GAUR8

Gasteizko lehen harresira bidaiatzeko errealitate birtualeko ikus-entzunezko berriak

Gasteizko Santa Maria katedralaren bisita gidatuek ikus-entzunezko berriak dituzte, errealitate birtualaren bidez lehen harresiaren eraikuntzara eta Erdi Aroko hirira bidaiatzeko.

Errealitate birtualeko ikus-entzunezko berrietako irudi bat.
Errealitate birtualeko ikus-entzunezko berrietako irudi bat. (Santa Maria Katedrala Fundazioa)

Hiru ikus-entzunezko berri ditu Gasteizek 360 gradutan, 1100. urtera itzuli eta hiriko lehen harresiaren eraikuntza ikusteko. Errealitate birtualeko erreprodukzio berriek XIII. mendean erdi aroko hiriak izan zuen bilakaera erakusten dute.

Arabako Foru Aldundiak finantzatu ditu aipaturiko hiru bideo berriak, Katedral Zaharraren eta Gasteizko harresiaren eraikuntzari buruzko ikerketa proiektu baten barruan, EHUk orain arte egindako indusketa arkeologikoetan oinarrituta. Burgosko Unibertsitateak 3D modelatua garatu du.

Hiru bideo horiek katedralaren bisita gidatuetan eskainiko dituzte. Lehenak IX. mendeko Gasteizko herrixkari buruzkoa da. Bisitaria muinaren behealdean kokatzen da, nekazaritzako eremuak zeuden tokian. «Ikus-entzunezko piezaren oinarri gisa erabiltzen den ikerlanari esker, garai hartan dagoeneko inguruan zenbait herrixka zeudela pentsa daiteke, Ali eta Abendaño, esaterako», azaldu dutenez.

Bigarren pieza atzerago doa denboran, 1100. urtearen inguruan eraikitako lehenengo harresira bidaiatzeko. Muinoaren beheko alde horretan bertan kokatzen du bisitaria. Zehaztu dutenez, «oro har, harresiak perimetro obala zuen, muinoaren goi-lautadari egokituta. 1.000 metroko luzera eta 8 metroko altuera lortu zituen, hogei dorre aurreratu baino gehiagorekin eta sartzeko hiru aterekin».

Erdi Aroko Gasteizek zeukan itxura, errealitate birtualarekin osatutako hirugarren bideoaren protagonista da. Santa Maria Katedrala Fundazioak azpimarratu duenez, hiriaren ikuspegi orokor bat izateko, bisitaria Villasusoko harresiko dorre batera igoko da era birtualean.

Errealitate birtualeko betaurrekoak jarrita, «katedralaren inguru osoan zehar ia denbora osoko bidaia bat egiteko aukera» dagoela azpimarratu du fundazioak. Lehenengo piezek katedralaren kanpoaldetik ematen zuten ikuspegia eta tenpluaren barrualdeaz gain, orain harresia eta katedraletik metro gutxira dauden aztarnak jaso dira ikus-entzunezko berrietan.

Bisita birtualak egiteko, erreserba egin behar da katedralaren webgunearen bidez edo telefonoz deituta. Hala ere, 360 graduko bideoak publikoaren eskura jarri ditu fundazioak bere web orrian.