Maddi Txintxurreta Agirregabiria
WIKIPEDIA ETA HEZKUNTZA

Hizkuntza txikien bidez hezkuntza handi egiten

Wikipedia edukiz betetzen aritzen diren mundu osoko hezkuntza arloko pertsonen topagune izan zen iragan asteburuan Donostia, elkartrukerako espazio. Molde askotako ekimenak antolatu ziren, aldebiko helburudun hausnarketari bide emanez: Wikipedia hezkuntzan txertatzea eta hezkuntzak Wikipedia aberastea.

Pasa den asteko ostiralean Donostiako udaletxearen atarian izandako jatorri ezberdineko pertsonen joan-etorriak zur eta lur utziko zuen seguruenik bertan gertatzen ari zenaren berri ez zuen oro. Sarrera-atea gurutzatzen zutenek, aterkiak plegatu eta harrera-mahaira jotzen zuten, ekitaldian izena eman zutela egiaztatzera. Bitartean, udaletxeko atondoan harrabots berezi bat sortu zen, ahots eta hizkuntza desberdinen joskerak eragindako ahozko nahaspila bat, asteburu osoan Donostiako eguratsean sumatu ahal izan zena. Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE) antolatutako “Wikimedia+Education 2019” konferentziaren irekiera ekitaldiaren zain zeuden 50 herrialde desberdinetatik etorritako 130 gonbidatuak. Irekiera ekitaldia ondorengo bi egunetan gertatuko zenaren gosegarri izan zen, konferentziako parte hartzaileek hitzaldiz, tailerrez eta elkartrukerako espazioz betetako asteburu frenetikoa baitzuten aurretik.

Wikipedia informazioa libreki trukatzeko plataforma izaki, konferentziak ere horixe bera zuen itu: Euskal Herritik kanpoko esperientziak bertara ekarri eta bertakoak mundura zabaltzea. Hezkuntza izan zuen ardatz ekitaldiak, eta, hain zuzen ere, hezkuntzan Wikipedia nola txertatu premisatik abiatuta ondu zituzten hausnarketak eta konpartitu esperientziak, askotariko gaien inguruko hizketaldiak izan baziren ere.

Irekiera ekitaldiaren aurretik, konferentziaren antolatzaileak gora eta behera aritu ziren, lan eskerga eginez, eta asteburua igarota Tabakaleran GAUR8rekin elkartzean zuten neke-aurpegiek argi iragartzen zuten peto-urdinak gelditu gabe ibili zirela konferentziaren hasieratik amaierara. Hala ere, esfortzuak merezi izan zuela baietsi zuten Aiora Mujika eta Galder Gonzalez EWKEko kide eta konferentziaren antolatzaileek. «Gure helburua zen konferentzia baliatzea bi urteko prozesu honetan egindakoaren balantzea egiteko, ikasteko kanpoko esperientzia batzuetatik eta guk ere aurrera begira gure proiektua indartzeko», azaldu zuen Gonzalezek.

Orain bi urte abiatu zuten proiektuak, izan ere, hezkuntza eta Wikipedia uztartzen ditu. Lakuaren finantziazioarekin jarri zuten martxan, eta egun Euskarazko Wikipediak duen proiektu garrantzitsuena da. Programaren izena luzea da (“Kalitatezko mila artikulu 12-16 urte bitarteko ikasleentzat”), baina bere funtsa egoki laburbildu du Aiora Mujikak: «2017an egin genuen hitzarmena Eusko Jaurlaritzarekin, eta ordutik bi gauza lotu ditugu. Batetik, begiratu genuen Heziberri curriculumaren arabera, zer eduki barneratu behar dituzten derrigorrezko hezkuntza amaitzen duten ikasleek, bukatzean zer jakintza izan behar dituzten jakiteko. Bestetik, Euskarazko Wikipediak zituen hutsuneak identifikatu genituen».

Hala, unibertsitateko ikasleekin aldebiko proiektua martxan jarri zuten. Alde batetik, ikasleak Wikipedia editatzeko trebatu zituzten, eta, bestetik, ikasleei unibertsitateko eduki akademikoak barneratzeko molde desberdin bat eskaini zieten, Euskarazko Wikipedia eduki berriekin jantziz. Hezkuntza proiektuak emandako emaitzak nabariak dira. «Bi urteotan 2.000 ikasle inguruk hartu dute parte egitasmoan eta bi milioi hitz baino gehiago idatzi dituzte, Euskarazko Wikipediaren edukien %5», zehaztu du Gonzalezek.

Badago uste zabaldu bat, hala ere, esaten duena Wikipedia ez dela hezkuntzarekin bateragarria, fidagarria ez izanagatik. Horregatik, irakasle askok Wikipedia erabiltzea debekatzen diete ikasleei. Alabaina, badago egitate bat, Gonzalezek mahai gainean jarri duena: «Kataluniako Unibertsitate Irekian egindako ikerketa batek demostratzen zuen ez bakarrik ikasleek, irakasleek ere erabiltzen dutela, eta esaten zuten Wikipedia unibertsitatearen pornoa dela, inork ez dizu esango kontsumitzen duela, baina denek erabiltzen dute».

