Amagoia Mujika Telleria
NAGUSIEN EGOITZAK

Zaintzaile profesionala zaindu eta zerbitzuaren kalitatea hobetu, biak bat

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan langileak borrokan ari dira lan hitzarmena lotu eta beren eguneroko baldintzak hobetzeko. Zaintzaz arduratzen dira, %95 emakumeak dira eta azpikontratatuta aritzen dira. Prekarizazioa betikotzeko osagai guztiak dituen sektorea da eta, larriena dena, zerbitzu publiko bat eskaintzen du.

Gipuzkoako nagusien egoitzetan eta eguneko zentroetan egunak minutuka kontatzen dira, erlojuaren kontrako lasterketetan nola. «Goizean lanera sartu eta gaueko partea irakurtzen dugu. Adinekoek gaua nola pasatu duten jakin behar dugu. Segidan, gelaz gela hasten gara erabiltzaileak esnatzen eta gosaritarako prestatzen. Erabiltzaile bakoitzarentzat, batez beste 15 minutu. Gelan sartu, ‘egunon, zer moduz zaude?’. Pertsiana igo, oheko segurtasun barra jaitsi, mantak eta maindireak kendu, eusteko sistemak askatu –gehienek izaten dituzte–, ohetik altxatzen lagundu –batzuek neurri teknikoak behar dituzte, garabia–, dutxara eraman, dutxatu, lehortu, hidratatu, jantzi, orraztu, bizarra egin batzuei, belarritakoak eta bitxiak jantzi beste batzuei, hortzak jarri behar dutenei... eta eraman jangelara gosaltzera. Eta hori guztia 15 minututan», hasi da kontatzen Ana Sastre. Hogei urte daramatza sektorean lanean. Txara II egoitzako erizain laguntzailea da.

«Gauzak hain azkar egin behar direnean, kalitatea bidean geratzen da. Ezin dituzu erabiltzaileak nahi bezala zaindu. Beti zabiltza kronometroa atzetik daukazula eta ez baduzu agindutako denboran bukatzen, laster deitzen zaituzte bulegoren batera. Presioa sekulakoa da. Baina agintzen dutenei –enpresei eta Aldundiari–, badirudi ez zaiela axola nola ematen den zerbitzua. Korrika eta presaka ibili arren, langileak eta erabiltzaileak seko estresatuta egon arren, adinekoak txukun samar dauden itxura ematen badute, nahikoa da».

Estresa. Langilearen eta erabiltzailearen estresa elkarri lotuta daude. Ezin dira bereizi. «Gu estresatuta gaude eta, ondorioz, baita erabiltzaileak ere. Askotan haiekin lasai hitz egiteko denborarik ere ez dugu izaten. Eta horren behar handia daukate, entzunak izateko beharra daukate. Baina egungo lan kargarekin, askotan ezinezkoa da».

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan mobilizazioetan dabiltza azken hilabeteotan; 5.000 langile ingururen lan baldintzak hobetzeko borrokan. Ez daukate lan hitzarmenik eta bi urte daramate negoziatu nahian, baina, gaur- gaurkoz, ez dute lortu patronalekin gertutasunik.

Gipuzkoako zaharren egoitza eta zentro gehienak enpresa pribatuek kudeatzen dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketarekin. Dirua Aldundiak jartzen du, baita zerbitzu horren baldintzak ere. Horregatik, borrokan dauden langileek garbi daukate Gipuzkoako Foru Aldundiak esku hartu behar duela egoera hobetzeko. «Aldundiko arduradunek ‘kalitatezko zaintzaz’ hitz egiten duten bakoitzean ileak tente jartzen zaizkigu. Egungoa kalitatezko zaintza izatera gerturatzen bada, langileen izugarrizko ahaleginari esker da. Baina asko dago hobetzeko. Ratioak aldatu behar dira, langile gehiago kontratatu, baldintza ekonomikoak hobetu behar dira, lan kontratuak egonkortu... hori guztia Aldundiaren ardura ere bada», nabarmendu du Sastrek.

