GARA
Berriz

Berrizen atxilotutako gizona espetxeratu dute

Berrizen astelehenean atxilotutako gizona, 27 urtekoa, espetxeratu egin zuten atzo Basauriko kartzelan, bere bikotekidea arma zuri batekin hiltzen saiatzeagatik. Arratsean mobilizaziora batu zen berriztar mordoa, eraso matxista salatzeko eta biktimari babesa adierazteko.

Astelehen honetan Berrizen atxilotutako 27 urteko gizona espetxeratu zuten atzo Basaurin bere bikotekidea arma zuri batekin hiltzen saiatzeagatik.

Segurtasun Sailak gogoratu zuenez, erasoa 19.00 aldera izan zen Berrizko belodromoaren inguruan. Atxilotutako gizonezkoak bere bikotekideari eraso zion, eta lesio larriak eragin zizkion lepoaldean. Zaurien ondorioz, Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten.

Erasotzaileak, gainera, handik ihes egitean berarekin eraman zuen haiekin zegoen haurtxoa. Hala ere, handik gutxira atzeman eta atxilotu zuten. Atxilotuak ustez erabilitako arma zuria, ganibeta, erasoa izan zen lekuan bertan aurkitu zuten.

Bizkaiko Aldundiak haurtxoaren eta biktimaren beste alaba baten ardura hartu du ama ospitalean dagoen bitartean.

 

Mobilizazioa arratsean

Hainbat erakundek eraso matxista salatu dute, eta jende andana bildu zen atzo Berrizko hirigunean emakumeari babesa adierazteko. Emakundek gogor salatu zuen eraso bortitza, eta deia luzatu zien herritarrei «euren gaitzespena azaldu dezaten, emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko herritarren jarrera aktiboa ezinbestekoa delako». Emakumeen aurkako indarkeria mendekotasunaren eta emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latz eta gogorrena dela gogorarazi zuen.