08/02/2015

Euskara babestu eta indartzeko arkitektura juridiko berri bat behar dela ondorioztatu dute
GARA DONOSTIA
P018_f02

Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk antolaturiko «Hizkuntza eta Lurraldea. Erronkak & Tresnak» II. jardunaldietan ateratako ondoriorik nagusiena «euskara babestu eta indartzeko arkitektura juridiko berri bat beharrezkoa dela» izan da.

Aipatutako jardunaldietan 150 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten, eta bertan, besteak beste, azterketa sozioekonomiko eta soziolinguistikotik eratorritako datuak erakutsi, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresna aurkeztu, horrek Tolosaldean izan duen aplikazioa ezagutu eta Katalunia eta Balear uhartetako egoerak aztertu zituzten. Gauzak hala, «hizkuntzaren biziraupenerako euskararen arnasguneak babestea ez ezik, bihotz-gune ezinbesteko horiek zabaltzea helburu duten ekimenei aterki juridikoa ematea beharrezkoa da», ondorioztatu zuten.

Zazpi ondorio nagusi atera zituzten jardunaldietan, eta horiekin batera, erronkak. Hala, udalerri euskaldunek hizkuntzaren normalizazioan duten estrategikotasuna kontuan hartuta, politika berezituak abiaraztea hartu zuten erronkatzat.

Bestalde, «gaur egungo hizkuntza politiketan aldaketak eman behar dira udalerri euskaldunetan euskararen erabateko normalizazioa ahalbidetzeko», eta «euskal komunitatea suspertuko duten parte-hartze dinamika eraldatzaileak martxan jartzea» ondorioztatu zuten.

«Ekologiak baliatzen dituen tresnak, kontzeptuak, babes teknikak eta esku-hartze baliabideak hizkuntza berreskurapenaren zerbitzura ekartzea» ere aipatu zuten.