GAUR8

Eguneroko platerak osasungarriago egiteko gidaliburu bat argitaratu dute

EHUk argitara eman du dieta osasungarriago bat eramaten laguntzen duen gidaliburu berri bat. Lanak sukaldaritza tekniketan jartzen du fokua, baina elikagaiez, tresnez eta etiketaz ere hitz egiten du, hainbat gomendio emateko.

Gidaliburu berria garatu duten ikertzaileak, irudian.
Gidaliburu berria garatu duten ikertzaileak, irudian. (Nuria Gonzalez/EHU)

Dieta osasungarriago bat eramaten laguntzeko dauden proposamen ugariren artean, elikagaiez gain horiek kozinatzeko dauden aukera ezberdinetan fokua jartzen duen lan berri bat argitaratu du EHUk. Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko Nutrizioa eta Obesitatea Taldeko eta CIBEROBN sareko ikerketa biometrikoko zentroko ikasle-ikertzaileek osatu dute lana.

Gakoa da ulertzea erabiltzen ditugun elikagai eta sukaldaritza tekniken arabera gure dietako plateren nutrizio balioa aldatu egiten dela. Horregatik, gustuko ditugun platerak eta elikagaiak era osasungarriago batean prestatzeko gomendioak dira lan berriaren ekarpenetako bat, “Campusa” agerkari digitalean azaldu dutenez.

Gidaren oinarrian gaur egun dauden ohitura ez egoki eta uste okerren azterketa dago. Plano horretan, gogoratu dute azken hamarkadetan dietan izandako aldaketen ondorioz ‘mendebaldeko dieta’ orokortu dela, haragi gorri, zereal findu, azukre, gantz ase eta gatz asko eta zuntz gutxiren kontsumoan zentratuta.

Elikagai ultraprozesatuen kontsumoa gero eta handiagoa egin da, eta horren atzean hiru arrazoi nagusi aipatzen dituzte: merkeak dira, ez dute prestatu beharrik izaten eta zapore atseginekoak dira. Faktore horiek kontuan hartzen duen dieta osasungarriago bat lantzen laguntzea da asmoa, osasunerako onuradunagoak diren platerak proposatuz.

Kontuan hartu da, bestalde, hainbat gaixotasunei aurre egiteko orduan izaten den arazoa, pisua galtzea funtsezko estrategi bat izaten baita, baina dietak askotan «ez dira oso bateragarriak egungo bizitza sozial eta familiarrarekin» eta gaixo askok bertan behera uzten dituzte.

Arazo horren aurrean, gidaliburu berriak menua asko aldatu gabe dieta osasungarriago bat eramaten lagundu nahi du, plater bat osasungarriagoa zergatik den ulertzea eta erraz prestatzeko alternatibak eskaintzea.

Gidaliburua osatu duten ikertzaileek egunerokoan kozinatzeko erabilitako tresnak ere aztertu dituzte. Gogoratu dutenez, prestaketak plateraren nutrizio ezaugarrietan eragiten du baina garrantzitsua da zer elikagai aukeratzen diren.

Oliba olio birjina

Era berean, olioei dagokienez, onena oliba olioa eta batez ere oliba olio birjina estra direla nabarmentzen dute, eta osasunerako eragina elikagaien «koipearen kalitatearen eta kantitatearen araberakoa» izaten dela zehaztu dute. Bestelako olio finduaren ordez oleiko ugariko ekilore olioa erabiltzea aukera bat dela aipatzen dute adituek.

Fruta eta barazkien kontsumoaren inguruko ohiko gomendioez gain, potoko tomate frijituan arreta berezia jartzea gomendatzen dute ikertzailek. «Birrindua erosten badugu denbora aurrezteko, azukre, fruktosa edo bestelako azukre erantsirik ez duela begiratu behar dugu etiketan, eta gatzik badu, haren kantitatea ez dela oso handia», zehazten dutenez.

Kozinatzeko eredu osasungarriago baten bidean, gatzaren gehiegizko erabilera da ikertzaileek liburu berrian jorratu duten ataletako bat. Gatzaren ordez edo gatza murrizteko, baratxuria, tipula edo piperrautsa eta bestelako espezieak erabiltzea gomendatzen dute, eta kontsumitzen den gutxia iododuna izatea, Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatzen duenez.