Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Eguzkiari topa

Aspaldi ez nuela Arantxa Tapiari buruzko notiziarik. Izango da, agian, euskal telebista oso gutxitan sintonizatzen dudalako. Autoan nindoan irrati publikoan entzun nuenean, esan bezala, aspaldiko partez. Kontua honakoa zen. Europako Eguna omen da maiatzaren 9a. Zerbaiten eguna izateak berak, egia esan, nekatu egiten nau, oso data seinalatuak ez badira. Badirudi egun horietan guztietan eguzkiari topa egitea libre dela. Lau hitz polit, argazkia eta listo.

Europaren Eguna delako horretan, gogoratu beharko genuke europarren arteko bakeari eta anaitasunari buruzko mezu artean 1950eko Schuman Adierazpena ospatzen dela. Hau da, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoaren, egungo Europar Batasunaren, abiapuntua. Hasiera-hasieratik eskuinak proposatu eta aurrera eraman zuen proiektua eta gerraostean sortu ziren ongizate estatuen zartatzea lehen unetik aurreikusi zuena, kapitalaren jabeen mesedetan.

Aurtengo Europaren Egunean, Arantxa Tapia izan zen erakunde publikoek antolatutako ekitaldiko protagonista. Nik espero nuen neoliberalismoaren apologia zabarra egingo zuela eta arazo guztien errua langileei egotziko ziela, ohi bezala. Esaterako, hilabeteetako grebaren ondoren Tubacexeko langileei epaileek arrazoia eman ondoren, greba hark gure herriaren irudi txarra eman zuela aipatu zuenean bezala. Edo absentismoari, ekonomiaren eta familien arazo berebizikoa omen denari, aurre egiteko asmoa tinko adierazi zuenean bezala. Baina ahaztu egiten dut Ekonomiaren Garapenerako sailburu izateaz gain, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua ere badela.

Horrenbestez, azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak «hazkuntza jasangarriko estrategia bat» diseinatua duela jada, eta klima aldaketaren ondorioen aurrean «bizkortasun eta intentsitate handiagoa» eskatu zuen. Izan ere, eta edozer esatea libre denez, Tapiaren hitzetan, «ekintza guztiak, txikiak badira ere, garrantzitsuak dira». Adibidez, Azpeitian bertan Corrugados berrirekitzea, nahiz eta bertako udalak aurkako iritzia eduki. Edo AHT abiadura handiko trenaren eraikuntza faraonikoan tematuta egotea. Jakin badakit, Tapiak bere txikitasunean, ekarpen bikaina egiten duela eredu ekonomikoa zalantzan jarri eta etorkizunean bizi daitekeen mundua irudikatzeko orduan. Nonbait, intimitatean egingo du, Aznarrek katalana bezala.

Tematuta egongo naiz ni, bere hitzetan ezer ez sinistera eta etsai ideologiko argi bat ikustera. Ziurrenik izango da Madrileko Ayusok grazia handia egiten didalako eta barren-barrenean, euskal Ayuso bat ere edukitzea gustatuko litzaidakeelako. Edozer esanda lasai geratzen den horietakoa eta gutxienez titular erakargarriak eskaintzen dituena. Baina Tapiaren kasuan, irribarrea ateratzea kostatzen zait, sikiera interbentzio txiki bat ere eskaintzen ez didalako umorez har daitekeen horietakoa. Jarraituko dut itxaroten, ea berandu baino lehen Eusko Jaurlaritzaren esklerosi ideologikoak inplosionatzen duen eta haize berriak dakartzagun Euskal Herriko mendebalde aldera... •