J.L.
sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Ñapurrak taldeak bere hautagaitza indartu egin du mutilen 600ekoan

Ezpeletako Ñapurrak taldeak irabazi zuen 600 kiloko bigarren jardunaldia, eta txapela lortzeko ere faborito nagusia bihurtu da, nahiz eta azkeneko ekinaldian ere emaitza errepikatu egin beharko duen.

Lapurtarrak izan ziren Bilboko ekinaldiko onenak. Lehen jardunaldian Ibarra izan zen bigarren sailkatua, eta bazirudien bera izan zitekeela grisei aurre egin liezaiekeen talderik bakarrenetakoa, baina oraingoan Muruetak aurre hartu zion, eta bizkaitarrek amaitu zuten bigarren postuan.

Oraingoan Ibarrak hirugarren bukatu zuen, baina berdinduta Beti Gazterekin, elkarren arteko dema berdinean amaitu baitzen. Sokarrolak eskuratu zuen bosgarren postua, Abadiñok seigarrena eta Berriozarrek itxi zuen sailkapena.

Nesketan, Ibarrak eskuratu zuen 375 kiloko lehen jardunaldia. Aurreko mailan ere garaipena berak lortu zuen, eta orain denboraldiko bigarren txapela ere lortu nahi dute tiralari gipuzkoarrek.

Gaztedik lortu zuen bigarren postua, eta garbi dago, gauzak asko aldatzen ez badira, eta horretarako oso tarte txikia izango dute, hiru jardunaldi besterik ez baitira, Ibarraren aurkari nagusia izango dela. Gaztedik oraindik beste bi aukera izango ditu moreak menderatzeko.

Hirugarren postua Badaiotzentzat izan zen. Lan ona egin zuten gasteiztarrek, baina aurreko biekin bi tiraldiak galdu egin zituzten, baina Berriozarri irabazi egin zioten. Nafarrek, aldiz, ezin izan zuten azkeneko postutik ihes egin.