soilik seik deliberatu dute plantan ezartzea. I. E.