GARA

Ebolak elikadura krisia eragin dezakeela ohartarazi du NBEk

Ebolaren ondorioz, Mendebaldeko Afrika elikadura krisi larria pairatzeko zorian dagoela ohartarazi du NBEk. «Milioi bat pertsonak baino gehiagok elikatzeko laguntza behar dute», adierazi du.

Nazio Batuetako Elikatzeko Eskubiderako kontalari bereziak, Hilal Elverrek, ebolak Mendebaldeko Afrikan elikadura krisi larria eragin dezakeela ohartarazi zuen atzo: «Epidemia gehien zabaldu den herrialdeetan, kutsapenak murrizten saiatzearekin batera beste erronka bat dute, adituen aurreikuspenen arabera, milioi bat pertsonak baino gehiagok elikatzeko laguntza beharko baitute».

Izan ere, nekazari askok ebolak kutsatzearen beldurrez beren lurrak utzi dituztela aipatu zuen. Nekazari gutxiago egoteak arrozaren eta artoaren uztak –funtsezko elikagaiak Mendebaldeko Afrikako herrialdeetan– murritzagoak eta, ondorioz garestiagoak, izango direla gaineratu zuen.

Herrialdeen arteko mugen itxierak, atzerriko inbertsioaren jaitsiera nabarmenak eta eskualdeko merkataritzak behera egin izanak milaka familien erosteko ahalmena kaltetu du.

Hori dela-eta, urritasun hori arintzen laguntzeko dei egin zion nazioarteko komunitateari. Izurriteak jada 4.950 pertsona baino gehiago hil ditu urte hasieratik hona eta 14.000 kutsatu dira Sierra Leonan, Liberian eta Ginean.

Desnutrizioak gora

Gosearen Kontrako Ekintzak (ACH) ebolak gose direnen kopurua handitu dezakeela ere ohartarazi zuen atzo. Aditzera eman zuenez, 700.00 pertsona gehiagok gosea izango dute. Dagoeneko, bost milioi pertsonak pairatzen dute elikagaien segurtasun falta.
«Ebola herrialdeen osasun sistema suntsitzen ari da, baita krisialdi ekonomikoa eragiten ere. Atzerapausoa izugarria da», nabarmendu zuten.

Baikorra izanda ere, «hazkunde ekonomikoa nabarmen jaitsiko da eta desnutrizioaren eremuan espero genituen aurrerapenak ez dira beteko. Testuinguru okerrenean, elikatu gabekoen kopurua duela bost edo sei urteko mailara igo daiteke», plazaratu zuen.
Munduko Osasun Erakundeak aditzera eman zuenez, Malin ebolak bigarren pertsona hil du. Dena den, herrialdea gaixotasunari aurre egiteko gai dela esan zuen.