GAUR8

Zeta eta magnetismoa hezur-ehuna sortzeko eta inplante berriak egin ahal izateko

Ikertzaile talde batek frogatu du zetaren osagai batzuez osatutako aldamio biobateragarri batzuk eta magnetismo bidezko zelulen estimulazioa konbinatzea baliogarria dela hezur-ehuna sortzeko. Helburua da «ehunak sortu ahal izatea eta ehun horiek hezurrekin lotutako gaixotasunak sendatzeko inplantatu ahal izatea».

Jose Luis Vila Vilela ikertzailea. (M. Mtz DE TRESPUENTES/EHU)
Jose Luis Vila Vilela ikertzailea. (M. Mtz DE TRESPUENTES/EHU)

EHUko, BCMaterials zentroko eta Portugaleko zenbait zentrotako ikertzaile talde batek hezur-ehuna sortzeko ikerketa-lerro bat zabaldu du eta material konposatu berri bat sortu dute. Azaldu dutenez, frogatu dute zetaren osagai batzuez osatutako aldamio biobateragarri batzuk eta magnetismo bidezko zelulen estimulazioa konbinatuta hezur-ehuna sor daitekeela eta horrek inplante berriak egiteko bidea zabaltzen du.

Aurkikuntza “Materalia“ aldizkariak argitaratu du berriki. «Ikerketa-lerro horen azkeneko helburua ehunak sortu ahal izatea litzateke, eta ehun horiek, gero, hezurrekin lotutako gaixotasunak sendatzeko inplantatu ahal izatea», azaldu du Jose Luis Vilas Vilela EHUko Kimika Fisikoa Saileko zuzendari eta ikerketaren egileetako batek.

Zehaztu dutenez, garatutako materiala aldamio edo matrize bat da. Horretarako, zetaren osagai nagusietako bat erabili dute: fibroina. Material hori biobateragarria da eta jatorri naturalekoa, eta nanopartikula magnetikoekin kargatu dute. Nanopartikulak gehitzearen helburua da «magnetoaktibo bihurtzea, alegia, eremu magnetiko baten eraginpean jartzean erantzun dezatela, eta zelulei kinada mekaniko eta elektrikoak trasmititzea».

«Frogatuta dago kinadak gehitzean (elektrikoak, magnetikoak, mekanikoak nahiz bestelakoak) bultzatu egiten dela zelulen hazkuntza eta diferentziazioa», azaldu du ikerlariak.

«Aurrerapausua» ehunen fabrikazioan

Ikertzaile-taldeak nabarmendu duenez, martxan dagoen ikerketa lana «aurrerapausu» bat da, baina helburua «epe luzekoa da».

EHUko ikerlariak dio «hasierako urratsak» direla hauek. «Zenbait motatako materialak, kinadak eta prozesuak ari gara garatzen, haien bitartez era bateko eta besteko ehunak birsortzeko moduak izatera iristeko», azaldu duenez.

«Buruan duguna da, gainera, pazienteen euren zelula ametatik abiatzea, eta gai izatea haiek desberdintzeko lortu nahi dugun ehunaren zelula bihurtzeko, ehun hori hezurra, muskulua, bihotza edo dena delakoa bada ere», gaineratu du Vilasek.