GARA DONOSTIA

Gipuzkoak urteko lehen zazpi hilabeteetan jasotako materia organikoa bikoiztu egin du

Bi faktorek eragin dute, Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuaren arabera, materia organikoaren bilketan gertatu den «aldaketa sakona»: herrietan sistema eraginkorrak ezartzeak eta herritarren ahaleginak.

Gipuzkoak bikoiztu egin du materia organikoaren bilketa aurtengo lehendabiziko zazpi hilabeteetan, iazko aldi berarekin konparatuta. Guztira 13.294 tona materia organiko jaso ditu lurraldean 2014 honetan konpostatzeko.

Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatuak erakusketa bat inauguratu zuen atzo Donostiako Alderdi Ederren, hondakinen gaian herritarrek egin duten aldaketa eskertzeko. Ekitaldian azaldu zuenez, bi faktore nagusik eragin dute «aldaketa sakon» hau materia organikoaren bilketan: alde batetik, herrietan hondakinak bereizi eta bakoitza bere tokian jasotzeko sistema eraginkorrak ezarri izanak, eta bestetik, herritarren konpromiso eta ahaleginak.

Zabor gutxiago

Efe eta Europa Press agentziek adierazi zutenez, Gipuzkoan zabortegietara gero eta zabor gutxiago bidaltzen dela jakinarazi zuen Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak. Urte honetako lehenbiziko zazpi hilabeteetan joan den urteko epe berean baino %10,2 gutxiago. 101.908 tona eraman dituzte aurten; iaz, aldiz, 113.507 tona. Zaborra murrizteko joera horrekin jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten herrialdean 170.000 tona errefus inguru sortuko direla aurreikusten du, hau da, orain dela zazpi urte baino %38,5 gutxiago.

Bide onetik

Datuok mahai gainean izanik, Iñaki Errazkinek adierazi zuen Gipuzkoa «bide onetik» doala hondakinen bilketaren auzian. Hori esatearekin batera, esker ona agertu nahi izan zien foru diputatuak arlo honetan «gauzak ongi egitea» erabaki duten «milaka eta milaka gipuzkoarrei».

Ingurumen eta Lurralde antolaketako diputatuak nabarmendu zuenez, herrialdean «aldaketa sozial» bat gertatzen ari dela ikusten da. Jendea bere ohiturak moldatzen ari da Errazkinen ustez, hondakinak bereizten, konpostatzen eta arduraz jokatzen ikasiz.