Patxi GAZTELUMENDI
BILBO
Entrevista
VANESA FERNANDEZ
ZINEBI JAIALDIAREN ZUZENDARIA

«Munduan egiten diren film labur onenak Bilbon ikusteko aukera da Zinebi»

Irudi, soinu eta Mikeldi garaikur berrituekin, Vanesa Fernandezek zuzentzen duen Zinebi jaialdian emakumeek presentzia irabazi dute. Epaimahaiko kide denak emakumeak dira. Irandar emakume zuzendariei buruzko zikloa eta beste berrikuntza asko ere izango dira datozen egunotan Bilbon. Nazioarteko lan onak eta hemengo ikusle gazteak erakartzea dute xede, betiere bertoko begiradarekin munduari so eginez.

2018an hartu berri duzu Zinebi jaialdiko zuzendari ardura, zer moduz erronka berri honetan?

Oso ondo. Lehen programatzailea nintzen eta orain zuzendaria. Erantzukizunez, apaltasunez eta nola ez ilusio handiarekin hartu dut. Erronka profesional handia dela badakit.

Zinema jaialdi baten ardura emakume baten eskuetan dagoela atzeman daiteke?

Igarri daiteke eta igarri behar dela uste dut. Nazioarteko egoerari begiratuta, ez naiz lehenengoa; Mar de Platako jaialdia hasi berri den honetan, aipatzekoa da nazioartean garrantzitsuenetakoa dela eta bertan Cecilia Barrionuevo dela zuzendaria. Bera ere aurretik programatzailea izan zen. Suitzan ere, Locarnoko zinemaldian hurrengo urtetik aurrera emakume zuzendaria izango dute. Vienako festibala egin berri da eta hor Eva dago. Gurera ekarrita, Nafarroako Punto de Vista jaialdian Garbiñe Ortega dago. Estatu mailan ere, Andrea Guzmanek zuzentzen du DocumentaMadrid, Playdocen Sara Garcia dago… Modu natural batean, eta beharrezko zelako ere bai, emakumeak egon bagaude.

Izen asko aipatu dituzu, baduzue harremanik zuen artean? Badago sarerik? Beharbada kristalezko sabai bera, kezka eta arazo antzekoak izango dituzue guztiok.

Jaialdietara goazenean beti elkarrekin egoten gara. Aipatu ditudanak eta askoz gehiago ere, programatzaileak asko eta asko. Testuinguru honetan gure papera zein den izaten dugu hizpide, eta garrantzitsua dela gu hor egotea, zinema ikusteko ikuspuntua ere ezberdina delako. Sentsibilitate berezia agertzen dugu emakumearekiko, eta ez bakarrik horregatik. Normalean galdera bera egiten digute: «Zenbat emakume zuzendari eta ekoizle daude zure jaialdian?». Film laburretan eta animazioan emakumeak beti daude. Dokumentaletan beti historikoki emakumea oso eroso sentitu da, ez duzu industriaren menpekotasunik eta oso ekipo txikiak izaten dira.

Jaialdi honetako epaimahai osoa emakumeek osatua egotea asko kostatu zaizue?

Hiru epaimahai ezberdin ditugu, eta beti bezala Zinebiko programatzaile guztiak bilduta erabakitzen dugu hori; izen horiek atera ziren, eta nik hor 11 profesional ikusten ditut.

Agian aitzindaria da Zinebi horretan, ezta?

Ez dakit horrela den, nik neuk ez dut besterik ezagutzen, baina poztuko nintzateke beste jaialdiek ere hori egingo balute.

Zinema independentearen jaialdi bezala jotzen duzu zuk Zinebi. Zer funtzio betetzen du XXI. mendeko Bilbon?

Areto komertzialetara joatera ohituta gaude gu, baina hor programazio bat dago, hierarkia bat eta industriaren interes batzuk. Autore zinemaren presentzia txikia izaten da normalean. Film laburrak, opera primak eta dokumentalek leku gutxi izan ohi dute, eta Zinebi aukera ederra da mundu mailan egiten diren lan onenak ekartzeko. Zortzi egunez munduari zabalik dagoen leiho erraldoia da hau. Bestetik, Bilbon urtean zehar gauza asko dago zinema independenteari lotuta: Bilbaoarten ia egunero daude proiekzioak, Azkuna zentroan Zinemateka edo BideOtik daude, Arte Ederren Fakultatean ere gauzak eskaintzen dira, BBK aretoko programazioa, urtean zehar egiten diren beste jaialdiak…

3.777 film proposamen heldu dira aurten zuen eskuetara, eta, Euskal Herriko kasuan, dokumentalek gora egin duten neurrian, fikziozko lan gutxiago aurkeztu dira.

Nazioarteko jaialdietan gero eta dokumental gehiago ikusten da. Teknologia digitalak eskura jarri ditu ekipo eta tresnak. Demokratizazio digitala eman da. Zuzendari asko eroso sentitzen da hor lanean. Aurten ez dugu euskal animazio lanik aukeratu sail ofizialerako, baina badakigu hemengo zuzendariak lanean ari direla. Ez da kezkatzekoa.

Sistiagak eta garai batean Bilbon zinemaren alde jardundakoek Mikeldi saria eta omenaldi berezia jasoko dute aurten. 40 urte dira Sistiagak Zinebi saria film artistiko batekin eskuratu zuela gainera.

Zinema munduari lotuta egon dira guztiak. Hiriari ekarpen handia egiteaz gain, Zinebirekin ere lotura itzela izan dute Zunzunegi, Ernesto del Rio, Ramon Barea, Ortuoste, Rebolledo, Merikaetxebarria eta omenduko ditugun guztiek.

Sistiagari dagokionez, berak 1968an aurkeztu zuen bere lehen film laburra Zinebin, eta saria jaso zuen. Teknika berezia baliatu zuen, zeluloidea eskuz margotu zuelako. Omenaldi bezala Bego Vicariok eta bere lantaldeak lan berezia prestatu du. Sistiagari egindako elkarrizketa labur bat eta teknika bera baliatuz obra berezia aurkeztuko da Zinebin. Oso pozik nago.

Azkenik, Mikeldi sariaren irudiari dagokionez, zerbait garaikidea izatea nahi genuen eta Koldo Atxagari proposatu genion irudi berria egitea. Berak ere Sistiagaren ideia hartu eta zeluloidearen gainean margotutako logoa proposatu digu. Mikeldi garaikur berriak egin ditu Maite Leyunek eta Belakok musika prestatu du jaialdirako.

Kimuak eta Zinebi, eskutik helduta

Euskal Herrian Kimuak programa ere badago, eta zinegileak pozik daude festibal askotara zabaltzen direlako hemengo lanak. Zinebi eta Kimuak programaren artean harreman oso ona dagoela adierazi du Vanesa Fernandez Bilboko jaialdiko zuzendariak. «Oso ekimen interesgarria eta beharrezkoa da Kimuak. Elkarrekin lan egiten dugu. Zinebin egoten dira lanok, ni neu Donostiako Zinemaldira joaten naiz lanak ezagutzera». Nazioarteko beste jaialdi batzuetan “Karta zuria” deitzen den programa egon ohi da, eta Zinebiko arduradunei egokitu izan zaie egitarau propioa aurkeztea: «Duela gutxi Marseillan aurkeztu genituen hemengo lanak, berriki Madrilen ere sei saio egin ditugu film laburrekin, eta hor Kimuak programako Koldo Almandozen ‘Plágan’ eta Arte Ederren Fakultatean landutako ‘Areka’ aurkeztu genituen».P.G.