GARA
BAIONA

Prefetak neurriak gogortu ditu kostaldean

Kutsatze kopuruak gora egin ostean, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak kanpoaldean maskara erabiltzera derrigortu du kostaldeko zenbait herritan. Osasun egoerak okerrera egin ostean neurriak gogortzeko beharra adierazi zuen prefetak astelehenean argitaratu zuen idatzian eta, ondorioz, atzotik nahitaezkoa da maskararen erabilera Baiona, Angelu, Biarritz, Getaria, Donibane Lohizune eta Hendaiako kaleetan.

Aipatu herrietan musukoa eraman beharko dute 11 urtetik gorako pertsona guztiek goizeko 9.00ak eta gaueko 21.00ak bitartean. Haurrez gain, ezintasunen bat dutela adierazten duen ziurtagiri medikoa duten pertsonak ere musuko gabe ibili ahal izango dira kalean. Bestalde, aipatutakoez gain, Ipar Euskal Herriko herri guztietan maskararen erabilerak nahitaezkoa izaten jarraitzen du aire libreko merkatuetan, azoketan, kalean egiten diren ekimen kolektiboetan, kultur erakustaldietan, manifestazioetan eta jende pilaketak eragiten dituzten bestelako edozein ekintzatan.

Horrekin batera, Lapurdiko kostaldeko herri guztietan debekatua dago espazio publikoetan alkohola edatea.