Beti presaka

Adineko pertsonak zaintzen dituzten zentroetan egunero errepikatzen dira une estuak edo kritikoak. «Adibidez, komunera joateko unea ez da erraza izaten. Erabiltzaile guztiak eramaten ditugu eta ilaran jarri, banan-banan komunera joateko. Akaso, ilaran atzean dagoenak presa handiagoa dauka eta itxaron egin behar du. Egoitza asko ez daude ondo prestatuta eta gerta daiteke bi komun bakarrik izatea erabiltzaile guztientzat. Eta komeriak izaten ditugu egoera horietan». Horrela azaldu du egoera Aitziber Aranberrik. Sastre bezala, erizain laguntzailea da eta hamahiru urte inguru daramatza sektorean. Villa Sacramenton lan egiten du.

Bazkaltzeko unea ere ez da samurra izaten. «Askok laguntza behar dute jateko orduan eta presaka aritzen gara, denengana ondo ezin iritsi. Batzuek janaria hotz jan behar izaten dute. Berez, protokoloaren arabera, lasai eman behar diegu jaten, bakoitzak behar duen erritmora... baina errealitatea oso bestelakoa da. Beti gabiltza presaka», gaineratu du Aranberrik.

Siesta ordua. Berez atsedenerako behar duena, kontrakoa bihurtzen da batzuetan. «Zentro batzuetan goizeko txandak sartzen ditu erabiltzaileak ohera eta arratsaldekoak altxa. Gertatu izan zaigu erabiltzailea hamabost minuturako oheratzea. Saiatzen gara ordena bat mantentzen, lehena oheratu dena lehena altxatzen, baina beti ez da posible izaten. Gerta daiteke ordu eta erdian bi langilek hogei siesta inguru kudeatu beharra. Pentsa nolako estresa».

Estresa langileentzat eta erabiltzaileentzat. «Langileek sekulako ahalegin fisikoa egiten dugu siestak antolatzen eta benetan balio al du zerbaitetarako erabiltzailea 15-20 minuturako oheratzeak? Hori guztia aztertu behar da; goazen gauzak ondo antolatzera, goazen denborak ondo kudeatzera, denon mesedetan, langileen eta erabiltzaileen mesedetan», zehaztu du Sastrek.

«Funtzionatzeko modu hori kate-lanaren parekoa da. Torlojuekin lanean ariko bagina bezala. Eta ez da erreala. Erabiltzaileen beharrak eta erritmoak errespetatuko dituen lan modu bat aldarrikatzen dugu. Eta horretarako beharrezkoak diren lan baldintzak aldarrikatzen ari gara. Hori da gure borroka, langileen egoera hobetzea eta zentroen funtzionamendua hobetzea».

Gaueko txandak ere ez dira lasaiak izaten. «Gaueko txandak oso gogorrak dira. Adineko pertsonek gutxiago lo egiten dute. Batzuk, nahiz eta eusteko neurriak izan, ohetik altxatzen dira. Kontuan izan behar dugu zentroak antolatuta dauden moduagatik, ordu asko ematen dituztela ohean eta batzuetan luze egiten zaiela gaua. Tinbrea jotzen dute etengabe, laguntza eta konpainia eskatzen dute. Eta hori guztia ondo egiteko, langile gehiago behar dira».

Prekaritatearekin bukatu

Langileen eskaeren artean, egungo prekaritatearekin bukatzea dago; %100eko kontratuak eta mugagabeak. «Badira %33 edo %40 inguruko lanaldiak. Eta, gero, etengabe aldaketak sartzen dizkiete, unean-unean enpresak dituen beharrak asetzeko. Eta horrela joaten dira lanaldia osatzen. Edozein unetan deitzen diete lanera etortzeko, baimenak, bajak eta bestelakoak estaltzeko. Hartara, beti daude enpresaren mende, haren deiaren zain. Badira lantokira egunean bitan edo hirutan etortzen direnak. Behin-behineko langileak dira eta beldur dira ezezkoa esanez gero hurrengoan ez dietela berriz deituko orduak sartzeko. Langileen prekaritatearekin jolasten dute etengabe. Prekaritatea erabiltzen dute zentroan sortzen diren beharrak tapatzeko eta langileen egoera prekario hori betikotzen dute».

