Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Tenperatura hartu

Tenperatura hartzea bazen asmoa, oso argi dago emaitza. Termometroa ez da lehertu; baina ez zuen asko gehiagoren beharrik izango...

Lau hilabete luze igaro dira A. Blinken, Estatu idazkari iparramerikarrak, eta Yang Jiechi, Kanpo Arazoetako arduradun txinatar gorenak Alaskan aurrez aurre antzeztu zuten mutur-joka dialektiko bikainetik. Eta hainbat baretze keinuren ondoren, Tianjinen bildu dira Wendy Sherman, Blinkenen bigarrena eta Clinton eta Obama administrazioetako beteranoa; eta Xie Feng, haren paretsukoa Txinako hierarkian eta «etorkizuneko gizonetako» bat.

Bilkurak nola joan diren ez zaigu garbi esan, baina ez da zaila asmatzea, han-hemenka azaldutako argibideez baliatuz. Eta isiltasunak ere interpretatuz. Bildu baino hamar bat egun lehenago jakinarazi zuten Estatu Batuek «azterketa» moduko bat egin nahi ziotela Txinari Taiwan, Xinjiang, Hong Kong eta abarren inguruan. Ez zirudien giroa eztitzeko modurik aproposena.

Eta hala izan da, nonbait. Bilkuraren ondotik txinatar hedabideek Xieren ahotan ipini dituztenak egia konplituak badira, Estatu Batuen «azterketan» sartuko liratekeen gaiak zehaztu zizkion hark Sherman andreari, indiarren genozidiotik hasi eta covidak hildako 600.000 estatubatuarretaraino etorriz.

Ez dakidana da bilkuraren atarikoetan gertatu den beste horretaz ere hitz egin ote duten. Izan ere, Alaskakoan bezala, txinatar goi funtzionario batzuei «zigorrak» (propaganda hutsekoak, baina itxurosoak) ezarri zizkieten AEBek; oraingoan ere bai, Hong Kongen kontura.

Berritasuna izan da Txinak, oraingoan, berehalaxe erantzun diela... beste horrenbeste «zigor» ezarriz, Wilbur L. Ross, Trumpen Merkataritza idazkaria izana eta iazko urtarrilaren 30eko adierazpen gogoangarri haien egilea, zerrendaburu dela. Etorkizunean, datorren urteko Neguko Joko Olinpikoak boikotatzeko asmoek aurrera egiten badute, adibidez, arrapostuak nondik nora joan daitezkeen iradokitzeko, agian.

Irakasgarria ez ezik dibertigarria izango zen dantza diplomatiko hori guztia... bi elefante horien borroka lekuaren erdian gabiltzan sagutxoak ez bagina.