Itziar Elizondo
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Transexualitate transformatzailea

Ez dago munduan okerreko gorputz transik. Izan ere, jaio garen materialtasun horretatik abiatzen dugu denok bizitza eta gorputz guztiak dira duin eta maitagarri. Indar-ideia hori defendatzen du Miquel Misse soziologo eta aktibista transak “A la conquista del cuerpo equivocado” liburuan. Egilea entzuteko aukera izan genuen Donostiako Emakumeen Etxean berriki, eta oso argigarriak suertatu zitzaizkigun gailentzen ari den narratiba transari buruz berak egindako kritikak. Zein da ikuspegi hegemoniko hori? Bada abiapuntu binarista eta biologizista batetik, transexualen ezinegonaren jatorria beraien gorputzetan kokatzen duena. Mediku-diskurtso horren arabera, sexu biologikoa eta genero identitatea ez letozke bat, fetuaren garapenean gorputzak sexu batera jotzen duelakoan, eta, burmuinak, bestera. Horrenbestez, “arazoaren konponketa” litzateke, sinpleki, gorputzaren transformazioa abiaraztea hormona bidezko terapiaren eta kirurgiaren bidez.

Aldiz, Missek dioena zera da: ezinegonaren funtsa ez da indibiduala eta ez dago transen gorputzetan, baizik eta gizartean nagusitu den genero-esentzialismo zurrunetik jaso dugun sexuen eraikuntzan, ikuskeran eta autopertzepzioan. Maskulinitate eta feminitate kategoriak estereotipoz beteriko zaku astunak dira; eta, horiekin erabat ez gatozenean, gutariko bakoitzak (ez bakarrik transek), pentsatu ohi dugu zerbaitek huts egin duela edo zerbaitetan huts egin dugula. Baina kategoria bera da, ordea, arazoa.

Zorroztasun hori argiago ikusteko baliagarria da “genero-adierazpena” deritzan kontzeptua (ez du identitatearekin zerikusirik, baizik eta kanpora begira norberak bere pertsonalitatea adierazteko duen moduarekin, luma, kasurako). Adibidez, Falete abeslariak du gizonezko sexua, gizonezko identitatea eta adierazpen femeninoa; eta Bibi Andersenek gizonezko sexua, emakumezko identitatea eta adierazpen femeninoa. Alegia, adierazpen jakin bati ez dagokio bere horretan identitate jakin bat; eta gizon zein emakume izateko modu asko daude gorputzak ebakuntzetara derrigortu gabe.

Azkenik, haur transen kasuan, sei urteko mutil batek esaten duenean neska izan nahi duela, zer ari da esaten? Ziur asko ez dagoela eroso mugatzailea zaion maskulinitate ereduarekin, berari gustatzen zaiolako gauzak egitea eta adieraztea bere ingurumarian neskek jolasten, jarduten, esaten duten eran.

Azken urteotan berrindartu den mediku-makinaria diskurtsibo antolatuak esaten dio haur horri eta bere familiari neska izatearen nahia dagoela horren atzean. Aktibismo transexual kritikoa ez dago haur transen familien borondate onaren kontra, despatologizazio eredu horri darion ideologiaren kontra baizik. Mutil koskor horrentzat eraikitzen den utopia zoriontsua hauxe da: passing arrakastatsu bat izatearren –pertsona trans gisa oharkabean pasatzearren, alegia– hobe duzu ahalik eta lasterren tratamendu egoki bati heltzea. Horrela, zure transexualitatea ikusezina izango da eta “benetako” emakume zis baten itxura izango duzu.

Missek defendatzen du, aitzitik, haur transexualak ahaldundu egin behar direla gorputza bizitzeko erreferente transexual positiboak erakutsiz, esperientzia transexuala ez baita gorputzaren aldaketarekin desagertzen eta transexualitate transformatzailea ez baita gorputzaren aldaketan gorpuzten. Prozesu askatzaile eta eraldatzailea kortse binaristak apurtzetik etorriko da. Hala aukera gehiago izango dira norberaren gorputza biolentziarik gabe eta askatasunetik bizitzeko. •