GAUR8

Laka, Bacigalupe eta Herrasti ikerlariak, «Emakume zientzialarien argitan» zikloaren hurrengo solasaldietan

«Emakume zientzialarien argitan» solasaldi-zikloak beste hiru saio izango ditu urriaren 4tik aurrera, Itziar Laka Mugarza, Amaia Bagigalupe de la Hera eta Lourdes Herrasti Erlogorri ikerlarien ibilbideetara hurbiltzeko.

Amaia Bacigalupe de la Hera ikerlaria da solasaldien protagonistetako bat, Itziar Laka eta Lourdes Herrastirekin batera.
Amaia Bacigalupe de la Hera ikerlaria da solasaldien protagonistetako bat, Itziar Laka eta Lourdes Herrastirekin batera. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Emakume zientzialariak ezagutzea helburu duen ekimenak arlo ezberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera ekaini nahi du saio horien bidez.

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatutako zikloa da, eta atzean dagoen erronkari buruz gogoratu dute beharrezkoa dela emakumeen ibilbide zientifikoak azalera eramatea, zientzia eta teknologiaren historian «ezkutuan geratu» direlako emakumeen ekarpenak, eta gaur egun, oraindik ere, arlo horretan emakumeen kontrako diskriminazioa nabarmena delako.

Horregatik, ikertzera zerk bultzatzen duten, zer galderari erantzun nahi dioten, zerk harritu dituen gehien edota zer zailtasuni egin behar dieten aurre izango dira hiru ikerlariei planteatuko zaizkien galderetako batzuk.

Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileak gidatuko ditu solasaldiak, eta ‘bi kulturen’ (zientziak eta humanitateak) estereotipoa gainditzeko gogokoen dituzten liburuak gomendatzea eskatuko die hiru zientzialariei, aurreratu dutenez.

Hizkuntzalaritza, osasun publikoa eta memoria

Itziar Laka Mugarza UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko katedraduna eta Gogo Elebiduna ikerketa-taldearen zuzendaria izango da lehen gonbidatua urriaren 4an, “Itziar Laka Mugarza: Imajinaezinaren bila, hizkuntzatik abiatuta”, izenburu iradokitzailearekin.

«Bere ikerketak hizkuntzalaritza teorikoa eta psiko-neurolinguistikako metodo esperimentalak uztartzen ditu, hizkuntzaren irudikapen eta prozesamendu neuronala argitzeko, batik bat sintaxiaren eta elebitasunaren inguruan», oroitu dute Lakaren ikerketa arloaren inguruan.

“Amaia Bacigalupe de la Hera: osasuna ez da soilik gaixo ez egotea” tituluarekin, azaroaren 8an izango da bigarren solasaldia Osasun Publikoan doktore, Soziologiako irakasle eta EHUko OPIK taldeko (Osasunaren gizarte-baldintzatzaileei eta aldaketa demografikoari buruzko ikerketa-taldea) ikertzaile bizkaitarrarekin.

“Lourdes Herrasti Erlogorri: memoria eraikitzen, iragana lurpetik ateraz” da abenduaren 29an izango den hirugarren saioaren titulua. UPV/EHUko Geografia eta Historiako lizentziadun eta irakaskuntza ertaineko irakaslea osteoarkeologian aditua da. Ikerlariak 30 urte baino gehiago daramatza Aranzadin lanean eta hainbat aurkikuntza arkeologiko garrantzitsutan hartu du parte.

Hiru saioak euskaraz izango dira, 19.00etan hasita, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian, eta Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean entzun ahal izango dira.