GAUR8

Zainketa intentsiboetako erizain berrientzako gida praktikoa argitaratu dute

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) zainketa intentsiboetako eskuliburu praktikoa argitaratu du. Erizaintzako ikasleentzat bereziki prestatua, lanean hasten diren erizainentzat ere baliagarria izan daitekeela nabarmendu dute, «praktika klinikoetan dituzten beharrei» erantzuten dielako.

Gida praktikoaren harrera ona nabarmendu dute. (EHU)
Gida praktikoaren harrera ona nabarmendu dute. (EHU)

“Zainketa Intentsiboetako Erizaintzako eskuliburu praktikoa: Erizaintzako praktiketako ikaslearentzako gida azkarra” da Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) argitaratu berri duen lana. Zaintza kritikoen unitateetan eta bizkortzeko zerbitzuetan gradu ikasketak eta praktikak egiten dituzten Erizaintzako ikasleentzat egina da bereziki, baina nabarmendu dute tresna «baliagarria» izan daitekeela zerbitzu horietan edo antzeko beste batzuetan jarduten hasten diren Erizaintzako langileentzat.

«Ikasle horiek egin beharreko praktika klinikoetan dituzten beharrei erantzuteko egin dute liburua, espezializazio handiko ospitaleko unitateetan txandaka jarduten baitute, hala nola larrialdi zerbitzuetan eta zainketa intentsiboen unitateetan», azaldu dute EHUko iturriek.

Testuinguru horretan, nabarmendu dute gidaren egileek «oso ongi» dakitela «zein garrantzitsu den ospitaleko zerbitzu berezi horietako egonaldiez ahalik eta gehien baliatzea, baita horietako batzuk zer konplexu diren ere». «Horregatik eskuliburu bat idatzi dute informazio teknikoa eta ezagutza praktikoak barnean hartuta, etorkizuneko erizainen eta unitate berri batean sartu berri den profesional tituludunen lehen pausoak orientatzeko», zehazu dute EHUn.

Praktikoa eta «bisuala»

Gorka Vallejo, Irrintzi Fernández eta Sendoa Ballesteros irakasleek koordinatu dute gida, eta zainketa kritikoetako zerbitzuetan eskarmentu handia duten profesionalekin aritu dira lankidetzan.

Paziente kritikoen aurreko prozedura, terapia intentsiboa eta zainketa nagusiak «ikuspuntu praktikotik eta modu errazean» azaltzen direla gaineratu dute. Gidak, gainera, Silvia Sanchezen infografiak ditu eta kapitulu asko «modu grafiko eta bisual batez» azaltzen direla zehaztu dute.