Mikel Zubimendi
Kontrakronika | Atxiloketak Madrilen

Kafka Torrejon de Ardozen

Epaitu behar zituzten ezker abertzaleko kideek herenegun Madrilen bizi izan zutenari erreparatuz gero, Espainia dekadentzian den esperpento totala dela pentsa liteke. Edo labezomorroek zuzentzen duten Estatu kafkiano mendekatia. Karikatura kixotesko purua.

Valle-Inclanek aspaldi esan zuen Espainia zibilizazioaren deformazio groteskoa zela, inteligentzia gutxiesten zuela, Legenda Beltza zela bere historia eta jokabidea, zirkulu danteskoa. Horrek, jakina, ez gaitu euskaldunok kontsolatzen. Ez du gure izenaz eta izanaz ongi hitz egiten ere, mendez mende, gudaz guda, belaunaldiz belaunaldi haren mende, haren portaera zitala larrutik ordaintzen segitzen dugulako. Ez dugulako asmatu Espainiagandik nola askatu eta, ikusiak ikusita, behingoz eta betiko, badugulako ordua horretan asmatzeko.

Astelehenean hastekoa zen ezker abertzaleko hamarka kideren kontrako enegarren makroepaiketa. Aurretik ehunka euskal militantek egin bezala, igande gauetik joanak ziren Madrilera. Torrejon de Ardozen ostatu hartu, eta goizean goizetik ekitekoak ziren hilabete luzeetako epaiketaren aurreneko saioari.

Goizean, baina, zer eta, Guardia Zibilak hartu zuela hotela, atxilo eraman nahi zituelako bertan zeuden hiru abokatu. Euskaldunak zeuden geletako atarietan guardia zibil kaputxadunak paratu, atea ireki zutenei «itxi eta sar hadi gelan!» mehatxatzaile esanez, pasilloetan guardia zibil artaldea gora eta behera eta, epaiketa hasi baino hiru ordu lehenago, ia hogei auzipetu abokaturik gabe zeuden.

Ordu batzuk geroago Auzitegi Nazionalean azaldu beharra zuten abokatuak atxilo hartu zituzten. Harrigarria, ulertezina zitzaien bertaratu ziren kazetari frantsesei. «Nola da posible?», galdetu zuen batek, «non dago defentsa eskubidea?» besteak. #JeSuisBasque etiketaz bete ziren ordurako sare sozialak.

Auzipetuek, susto ederra pasata, Madrilen eta Euskal Herrian atxilotu zituzten lagun eta minkideekiko kezka eta amorrua bularrean ezin bilduta, fiskalaren tramite kafkianoa pasa behar izan zuten: «Jarraitu nahi ahal duzue epaiketarekin?», itaundu zien... Abokaturik gabe!? Halako inposiblea galdetzea ere!

Bestela ezin zitekeen moduan, azkenean, epaiketa bertan behera geratu zen. Noiz arte? Batek jakin! Kontua baita euskaldunen kontrako makroepaiketa hauetan kalkulu politiko eta irizpide estrategikoak baino, sarritan, azpiegitura arazo bat egoten dela, hots, denbora luze batean espazio handi bat erabilgarri egoteko beharra. Egongo dira, badaudenez, epaileen arteko tirabira eta ezinikusiak, albistegietan karrera egiteko egarriak eta beste. Baina epaigelatzar bat ez dute beti eskura eta, askotan, hori izan ohi da ustez arazo juridiko korapilatsuak diruditen horien esplikazio sinplea.

Savaterrekin bazkaria

Euskal Herrian sekulako sarekada martxan zela, libre geratu ziren abokatuekin egoera eta aurrera begirakoak bilera azkar batean aztertu eta lehenbailehen hartu zuten etxerako bidea.

Hala ere, Kafkak apur batez ez zien agur esan. Aranda de Dueroko Tudancako restopeko jatetxean geratu ziren atseden pixka bat hartu eta bazkaltzera. Eta zein azalduko mahai ondora, eta guardia zibilen lagun min Fernando Savater filosofo ultra aski ezaguna. Irribarretsu, bizkartzainik gabe, patxada betean.

Metafora hori gogoan, pentsamenduak buruan bor-bor eta emozioak bihotzean taup-taup, Euskal Herrira iristear kontrako norabidean zer ikusiko eta Guardia Zibilaren konboi bat atxilotuak Madrilera eramaten. Batzuk etxerako bueltan, besteak Madrilera atxilo. Horra gurpil zoro makabroa! Bai, madarikatuak izan daitezela hori biratzen dutenak eta beren kalkulu zitalak.