GAUR8

Martxan dago «Ikusi eta ikasi», Bilboko familiei euskaraz gozatzeko luzatutako proposamena

Bilbon martxan jarri dute «Ikusi eta ikasi» programa, haurrak dituzten familiei aisialdia euskaraz gozatzeko proposamen ezberdinak eskaintzeko. Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, Udalak egiten du eskaintza, eta aurten parte hartzeko aukera bi izango ditu, 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako saioak eta 8 eta 10 urtekoentzako prestatutakoak.

Aurtengoa “Ikusi eta ikasi” programaren 17. edizioa da, eta osaera mistoa izango duela iragarri dute: «neguan etxean eta pantailatik goxo goxo online eta izen ematerik gabe parte hartzeko saioak» eta «udaberriarekin batera, aldez aurretik izena emanda, hainbat aretotan zuzeneko ikuskizunekin».

Kulturaz gozatu, sorkuntzan murgildu eta euskara indartzeko diziplina askotariko jarduera ezberdinak planteatzen ditu apirilera bitartean. Maiatzaren 6tik ekainaren 10era Bilboko auzoetan egongo da zentratuta.

Jardueren inguruko zehaztapen guztiak www.ikusietaikasi.eus webgunean daude ikusgai. Zortzi urte baino gehiagoko gaztetxoentzat interesgarriak diren jarduerak «+8» etiketarekin bereizita daudela zehaztu dute.

Zuzeneko saioei dagokienez, aldez aurretik izena ematea derrigorrezkoa dela ohartarazi dute, webgunean agertzen den formularioa beteta. Osasun egoera dela eta, edukierak murritzagoak izango direnez, «izena ematea zozketa bidez» egingo dela azaldu dute. «Familiek nahi adina ikuskizunetan eman dezakete izena, nahiz eta gerora gehienez bakar batean edo bi ikuskizunetan parte hartzeko aukera izango duten», argitu dute. Erantsi dutenez, itxarote zerrenda egingo da «betiere zozketaren ordena errespetatuz».

Online saioetan, aldiz, parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea, «nahikoa izango da webgunean sartzea eta bertan eskaintzen diren aukerak erabiltzea». Horrez gain, iragarri dute Zuriñe Hidalgo aurkezleak «Makusi» online saio guztietan lagunduko duela.

Kanta sortzeko prozesua

Aurtengo programaren barruan, maiatzaren 15ean familiek “Ikusi eta ikasi” kantaren sortze prozesuan parte hartzeko aukera izango dute. Estudio batean grabatuko da eta edukiera data horietan ezarritako segurtasun neurrien araberakoa izango dela azaldu dute.

Berrikuntzen artean, etxeetara helduko den euskararen hazia dago. Liburuxka jasotzen duten familien etxeetan «haziez egindako papertxo bat aurkituko dute», aurreratu dutenez, eta euskara bezala, «zaintza eta ureztatze egokiekin landare bat loratuko da denbora gutxian».