02/01/2015

Lituania euroa erabiltzen hasi da herritarren zalantza eta kezka artean

Atzotik euroa da Lituaniako diru ofiziala, nahiz eta hurrengo asteetan oraindik ere litasetan ordaintzeko aukera izango den. Algirdas Butkevicius lehen ministroa diru berriak Europan bideak irekiko dizkielakoan dago; herritarrek zalantza gehiago dituzte, ordea.

GARA
19 HERRIALDE. Guztira 19 dira euroguneko dirua erabiltzen duten herrialdeak eta epe laburrean ez da aurreikusten besterik sartzea, falta diren EBko herrialdeek gutxienez bi urte beharko baitituzte horretarako.

Gauerdia pasa eta minutu gutxi batzuetara atera zen lehenengo hamar euroko billetea Vilniuseko (Lituania) kutxazain automatiko batetik, hain zuzen ere Algirdas Butkevicius lehen ministroaren eskutik. Horrela, hiru milioi biztanleko herrialde hau diru berria erabiltzen hasi zen atzo, nahiz eta datozen asteetan litasa -orain arteko dirua- erabili ahal izango duten ordaintzeko. Kanbioak, ordea, eurotan jasoko dituzte.

Lituania da hiru estatu baltikoetan azkena euroa diru gisa hartzen, Estoniak 2011n eta Letoniak 2014n egin baitzuten aldaketa. Europan guztira 19 dira euroguneko dirua erabiltzen duten herrialdeak eta epe laburrean ez da aurreikusten besterik sartuko denik, falta diren Europar Batasuneko herrialdeek gutxienez bi urte beharko baitituzte horretarako.

Horrelako aldaketekin gertatu ohi den bezala, herritarren artean bada zalantza edo mesfidantza agertzen duen sektore bat. 2013. urtean hain zuzen ere, lituaniarren gehiengoa aldaketaren kontra agertu zen, baina abenduan argitaratutako eurobarometro baten arabera, oraingoan %63k babestu dute neurria.

Baikorrenek, enpresariak esaterako, euroguneak negozioak merkatu eta erraztuko dizkietela uste dute. Izan ere, esportazioen gehiengoa eurogunean egiten dutela kontuan izanik, transferentzia gastuak garesti irteten zitzaizkiela nabarmentzen dute gehienek. Euroarekin kostu horiek murriztuko dituztelakoan daude.

Bestalde, herritar ugarik kezkaz hartu du aldaketa, prezioen igoera ekarriko duela uste baitute. Hain justu, hainbat dendatan produktuen kostua borobiltze aldera prezioak igo dituztela salatu dute hainbat herritarrek. Horren harira, defendatzen dute euroa diru gisa hartzearen kostuak ezin direla kontsumitzailearen bizkar gainera erori.

Gobernua, baikor

Lituaniako Gobernuak baikor begiratzen dio aldaketari, merkataritza indartuko duela sinetsita. Era berean, zorpetze kostuak erortzea espero dute, herrialdeari %15eko atzeraldi ekonomikotik suspertzen laguntzeko.

«Euroak gure segurtasun politiko eta ekonomikoa bermatzeko balioko du, bideragarritasun ekonomiko handiagoa, enpleguaren sorrera eta gizarte ongizate handiagoa eskainiko dizkigu», adierazi zuen Butkeviciusek.

Petras Austrevicius eurodiputatuak ere begi onez ikusten du aldaketa Errusiarekin dauzkaten tentsioen erdian Europan indarra hartzeko bidea izango delakoan.