GAUR8

EHUren “Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean” masterrak Europako aitortza berri bat jaso du

EHUren “Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean” masterrak Europako hezkuntza agentziaren aitortza jaso du berriz, goi mailako kalifikazio bat lortu ondoren. «Eremu espezifikoko egungo joera eta beharrizanetara» egokitu izana da goraipatzen duen arloetako bat.

EHUk eskaintzen duen masterrak egungo joerekin duen lotura goraipatu du Europako hezkuntza agentziak.
EHUk eskaintzen duen masterrak egungo joerekin duen lotura goraipatu du Europako hezkuntza agentziak. (Mitxi/EHU)

EHUren “Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean” masterrak EACEA Hezkuntzaren, Ikus-entzunezkoen eta Kulturaren arloko Europa Agentzia Batearazlearen puntuazio bikaina jaso du berriz, 100etik 90 puntu lortuz. Era horretara, hirugarren urtez jarraian, agentzia europear horrek ematen duen Good Practice Flag bermea eskuratu du formakuntzak.

Puntuazioa arrazoitzen duen txostenean, ikastaroa diseinatu aurretik egindako merkatu azterketa goraipatzen da, «eremu espezifikoko egungo joera eta beharrizanei egokitutako» ikastaroa dela nabarmenduz.

Espezializazio bide bakoitzerako aterako duen titulu bateratua ere aipatzen du txostenak, eta Estatu frantseseko arau berriei azkar erantzuteagatik zoriontzen du proiektua.

Ikasleei emandako zerbitzuen ikuspuntutik, masterrak eskaintzen dituen tutoretza, lagunen programa eta talde txikietan egiten diren tutoretzak aitortzen ditu. Horrez gain, teknologia berrien erabilera aipatzen du, oso positibotzat jotzen baitu masterraren zabalkunderako eta sustapenerako.

Masterra Europako lau unibertsitatek eskaintzen dute: EHUk, College Cork-eko Unibertsitateak (Irlanda), Norvegiako Zientzia eta Teknoologia Unibertsitateak eta Nantesko Eskola Zentralak (Estatu frantsesa).

Europako Batzordeak bultzatuta

Duela bi urtetik hona, Erasmus Mundus programa bateratuaren (EMJMD) kalitatea duen graduondokoa dela gogoratu dute EHUko iturriek. «Europako Batzordeak bultzatzen du Erasmus Mundus programa, EACEA Hezkuntzaren, Ikus-entzunezkoen eta Kulturaren arloko Agentzia Betearazlearen programa bat dena», eta «Europan goi mailako hezkuntzaren kalitatea areagotzea du xede», zehaztu du unibertsitateak.

Testuinguru horretan, «garrantzi eta kalitate akademiko apartarengatik hautatutako master eta doktoregoko programa bateratuei laguntzea» da programaren helburu nagusietako bat, «baina horietako batzuek soilik lortzen dute finantzabidea», zehaztu dute.

Azpimarratu dutenez, «EHUk zortzi Erasmus Mundus master ematen ditu, eta horietako hiruk berritu egin dute EACEA Europako agentziaren aitortza. Horren ondorioz, Erasmus Mundus masterren eskaintza zabalena duen Estatuko unibertsitateetako bat da».