Nagusien zentroetako langileen egunerokoak ertz ugari dauzka. Lan fisikoa eta emozionala da. Zaintza, finean. «Familiekin harremana askotarikoa da. Batzuekin, oso ona eta beste batzuekin, ez hainbeste. Egia da familia askok kontzientzia txarrarekin uzten dutela etxekoa zentro batean eta ezinegon hori batzuetan langileen bizkar gainean erortzen da», kontatu du Aranberrik.

Izan ere, oraindik etxe askotan kostatu egiten da zaharren zentroen aukera hautatzea. «Hor ere lan handia egin behar dugu. Kalitatezko zerbitzu bat eskaini behar dugu, pertsona bakoitzaren beharrak ondo aseko dituena. Gaur egun badira zaintzarako baliabideak, aukerak, eta horietako bat da zentroarena. Eta baliabide guztiak jarri behar ditu Aldundiak zentroen aukera kalitatezkoa eta bikaina izan dadin», esan du Sastrek.

Zaintzailea zaindu. Azkenaldian askotan entzuten den ideia da. «Aldundiak askotan nabarmentzen du zaintzailea zaintzeko beharra. Baina bere kargu dauden zentroetako langile profesionalak zaintzen al ditu? Errealitateak garbi uzten du ezetz. Eta zaintzaile profesional horiek zaintzea Aldundiaren ardura da», salatu dute langileek.

Zaintza, ikusezina

Zaintzaren lehen lerroan lan egiten dute nagusien zentroetako langileek. Eta gehienak, %95, emakumeak dira. Lehen etxeetan egiten zen zaintza ikusezina zen, emakumeek egiten zutelako eta genero rolek inposatuta zetorrelako. Orain, zaintzaren parte garrantzitsu bat zentroetan egiten da, baina ikusezina izaten segitzen du. «Gure sektorea erabat feminizatua dago eta horregatik gaude egoera hain prekarioan. Gertu tokatzen den arte, zaintza ikusezina da jendartearentzat. Are gehiago, jende gehienak beste aldera begiratzen du. Eta garbi dago zaintza izango dela datozen urteetan konpontzeko izango dugun korapilo handienetakoa», nabarmendu du Sastrek.

Bizitza-itxaropena luzatu ahala, adinekoen egoitzetan panorama aldatu egin da; gero eta erabiltzaile gehiago daude eta gero eta mendekotasun maila handiagoa dute. «Lehen erabiltzaileak askoz autonomoagoak ziren. Gaur egun, gero eta gehiago dira ‘mendekoak’ edo ‘oso mendekoak’ deitzen ditugunak. Horiek behar duten zaintza ere desberdina da, denbora eta arreta gehiago behar dute», gaineratu du Aranberrik.

Zaintza lehen lerrora ekarri beharra azpimarratzen dute langileek behin eta berriro. «Zaintzak zerbitzu publikoa izan beharko luke. Aldundiak hartu beharko luke bere gain eta benetako kalitatea ziurtatu, zaintzaileen eta erabiltzaileen mesedetan. Gaur egun langileok sekulako ahalegina egiten dugu, beti ematen dugu gehiago, pertsonekin lan egiten dugulako eta ezin ditugulako arreta eman gabe utzi. Beti ematen dugu pixka bat gehiago, iristeko, erabiltzaile guztien beharrak ahal bezala asetzeko. Langileak lur jota gaude, gorputz guztia minduta, emozionalki oso ukituta... eskatzen dugun bakarra da gure lan baldintzak hobetzea eta zerbitzua hobetzea, denon mesedetan. Hain zaila da ulertzea?», galdera, Sastrek.

Emozionalki ere ez da egiteko samurra. «Adineko pertsonek behar emozionalak dituzte eta guregana jotzen dute horiek asetzera. Eta guk behar horiek ere zaindu nahi ditugu, baina horretarako denbora behar dugu. Gure lana gustatzen zaigu eta lana duintasunez eta kalitatez egiteko baldintzak eskatzen ari gara», gaineratu du Aranberrik.

