GAUR8

Kontakizuna jarraitzea gako duen Bizkaidatz sariaren deialdi berria ireki dute

Bizkaidatz sariaren XV. edizioa jarri du abian Bizkaiko Foru Aldundiak, oraingoan Jabi Elortzaren ‘Marion’ eta Begoña Elorrietaren ‘Alud’ istorioei jarraipena ematea proposatuz. Idazlanak aurkezteko epea irailaren 8ra arte egongo da zabalik.

‘Marion’ eta ‘Alud’ liburuak aiapuntutzat hartuta, sormena bultzatu nahi du Bizkaidatz sariak.
‘Marion’ eta ‘Alud’ liburuak aiapuntutzat hartuta, sormena bultzatu nahi du Bizkaidatz sariak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kontakizunari jarraipena ematea da Bizkaidatz sariak proprosatzen duen ariketa. XV. edizio honetan, Jabi Elortza idazlearen ‘Marion’ istorioa osatu beharko dute euskaraz parte hartzen duten lagunek. Gaztelaniaz egingo dutenentzat Begoña Elorrieta idazlearen ‘Alud’ izango da abiapuntua.

Gutxienez hamabi eta gehienez hamabost orrialde izan beharko dituzte idazlanek. Aurkezteko epea irailaren 8ra arte egongo da irekita, eta hiru bide daude lanak antolakuntzari helarazteko, Laguntza-Erregistro eta herritarren Arretarako Bulegoan (Diputazio kalea, 7), eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoaren bidez zein Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidean jasotako gainerako moduren baten bidez (erregistro publikoak, posta-bulegoak...).

«Orain zure txanda da»

“Jarraitzeko prest? Orain zure txanda da“ lelopean, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen ekimenak esparru literarioa eta sormena bultzatzea du helburu erronka bitxi bat luzatuz: «Jarraipena ematea gaur egungo idazle batek proposaturiko istorio bati, hark ezarritako hasiera, pertsonaiak eta egoerak kontuan hartuta».

Aurreko hamalau edizioetan 606 idazlan aurkeztu dira lehiaketara, eta 30 idazlek aurkeztu dituzte proposamenak Bizkaidatz lehiaketako parte hartzaileek jarraipena eman diezaieten.