Dabid Lazkanoiturburu
URIK EZ CHIMBORAZON

Nekazaritzak eta abeltzaintzak aldaketa klimatikoa areagotu dute mendi magalean

Glaziarrak urtzen ari den beroketa klimatikoak eta indigenek mendi magaleko paramoetan hedatutako nekazaritza eta abeltzaintza jarduerek bat egin eta Ekuadorko Chimborazo sumenditik behera ura ekartzen zuten iturriak lehortu egin dira. Egoera oso larria da eta bertako komunitateak egoerari buelta ematen saiatzen ari dira.

Iturburuak lehortzen hastean indigenek gora begira jarri dituzte begiak. Zeruan, Chimborazo sumendiaren gailurra estaltzen zuen glaziarra urtzen ari da eta, mendi erraldoiaren magalean, Ekuadorko gailurrik handienaren hegalean, egoera erabat larria da bertan bizi diren herritarrentzat.

Andeetako mendi magal hezeak ez dira dagoeneko antzinako ur erreserba naturalak. Alde batetik, eremuok nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak hartu dituzte. Ondorioz, beren burua ama lurraren zaintzailetzat duten nekazari indigenek, nahi gabe, izugarrizko mina eragin diote mendiko ekosistemari. Ez dira, ordea, egoeraren erantzule bakarrak. Ardura berbera dute 6.310 metroko altuera duen sumendian babesean dagoen Chimborazoko eskualdean bizi diren mestizoek ere.

Ardura ala «ezjakintasuna», dio Gustavo Pacak, 49 urte dituen agintari indigenak, aize bortitzetik babesteko artile gorrizko pontxoa soinean eta txapel beltza buruan. Ardura ala ezjakintasuna izan, egia da ia inori ez zitzaiola burutik pasa ere egiten orain gutxira arte sumendiaren glaziarrak urtzen has zitezkeenik ere.

Egoera larriaren zergatia ez da, ordea, berotze klimatikoaren baitan soilik agortzen. Zientzialarien esanetan, giza-ekintzek azkartu egin dute urtze fenomeno naturala. Izan ere, orain dela gutxira arte mendi tontorra etengabe zuritzen zuten elurteetan eragin zuzena dute mendi magaleko ingurugiroan emandako aldakuntzek. Azken urteetan, esponja bat bailitzan inguruotako hezetasuna gordetzen zuen ohiko landaretza desagertu egin da nekazaritza eta abeltzaintza jardueren ondorioz.

Biluztutako mendia

«Behealdean ez zen ezer hasten, beraz, gure buruari esan genion: ‘goazen gorantz, bertan lurra oso emankorra baita’. Asko produzitu ahal izan dugu horri esker, baina ur jarioa agortuz joan da», azaldu du Gustavo Pacak, egoera indigenen artean sekulako eragina izaten ari dela onartuz.

Aro beroetan, glaziarraren urtze prozesu naturalak eremua ureztatu egiten zuen eta soberako ura mendian behera jaisten zen lehen. Hala ere, urtetik urtera «esponja erraldoi» horrek gero eta hezetasun gutxiago du.

Mendi magaleko biztanleak oso kezkatuta daude. «Glaziarretatik jaisten den ura behar dute landaretzarako, abeltzaintzarako eta kontsumorako, hau da, bizirik jarraitzeko», ohartarazi du Bolivar Caceresek, Ekuadorko Inamhi Meteorologia eta Hidrologia Institutuko adituak.

Glaziarra, gero eta txikiagoa

Chimborazo sumendiak izugarrizko izotz-geruza zuen orain dela mende erdi. Egun jada ez da horrela eta, gainera, mendiaren magaletan landatutako lurrak dira nagusi nonahi.

Malenkonia dariola, Maria Chazak ondo gogoratzen ditu garai bateko elurteak eta eremuan berez hazten ziren Asteraceae familiako landareak, belar altuak eta iledun landareak. «Mendi liluragarria zen garai batean, egun larreak eta ganadua besterik ez dago! Chimborazo biluztuta dago. Eta, hain zuzen ere, horregatik ez dago urik. Horregatik ari gara sufritzen egun», dio negarrez 70 urteko emakumeak.

Indigenek, pikatxoiak eskuetan, iturri berrian bila aritu beharra dute, hoditeria sistemen bitartez ura beraien herrixketara eraman eta 15.000 lagunen ur beharrak asetzeko. Baina irteerotan, gero eta gorago joan behar dute ur bila.

Zientzialariak 1962an ohartu ziren Chimborazo sumendiko glaziarra urtzen ari zela. Urte hartan, 27 kilometro karratuko hedadura zuen. 2016an, berriz, 7,6 kilometro karratura baino ez zen iristen. Gainera, garai baten erraldoia zen glaziarrak bere elur azalaren %72,4 galdu du, Caceresek ohartarazi duenez.

Beste gailurretan ere antzera

Chimborazotik nahiko gertu dagoen 5.020 metroko Carihuairazo sumendian are okerragoa da egoera artean. 2003tik glaziarraren %96 desagertu egin da eta egun futbol zelai baten hedadura besterik ez du. Ekuadorko bost gailurrik altuenak egoera berdinean daude.

«Ur-lasterrak lehortzen ari dira», onartu du Francisco Hidalgok, San Andres barrutiko presidenteak. San Andres barrutiak Chimborazo probintziako 34 herrixkak hartzen ditu baitan.

Orain gutxi arte, indigenek beren herrixketatik 5 kilometro ingurura zituzten iturriak. Orain, berriz, 17 kilometro egin eta 4.000 metroko altuerara igotzea beste aukerarik ez dute ura lortzeko.

Lur antzuak

Dena den, egoera onera ekartzeko beranduegi izango ez den itxaropena dute indigenek. Komunitate batzuetan betiko landareak landatzen hasi dira berriz ere. Behien ordez, berriz, lamak eta bikuinak ekarri dituzte, jatorriz bertakoak diren abereen hanka muzinduek behien apatxek baino gutxiago kaltetzen dutelako lurra.

«Lur eremuak erosten ari gara ingurugiroa babestu eta ura lehortu ez dadin», azaldu du America Guilcapi Pulingui komunitateko buruzagiak. Bertan, 105 hektareako landa-lurraren %17 baino ez dute ureztatzen. Pulinguitarren asmoa 200 hektarea erostea da. Aldeko Llapo herrixkakoek ere 80 hektarea bereganatu dituzte eta horri esker ur-hornidura handiagoa dute.

Andeetako paramoa Perutik Venezuelaraino hedatzen da, Ekuador eta Kolonbian barna. Ekuadorren 1,5 milioi hektarea hartzen ditu, herrialdearen %6.«Komunitate osoak guztiz suntsituta daude uneotan, lurrek ez dutelako ezertxo ere ematen. Horregatik, hain zuzen, ari gara lanean irrigatze sistemak hobetzen», nabarmendu du America Guilcapik.

Indarrean jarritako ekimenek fruituak eman zain, landa lurrak zirenak basamortu bihurtuta daude egun. Eta urik ezean, indigenen etorkizuna Chimborazoko sumendiaren glaziarra garai batean bezain hotz ageri da uneotan.