EDITORIALA

Argentina, murrizketen eta eskasiaren labirintoan

Sorpresarik gabeko sorpresa izan da Argentinako Ekonomia ministroaren dimisioa. Zurrumurruak aspaldikoak ziren, Frente de Todos gobernu koalizioaren barne tirabirak ezagunak; urte eta erdi barru egingo diren hauteskundeei begira kezka oso hedatua dago, eta, behin hareazko erlojuak buelta emanda, Argentinan beste ziklo neoliberal bat finkatzea denbora kontua dela oso barneratua. Badirudi munduan ez dela inflazioaren gorako eztandari eta soldata errealen beherapen orokorrari aurre egin diezaiokeen ezkerreko gobernurik. Etorkizun hurbilaren aurreko beldurrak, atzerapen politiko handi baten ikarak, murrizketen eta eskasiaren labirintoan galdutako ezkerraren zorabioak daude dimisio horren muinean.

Argentinak Nazioarteko Diru Funtsarekin sinatutako akordioak zerikusi handia du gertatutakoarekin. Herrialdeak dolarrak behar ditu energia erosteko, eta «merkatuak», letaginak zorroztuta, baldintzak jartzen ditu: egiturazko erreformak, fiskalitatea lausotzea, soldatak eta erretiroak kimatzea, garraioarentzat eta enpresa publikoentzat laguntzak kentzea da errezeta. Eta, noski, krisi sozial berrietarako biderik zuzenena. Oraingoz kazeroladak ez dira inon ageri, kaleak ez daude sutan, ezkerreko gobernua neurri inpopularrak hartzera behartuta egonda ere, nonbait, sektore herritarrek beretzat hartzen dutelako. Ataka horretan korapilatuta dago giroa, kosta ahala kosta 2023ko hauteskundeak ez galtzeko, eustea da kontsigna; hozgailua betetzeko edo hilabete amaierara iristeko dauden min eta ezinez hitz egiteke, hitz egin nahi gabe.

Eskuina eta «merkatuak» ez daude geldirik. Krisi sozial eta ekonomikoetatik etekina ateratzen badakite. Beren planak doitzen eta horiek gauzatzeko behar den pertsonal politikoa prestatzen dihardute. Muturreko eskuin politikoa berrarmatzen ari da, ondo doakio hauteskunde egutegiak agenda markatzea; goitik zarata eta zalaparta egotea eta, azpian, kalean, dena geldi egotea, ez aldarrikapen, ez lanuzte, ez ezer. Ezkerrak krisi betean borrokatu behar du. Ahots baten falta sumatzen da, gehiengoarena. Eta ahots horrek protagonismoa irabazteko unea orain da, ez gero. Argentinan eta nonahi.