Iazko irailetik izandako greba egunak, mobilizazioak eta protestak ez dira berriak sektorean. Historikoki borroka bat bestearen atzetik lotu dituzte, bizi duten prekaritatearen eta haserrearen seinale. «Gure sektorean borrokak etengabekoak izan dira. Lauzpabost urtean behin edo, protestak egin izan ditugu baldintzak hobetzeko eskatuz. Eta oraingoan ere ez dugu atzera egiteko asmorik. Eutsi egingo diogu», esan du Aranberrik. Beren aliatu nagusiak erabiltzaileak direla dio. «Adineko pertsonak dira egunerokoan nola ibiltzen garen ikusten dutenak. Asko eskertzen dute gure lana eta guretzako hori sekulakoa da. Eta familiak, berdin. Senideek oso gutxi ikusten dute, eguneko ordu askotan ez daude han. Baina ikusten dutenetik, orokorrean asko baloratzen dute gure lana», bukatu du Sastrek.

 

Ela sindikatua: «Garbi daukagu falta den bakarra borondate politikoa dela»

2018ko irailetik, ELAk deituta hamarka greba egun izan dira Gipuzkoako adineko pertsonen zentroetan. Apirilaren hasieran beste 27 egun deitu zituzten. Datozen mobilizazioak apirilaren 26-30 bitartean eta maiatzaren 1etik 10era daude deituta. Eta, horiekin, dagoeneko 65 greba egun izango dira.

ELAko Txomin Lasak garbi dauka ez dutela atzerapausorik emango borroka horretan. «2017ko urtarrilean aurkeztu genuen gure eskaeren plataforma. Ez genuen uste beste munduko eskaerarik zegoenik, erabat eskaera zentzuzkoak ziren guztiak, sektorea orekatzeko eta erregularizatzeko beharrezkoak. Erresidentzia bakoitzak bere erritmoa dauka, bakoitzak hitzarmen propioa dauka eta hori bateratzea garrantzitsua da. Baina ez genuen erantzunik jaso. Patronalek arazoa beraiena ez balitz bezala jokatzen zuten, Aldundiarena balitz bezala. Aldundiak, berriz, denbora pasatzen uzten zuen ezer egin gabe. Greba deialdia erregistratu genuenean hasi ziren mugitzen. Patronalek mahai gainean lotsagarria zen proposamena jarri zuten eta ELA mahaitik altxatu zen. Zergatik? Proposamen horrek ez zituelako betetzen ezinbesteko bi baldintza: sektoreko lan hitzarmena eta enpresetakoak aldi berean sinatzea eta 2017 eta 2018. urteetarako eduki ekonomikoa izatea».

Lasak nabarmendu duenez, «sektorean %95 emakumeak dira. Datu hori klabea da borroka ulertzeko orduan. Duela hamar urte hasitako borroka da, egoera oso latzetik eta injustutik abiatu zena. Behin mahaitik altxatzen zarenean, ezin zara belaunikatu. Askoz samurragoa litzateke akats historikoa onartzea, bai politikariek, baita gizarteak ere, eta langile hauek egiten duten lana errekonozitzea eta baloratzea».

Batzar Nagusietako politika sozialeko batzordean Lares patronaleko lehendakariak esandako hitzak ekarri ditu gogora. «Bikoitza kobratuta ere, sektore hau ez litzateke inoiz maskulinizatua izango. Gizonezkoei ez zaigu inporta emakume batek ukitzea eta garbitzea. Baina emakumeei ez zaie gustatzen gizonek ukituak eta garbituak izatea». Lasaren esanetan, horrelako adierazpenek garbi erakusten dute gizartean zaintza ikusteko dagoen modua. «Horrelakoak entzunda, gero eta garbiago daukagu borrokan segitu behar dugula».

