EDITORIALA
EDITORIALA

Errautsetatik piztu nahi duten arduragabekeria

Hauteskundeak ate joka, kanpainari ekin diola agerian utziz, menturazko baieztapena egin du Markel Olano EAJko Gipuzkoako hautagaiak berriki, arinkeriaz egin ere: bere alderdiak irabazten badu, Zubietako errauste planta eraikiko duela, hain justu. Bide horretan, baliteke PSEren onespena izatea, Denis Itxasok atzo adierazi baitzuen ez duela errauste planta egiteko aukera baztertzen. Gipuzkoako foru gobernuaren aurka erabili duten makineria abian da berriz. Gertaerek, ordea, proiektu hori polemikaz eta irregulartasunez inguratutakoa dela erakutsi dute, kalteak herritarrek eta beren diru kutxak ordaindu dituztelarik.

Olanok oraindik orain esan duenez, Bilduren «kudeaketa txarrak» zaborren inguruko arazoa eragin du Gipuzkoan. Arazoa, ordea, ez da legegintzaldi honetakoa. Buruhauste zaharra da. Aurreko gobernuak, EAJ buru zuela, errauste plantaren aldeko apustua egin zuen, herritarren iritzia aintzat hartu gabe, protestei muzin eginda eta errausteak dituen osasun arriskuak ezkutatuta. Tamainako arduragabekeria horren baitan hauteskunde bezperan kontratatu zituzten finantza produktu toxikoen ondorioz hamasei urtean hilero 670.000 eurotik gora ordaindu beharraren erantzukizuna oraingo gobernuari leporatzea nahikoa ez, nonbait, eta hori eragin duen zentzugabekeriari heldu nahi diote berriro ere. Aitzitik, Olanoren hitzek aurreko legegintzaldiko proposamenak argi-ilun ugari zeuzkala mahaigaineratu dute. Izan ere, erraustegiaren eraikuntzari ekitekotan tamaina egokitzea aztertuko dutela esan zuen, nahi gabe agian, lehenengo proposamena gaindimentsionatuta zegoela onartuz. Zergatik ez zuten, bada, bere garaian aztertu?

Atez ateko bilketa kentzen saiatuko dela ere esan du Olanok. Birziklapen tasa handiena lortzen duen sistema dela kontuan izanik, argi dago eraginkortasuna eta jasangarritasuna ez direla lehen mailako helburuak. Gainera, inongo eztabaidarik ireki gabe aurkeztu dute egitasmoa. Paradoxikoa, oraingo gobernuari horixe leporatzen diotela kontuan izanda. Guztiarekin, arduraz jokatzea da exijitu litekeen gutxienekoa, dagoeneko garestiegi ordaintzen ari dena hondamendi bihur ez dadin.