17/01/2015

Reportaje
 
Euskal Herriko laborantza ganbera, hamar urte bide propioa eginez

Hamaika gorabehera eta borrokaren ostean, duela hamarkada bat ilusioz hasitako ibilbidea gogoratuko dute bereziki, gaur, Ainhize-Monjoloseko egoitzan EHLGk egingo duen biltzar eta ospakizunean. Hasieratik elkarteak gidari duen Mixel Berhokoirigoinek kargua beste kide baten esku utziko du, baina zuzendaritzan lanean segituko du.

Arantxa MANTEROLA
P024_f01

ELB sindikatuaren aspaldiko aldarrikapena zen euskal laborantza ganbera propioa izatea, besteek dituzten eskumenekin baina lurraldeko nekazaritzaren berezitasunei egokiturikoa. Molde desberdin ugaritan egindako eskakizunek fruiturik ematen ez zutela ikusita, 2004an ganbera propioa sortzea deliberatu zuen. Hala, hurrengo urteko urtarrilaren 15ean sortu zen Euskal Herriko Laborantza Ganbera (EHLG).

Erditzea eta lehen urteak ez ziren baretsuak izan. Ateak zabaldu baino lehen prefetaren mehatxuak gainean zituzten eta hark fite egikaritu zituen bere oharpenak. Nekazaritza ganbera ofiziala ordezkatu nahia leporatzen zion elkarteari, bai eginmoldeetan, bai izendapenean, baita eginkizunetan ere. Hortaz, bertako laborantza, laborariak, lurraldea eta garapen ekonomikoa sustatzeko sortutako egitura legez kanpokoa zen, Estatuko ordezkariaren iritziko.

Norgehiagoka latza izan zen. 2008an prefetak EHLG eta bere lehendakaria auzitegira eraman zituenekoa izan zen tentsio unerik gorena. Estatuko oharpenei men egin ez, eta beren bidea segitzeagatik 15.000 euroko isuna eta Berhokoirigoinentzat urtebeteko espetxe zigorra eskatu zuen. Prozedura luzea izan zen eta denbora horretan guztian, gizarte mobilizazio bikaina izan zuten bidelagun. 2009ko urtarrilaren 29an Baionan egindako epaiketan errugabetzat jo ostean, prefetak jarritako helegitea medio, Paueko auzitegian errepikatu zen auzia urtebete geroago. Azkenean, 2010eko maiatzean amaitu zen, nagusiki, EHLGren kontrako erasoa, eta hortik goiti bost urtetan izandako beste erasoak (zenbait erakunderen boikota, Paueko Laborantza Ganberaren salaketa, debekuak, laguntza ematen zieten herritarren eta herriko etxeen aurkako prozedurak...) apaltzen joan ziren.

Hori guztia gertatzen ari zen bitartean eta traba guztien gainetik, EHLGk bere egitekoari ekin zion, eta urteetako lanaren poderioz, legitimotasun eta sinesgarritasun handia lortu du bai herritarren artean, bai erakundeetan, eta beharbada garrantzitsuena, baita laborarien artean ere.

Berhokoirigoinek berak adierazi du hori hamar urteko ibilbidea baloratzean: «Legalitateaz gain, legitimitatea irabazi behar genuen. Eta irabazi dugu». Izan ere, berezko laborantza ganberaren premia argi zuten jendeaz gain, mesfidati edo sinesgogor ziren asko ere hurbildu zaizkie. Are gehiago, sektore bereko egitura eta erakundeek, Paueko Laborantza Ganbera bera barne, aintzat hartzen dute EHLGk egiten dituen ekarpenak. «Erakundeek eta herriko etxeek sistematikoki kontsultatzen gaituzte. Egun, normaltasunez hartzen gaituzte, beste eragile bat bezala», berretsi du EHLGko lehendakariak.

Onarpen sozial eta politikoaren adibide ikusgarriena duela bederatzi urte sustatu zuten Lurrama da, «laborantza jasangarri eta herrikoiaren erakusleihoak» urtero-urtero izaten duen arrakasta.

EHLGko buruak ez du uste, ordea, beren helburu guztiak erdietsi dituztenik. Elkartea izaten jarraitzen dute eta horrek erabakiguneetan ordezkariak izateko edo baliabideak erdiesteko lana areagotu egiten du. «Ganbera ofizial baten aldeko borrokak indarrean segitzen du. Gure lan eta presentziarekin erreferente bilakatzen ari gara, baina instituzio bat izatera iristeak beste maila globalago batetik izan beharko du, Ipar Euskal Herriko esparru instituzionaletik, alegia. Laborariek bakarrik ez dute lortuko. Nekazaritza mailako erakunde publiko bat sortzea zaila izango da, beste guztia mugitzen ez bada (...) Biak lotuta daude», nabarmendu du, horregatik, besteak beste, Garapen Kontseiluan eta Batera plataforman lanean segitzen dutela gogora ekarrita.

Etorkizunari begira

Gibeleko tirabirak eta zailtasunak ahaztu gabe baina hasieran zuten ilusio berberarekin eutsiko diote etorkizunari. Berhokoirigoinek lehendakaritza utziko du, «beste belaunaldiek ere beren tokia har dezaten», baina zuzendaritza taldean lanean segituko du.

Proiektuak eta egitasmoak ez zaizkie falta, hala ere. Oraintsu aurkeztu berri dute Ipar Euskal Herriko nekazaritzaren «nortasun agiria» izan nahi lukeen lanaren lehen bi txosten oso mamitsuak. Datu gehiago bilduz eta eguneratuz, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko laborantzaren behatokia sortzea dute xede.

Kalitatezko ekoizpenak sustatu, energia eta klimaren erronkei erantzun, laborariak egoera berri horietara egokitzen lagundu, etxaldeen gainbehera geldiarazi, laborari gazteen instalatzea bultzatu... horratx aurrean dituzten erronkak. Guztien ardatz, hasierako helburuei eutsiz, jakina: ingurumena, laboraria eta kontsumitzaileak errespetatu eta lurraldea biziaraziko duen laborantza herrikoia iraunaraztea. Bejoindezuela!

Sendotzen doan sei hostoko lorea

EHLGren logotipoko sei hostoko loreak elkartearen lan ardatzak irudikatzen ditu eta, geziak, berriz, beti aurrera segitzeko borondatea. Autonomia da lehen ardatza, bai maila teknikoan, bai ekonomikoan bai finantzarioan. Bigarrenik, agroindustriatik aldenduz, ustiatze xumea bultzatzea, era horretan ahal bezainbat laborariri ogibidea eman eta ekoizteko nahikoa bitarteko izan dezaten. Hirugarren lore-hostoak iraunkortasuna islatzen du, baserrien transmisioa edo eskualdatzea bermatzeko xedea duena. Laugarrenak, naturarekin harremanean eta errespetuan eta baliabideak zainduz lan egiteko printzipioa irudikatzen du eta bosgarrenak, kalitatea, ekoizpen ahalik eta osasungarrienak eskaintzeko. Azkenik, seigarren hostoak lurraldearen garapenean laborariak eragile ekonomiko, sozial eta kulturala direla adierazten du. A.M.

5 urte. Gatazkan eman zituen Estatuarekin, auzitegiek behin betiko legaltasuna aitortu zion arte.