ELAko ordezkariak uste du jendarte bezala apustu bat egin beharra dagoela. «Zaintzak publikoa izan beharko luke, tartean negozioa egin behar duten enpresarik gabe. Sistema hankaz gora jarri behar da horretarako, sustraitik aldatu beharra dago. Ideologia kontu bat da; zeri ematen diozu lehentasuna gizarte bezala? Pertsonak ahalik eta ondoen egotea jaiotzen garenetik hiltzen garen arte. Eta hori horrela izan dadin baliabide eta jarrera onena eskaini behar da erakunde publikoetatik. Baina normalean mentalitate hori ez dator bat boterean daudenekin. Beren apustua enpresak azpikontratatzea eta zaintzaren lepotik negozioa egiteko aukera ematea da. Enpresa guztiak berdinak dira. Zerbitzu publikoen ustiapena egiten dute eta hor merkatu-nitxo bat dago».

Bitartean, sektorean haserrea da nagusi. «Sistema horrek ez zuen aurreikusten momentu batean emakumeak altxatu eta protesta egingo zutenik, beren lanari balioa emateko eskatuko zutenik. Hori da abiapuntua».

Lakuako Gobernutik ezarritako zerbitzu minimoek ere hautsak harrotu dituzte. ELA sindikatuak demanda bat aurkeztuta dauka horren inguruan. «%70-80ko zerbitzu minimoak ezartzea greba eskubidearen aurkako erasoa da. Eskandalagarria da; Gipuzkoan %70-80ko zerbitzu minimoak ezartzea Lakuako Gobernua prestatzen ari den dekretuak zehazten dituen ratioak gainditzea da».

Aldundiaren eta ELAren arteko liskarra

Esanda bezala, ELA ez dago negoziazio mahaian. Eta mahaitik kanpo akordio batera iritsi zen Adegi eta Matia patronalekin, pisu gehien dutenekin. «Aldundiak berak eskatu zigun patronalekin zuzenean akordio bat lortzen saiatzeko. Guk hori egin genuen, akordio batera iritsi ginen, eta badirudi Aldundiak ez duela akordio hori babestu nahi. Historikoki formula hori baliatu izan da eta akordioak lortu izan dira. Gero, akordio hori negoziazio mahaira eraman behar da. Baina lehen aldia da B jokoaren arauak ez direna betetzen».

Akordio horren harira, Aldundiaren eta ELA sindikatuaren artean ika-mika larria sortu da, elkarri akusazio zorrotzak jaurti dizkiote. «Aldundia gezur bat bestearen atzetik ari da botatzen eta guk bukaerara arte defendatuko dugu akordio bat genuela. Posturak erradikalizatzen ari dira. Aldundiak ez badu akordio hori ekonomikoki babestu nahi, arazo bat dago, guk ez baitugu atzera egingo».

Lasaren ustez, akordio hori «oso ona» da. «Soldatak hobetzen ditu, langile kopurua hobetzen du, lanaldi osoko kontratuak bultzatzen ditu, egonkortasuna ziurtatzen du, errotazioa gutxitzen du, zerbitzuaren kalitatea hobetzen du... Garbi daukagu borondate politikoa dela falta den bakarra. Lana eginda dago, bidea ibilia dago eta ez daukagu atzera egiteko inongo asmorik».

 

Ane Sarriegi

«Langileek ahal dutena eta gehiago egiten dute eta horri esker eusten da sistema»

LAB sindikatuak negoziazio mahaian jarraitzen du, CCOO eta UGT sindikatuekin gutxiengoan. ELAk dauka gehiengoa mahaian eta altxatu zenetik, blokeatu antzean dago. LABeko Ane Sarriegik aurreratu duenez, apirila bukaeran edo maiatza hasieran, astebeteko greba deialdia egingo dute.

Patronalek mahai gainean proposamen bat jarri zuten 2018ko irailean.