Euskara nazioartera

Konferentziara profil oso ezberdineko jendea agertu zen; batez ere, hezkuntza munduan eta hizkuntza gutxituen arloan dihardutenak. Guztiek izan zuten EWKE egiten ari denaren berri, are, askok miresmenez begiratzen diote Euskal Herriko Wikimediari. Euskara hizkuntza txikia izanagatik ere, euskarazko edukiek badute tokia nazioarteko plataforma horretan. Artikulu kopuruan 40. hizkuntza dela euskara azaldu zuen Galder Gonzalezek. «Hizkuntza aktibismoagatik da. Izan ere, begiratzen badugu Wikipediako editore kopurua mila hiztunekiko, galesa, euskara edo asturiera bezalako hizkuntzak dira lehenak, hizkuntza gutxituak guztiak ere».

Hala, ekitaldiaren «plus» bat izan zen, Mujikaren arabera, euskara izatea erabilitako hizkuntzetako bat, Wikimediaren inguruan egin diren gainontzeko nazioarteko ekitaldietan ingelesa izan baita hizkuntza bakarra. Konferentziari amaiera emateko, Korrikarekin bat egitera irten ziren kalera.

 

Argentinako diktadura, komunitatean idatzita

Luisina Ferrantek Wikimedia Argentinako Hezkuntza eta Giza Eskubideak atala koordinatzen du. Eskoletarako eta unibertsitateetarako eduki akademikoa sortzen du talde horrek, «bereziki giza eskubideen urraketak eta Argentinako azken diktadura militarrari buruzkoak», azaldu du. Bestalde, Argentinako irakasleei kurtsoak ematen dizkiete, Wikipedian editatzen ikas dezaten eta jakintza hori ikasgeletara eraman dezaten. «2014an ekimena martxan jarri genuenetik, 700 ikasle baino gehiagok egin dute kurtsoa eta 1.000 artikulu baino gehiago hobetu dituzte dagoeneko gaztelerazko Wikipedian», esplikatu du Ferrantek.

Eskoletan zein unibertsitateetan Wikipedia editatzen irakasteaz gain, «Wikipedia irakurtzen» ere irakasten dute Argentinan. Era berean, proiektuaren helburua da «esparru akademikoan Wikipedia ez dadila ikusi etsai modura, baizik eduki librea sortzeko baliabide gisa».

«Wikipedia bizirik dagoen organismo bat da. Beharrezko baliabide bat, eta une oro duzu berau hobetzeko askatasuna. Gainera, atzetik dagoena komunitate bat da, ez ordaintzen dizun nagusi bat. Uste dut hori dela garrantzitsuena», esan du Ferrantek.

 

Hemeretzi bide, Taiwaneko aniztasuna bultzatzeko

Taiwan «kultura anitzeko» herrialdea da, hala diote Huang Chi-ping eta Lim Siu-theh irakasleek. Cheng-chi Unibertsitateko Azterketa Aborigenen Zentroan lan egiten dute, Taiwaneko hizkuntza gutxituei bultzada emateko helburuarekin. Wikipedia ere horretarako baliatzen ari dira.

Wikipediak hemeretzi hizkuntza gutxitu –txikienak 500 hiztun ditu, handienak 200.000– onar ditzan lanean ari dira, frogatu behar baita egiaz hizkuntza horiek gaur egun ere erabiltzen direla. Bada, horietatik hiru hizkuntzak «ia-ia» lortu dute dagoeneko informazio libreko sarean Wikimedia orria izatea. «Taiwanen, populazioaren %2 soilik da aborigena, eta, komunitate horren barruan, 16 tribu daude», azaldu du Lim Siu-theh irakasleak.

Zailtasunak zailtasun, pozik daude Cheng-chi Unibertsitateko Azterketa Aborigenen Zentroko bi irakasleak, herrialdeko «politika asko aldatu» baita azkenengo 30 urteetan eta «ikerketarako diru gehiago jartzen ari baita Gobernua». «Orain, ikasleek hezkuntza elebiduna jaso behar dute derrigorrez», azaldu du Huangek.

Hala ere, ohartarazi dute aldaketak «oso geldoak» direla eta Wikipedian aktiboki parte hartzen ari direla, «hizkuntzok poliki-poliki gara daitezen eta indarra har dezaten».

 

Galesez historia idatziz, Galesko identitatea eraiki

Mundua kolorez josita dago eta Gales kolore horietako bat da», nabarmendu du Robin Orwain Wikimedia Wales-en arduradunak. Kolore hori zaintzeko lanean dabil Wikipedian, uste duelako garrantzitsua dela «Galesen historia guk geuk idaztea, ez beste inork».

«Elkarbanatzea» maite du berak, eta badaki arriskutsua dela munduko hizkuntza txikiak «sistemaren» esku uztea. «Beraz, bila badezakegu beste moduren bat gure identitatea sendotzeko, egin dezagun. Wikipedia horretarako tresna da niretzat», dio irribarrez.

Galesera zabaltzeko grina dauka Orwainek, eta horretarako ere baliagarria zaio informazio libreko plataforma. «Ikasle gazteak Wikipedian informazioa bilatzen ari dira, eta behar dute informazio hori galeseraz izan», aldarrikatu du.

Gainera, nabarmendu du «mundua oso azkar mugitzen dela», eta liburu batean argitaratutakoak aise «fosilizatzen» direla. Wikipedian ez da hori gertatzen, ordea: «dinamikoa da».

Euskarazko Wikimediak egiten duen lana «inbidiaz» begiratzen du galestarrak. «Hiztun kopuru antzekoa daukagu, baina euskaraz galesez baino hiru aldiz artikulu gehiago daude, wikilari gehiago daude-eta Euskal Herrian. Beraz, etorri naiz zuengandik ikastera».