LATINOAMERIKAREN BIDEA HAUTETSONTZIETAN

Hauteskundeak Uruguain eta Brasilen, burujabetzari eutsi nahian

Latinoamerikak bere bideari eutsi diezaion bi hitzordu garrantzitsu dituzte gaur Brasilen eta Uruguain. Lehenengoan Dilma Rousseff egungo presidenteak irabaziko dio Aecio Neves eskuindarrari, aste honetan ezagutzera eman diren inkesten arabera. Uruguain, berriz, Tabare Vazquez Fronte Zabaleko hautagai eta presidente ohiak lortuko luke garaipena, baina botoen %50era iritsi gabe, eta herritarrek azaroaren 30ean itzuli beharko lukete hauteslekuetara.

Kontinenteko potentzia nagusian presidente berria aukeratuko dute Rousseff ezkertiarraren eta Neves eskuindarraren artean, bi hautagai horiek iritsi baitira gaurko bigarren itzulira. Hegoaldean duen herrialde txikian, Uruguain, berriz, ez da gaur erabakiko presidente berriaren izena, begirale guztiek baitiote bigarren itzulia egin beharko dela Tabare Vazquez Fronte Zabaleko eta Luis Alberto Lacalle Pou Alderdi Nazionaleko hautagaien artean.

Bi herrialdeotan ezkerra egon da agintean azken urteotan, «ezker pragmatikoa» begirale askoren hitzetan, «ezker erradikala» Bolivian, Venezuelan eta Ekuadorren agintzen ari denari esaten baitiote. Edonola ere, ezkerraren printzipioak gobernu bakoitzak zein puntutaraino betetzen dituen eztabaidatzea baino garrantzitsuagoa da herrialde horiek AEBen morrontza atzean utzi eta beren bide propioari eustea erabaki zutela konturatzea. Eta hori da, asko kostata eta hamarkada askotako lanari esker, lortutako burujabetza, gaurko botazioan gal dezaketena.

Brasilen Dilma Rousseff PT Langileen Alderdiko hautagaiak hilaren 5eko lehen itzulian irabaztea lortu zuen, baina bigarren itzulia saihestuko zukeen botoen %50era iritsi gabe.

Kanpaina osoan zehar inkesten arabera bigarren postuan egon zenak, Marina Silva «ekologista» eskuindarrak, brasildar askoren konfiantza galdu zuen azken astean eta azkenean hirugarren geratu zen, Aecio Neves PSDB Brasilgo Sozialdemokraziaren Alderdiko hautagaiaren atzetik, alegia. Alderdiaren izenak ez du irakurlea nahastu behar, herrialde askotan gertatzen den moduan, Brasilen ere «sozialdemokrata» izenarekin aurkezten baitira hautagai kontserbadoreak, herrialdeko abera- tsenen eta hedabide handien sostengu osoa dutenak.

PTk gora, Burtsak behera

Horregatik, inkesten arabera Nevesek atzera egin duenean, Sao Pauloko Burtsak ere behera egin du. Aberatsek ez dute inola ere nahi PT alderdiak agintzen jarraitzea.

Joan den astelehenean Datafolha eta Vox Populi etxeek egindako inkesten emaitzak ezagutarazi ziren. Horien arabera, Rousseffek botoen %52 bilduko lituzke, eta %48 baino ez Nevesek. Datu horiek ezagutzera eman ostean, Sao Pauloko Burtsak %3,44 egin zuen behera lehen egunean (%5,94, bigarren eguna ere kontuan hartuta). Argi geratzen da dirudunek nahiago dutela Nevesen garaipena.

Rousseffek galduz gero, Brasileko makina bat konpainia publiko, Petrobras eta Brasileko Bankua, esaterako, pribatizatu egingo lituzke agintari berriak. Ideia horixe erabili du azken astean PTko hautagaiak. Rousseffek gogora ekarri du Arminio Fragak (Aecio Nevesen Ogasun ministroa izango litzateke, berak irabaziz gero), Pernambuco estatuko Banku Zentralaren buru izan zenean, Gobernuaren finantza-erakunde guztiak desegin zituela.

«Herritarrek aukera egin behar dute bankarien hautagaiaren eta brasildarren hautagaiaren artean. Aecio ez da gizon errespetagarria, berak ez baitzuen presidentea errespetatu telebisatutako eztabaidetan», adierazi berri du Luiz Inacio Lula da Silva presidente ohiak, oraindik ere botoak biltzeko PTk duen aurpegirik onenak. Bihar beteko ditu 69 urte eta opari moduan honakoa eskatu die herritarrei: Dilma Rousseffen garaipena.

Uruguain ere ez dago batere argi nork irabaziko duen. Jose Mujica egungo presidenteak «Pagina 12» Argentinako egunkariari aste honetan bertan esan dionez, «bideari eutsiko diogu», Tabare Vazquez Fronte Zabaleko hautagaiak irabaziko duelakoan. «Garaipena lortuko dugula uste dut, Fronteak agintzen duenetik herritar asko lehen baino askoz hobeto baitago, eta hori jendeak kontuan hartzen du», esan du.

Frontearen lorpenak

Mujica eta Vazquezen indar politikoak hamar urte egin ditu agintean eta harro erakusteko moduko lorpenak aipatu ditzake orain: iaz %4,4 egin zuen gora Uruguaiko BPG barne produktu gordinak, herrialdeak hazkunde ekonomiko aipagarria izan du azken 11 urteotan eta pobreziak behera egin du.

«Pobreei laguntzeko asko egin dute, baina ez dira konturatu pobreei laguntzeaz gain, erdi mailako klaseari ere mesede egin behar diotela, eta hori askoz ere zailagoa da ekonomia hain bizkor ez dabilenean», adierazi dio France Presse agentziari Erick Langer AEBetako Georgetown Unibertsitateko historialariak.

Inkesten esanetan, Tabare Vazquezek botoen %43 inguru bilduko ditu gaur, Alderdi Nazionaleko (alderdi «zuria») Luis Lacallek %34, eta Alderdi Gorriko Pedro Bordaberryk %15. Alderdi «gorria» eta «zuria» dira indar tradizionalak Uruguain, eta Fronte Zabala da bere burua ezkerrean kokatzen duen bakarra, nahiz eta ezkerretik ere makina bat begiralek gauza asko kritikatzen dioten.

Inkestek diotena betez gero, bigarren itzulira Vazquez eta Lacalle iritsiko dira. Alderdi Nazionalekoak dagoeneko iragarri du Bordaberryrekin negoziatzeko prest dagoela. «Elkarrekin hitz egin beharko dugu, ez bakarrik hauteskundeak irabazteko, baizik eta gehiengo bat eraikitzen hasteko», esan du Lacallek, azaroaren 30erako bat egin beharko dutela aditzera emanez.

beste bozketak

Uruguaiko boto-emaileek bertako Parlamentuko bi ganberetako kideak ere aukeratuko dituzte gaur. Inkestek iragartzen dute Fronte Zabalak bietan duen gehiengoa galdu egingo duela.