Bai, bi urte eta erdi beranduago etorri zen proposamen hori eta, bertan, izozketa bat proposatzen zen. Guk inondik inora ez genuen proposamen hori onartu, lotsagarria iruditu zitzaigun, baina mahaian jarraitzea erabaki genuen. Mobilizazioekin, baina negoziazio mahaian. Patronalen proposamena errespetu falta bat iruditu zitzaigun, baina ez genuen erabat ulertu ELAren erabakia, kasik %60ko ordezkapena edukita. Giltza beraiek daukate.

Zein da mahai horren gainean jarri duzuen zuen proposamena?

Oinarrizko soldata toki eta foru administrazioen mende dauden langileen batez bestekoarekin parekatzea; hiru urteko iraunaldia; kontratazio zuzena, mugagabea eta aldi osokoa; lanaldi normalak –orain oso lanaldi desberdinak dituzte eta ez dugu ulertzen zergatik–; langileen ratioak ezarriko dituen batzorde parekidea osatzea –hau oso garrantzitsua da. Aldundiak ezarritako ratioak oso eskasak dira eta lan karga eta erritmoa sekulakoa da. Ratioak oso desfasatuta daude eta askoz gehiago prekarizatzen dute sektorea–; prestakuntza eta formakuntza eta 20 minutuko atsedenak, ordainduak eta lanaldiaren barruan.

Egoera oso prekarioan dagoen sektorea da.

Gehienak emakumeak dira eta zaintza lana egiten dute. Gainera, azpikontratatutakoa. Zer pentsatu eman behar liguke horrek gizarte bezala. Finean, gure aiton-amonak zaintzen dituzten langileak dira eta sistema da. Aldundiak babestutako sistema da eta zer pentsatu ematen du zerbitzu sozialak direnak irabazi asmoak dituzten enpresen esku uzteak, ezta? Gure aldarrikapena da zerbitzu publikoa izan behar duela. Hori da azken helburua argi eta garbi: Adineko pertsonen zaintzak publikoa izan behar du.

Langileen baldintzak hobetzeak zerbitzua hobetzea dakar.

Dena lotuta dago; lan baldintzak hobetzea eta ratioak hobetzea. Hala ere, eskerrak langileei. Ahal dutena eta gehiago egiten dute eta horri esker eusten da sistema. Sekulakoa da egoiliarrekin egiten duten lana, bihotza eta gorputza jartzen dutelako eguneroko lanean. Horrek ahalbidetzen du zerbitzua gutxienez bermatua egotea.

Bide horretan, LABetik eskatzen ari gara lan arriskuen ebaluazioa lantzea. Sektorean laneko baja asko daude, baina beste asko lanera joaten dira gaizki egon arren. Ebaluazio horretan zehaztu behar da zein arrisku dituzten langileek beren egunerokoan eta horiek gutxitzeko moduak jarri behar dira. Eta ebaluazio horrek bizia izan behar du, beharren arabera moldatu behar da. Alor hau lantzen ari gara oso garrantzitsua iruditzen zaigulako.

ELAk akordioa lortu zuen bi patronalekin mahaitik kanpo.

Guk berehala salatu genuen hori joko zikina dela. Mahai bat dago, ELAk gehiengoa dauka mahai horretan eta mahaitik kanpo ari da negoziatzen mahaian bertan dauden bi patronalekin. Ez zaigu batere gustatu. Gauza bat da harremanetan egotea eta beste gauza bat negoziazio mahaiaren eta beste sindikatuen gainetik salto egitea. Guk ordezkatzen ditugun langileen gainetik salto egin dute eta horrela salatu dugu.

Aldundia prozesu horren jabe zen, bultzatu egin zuen, eta horrekin asko haserretu gara. Gure haserrea, batez ere, Aldundiarekin da, egoeraren arduraduna delako. Ez dugu ulertzen erakunde publiko batek horrelako negoziaketa arraroak, mahaitik kanpokoak, nola bultzatu eta babestu ditzakeen. Negoziaketa horiek mahaian egiteko aukera zeukaten.

Prozesu honetan guk oso garbi daukagu zer negoziatu nahi dugun eta non negoziatu behar den. Herrialdeko hitzarmena behar-beharrezkoa da feminizatua eta prekarizatua dagoen sektore batean. Hori da gure lehentasuna.