Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevista
MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN

«Txapelketan zehar irabazi dut kinieletan postu bat eta horrek izugarri pozten nau»

Hendaia, 1994. 2012an parte hartu zuen lehenengoz Xilaban. Urte batzuk bertsoetatik aparte eman eta gero, 2018an bueltatu zen. 2021ean finalista izan zen. Aurten, bigarren finala du.

(Guillaume FAUVEAU)
Nolakoa izan da bidea eta nola iritsi zara finalera?

Txapelketako bidea luzea izan da. Lehenbiziko saioan aritu nintzen eta azken saioan ere arituko naiz. Horrez aparte, txapelketa prestatzen denbora pila bat daramagu, urte bat baino gehiago. Alde horretatik ere luzea izan da, baina biziki pozgarria. Txapelketa hasieran ez nuke hain txapelketa ederrik irudikatuko lehia aldetik eta bertso maila aldetik. Saio guztietan aritu naiz gustura eta puntuetan ere izan du isla. Hiru saioak irabazi ditut eta puntuazio handienarekin noa finalera. Oso pozgarria da.

Bigarren finala Xilaban.

Bai, hori da. 2012an kantatu nuen lehen aldiz Xilaban. Biziki gaztea nintzen eta ez dut batere oroitzapen onik. Xilaba hori eta denbora batera, bertsolaritza uztea eta bertsolaritzarekin erabat moztea erabaki nuen, baita bertsozale bezala ere. Urte batzuk isilik pasa nituen eta 2018 inguruan berriz hasi nintzen bertso eskolara joaten. Taldekako txapelketetan parte hartu nuen Nafarroan eta Xilaban. Biziki oroitzapen onak ditut txapelketa hartatik eta berriz hasi nintzen plaza batzuk egiten. 2020-2021eko bakarkako Xilaban izena ematea erabaki nuen eta aldi hartatik oroitzapen onak ditut. Bertsotara itzultzea erabaki nuenean modu kontzienteago batean egin nuen, txapelketa ederra egin eta finalera pasa nintzen.

Lau urte pasatu dira eta geroztik nire bertsoarekiko atxikimenduak ez du etenik izan.

Etena aipatu duzu. Finalista askoren kasua da: bizitzaren une batean distantzia hartu duzue bertsoarekiko.

Begiratu egin beharko litzateke, baina uste dut emakume bertsolari askoren kasua dela, uneren batean utzi egin dugula eta beste momenturen batean erabaki kontziente baten bidez bueltatu egin garela. Nik uste dut ez dela kasualitatea. Berriz bueltatzen ari nintzen garaian irakurri nuen Uxue Alberdiren “Kontrako eztarritik” liburua eta oso identifikatuta sentitu nintzen bertan agertzen diren zapalkuntza mekanismo batzuekin. Nolabait, liburu horri esker ulertu nuen zergatik utzi nuen bertsolaritza. Nik baneukan sentsazioa ez nintzela ongi sentitzen, konfiantza falta nuela... Susmo batzuk banituen, baina ez nuen identifikatzen zergatik. Urteetara argi ikusi nuen genero aldagaia oso garrantzitsua izan zela nik bertsolaritza utzi izanaren kontuan; sare feminista baten beharra, autoexijentzia handia, konfiantza falta handia nire buruarengan... Bertsotara bueltatzea erabaki kontziente bat izan zen. Bertsolari feministak saretzen hasiak ziren, ahalduntze bertso-eskola existitzen zen... Ni sare horien bidez engantxatu nintzen berriz bertsolaritzara. Oso kontzienteki bilatu nuen eroso sentituko nintzen bertso-eskola bat, eta garrantzitsua izan da Alazne Untxaloren figura. Bion artean eraiki dugu bertso eskola eta espazio seguru bat eta horri esker ari naiz ni bertsotan.

Bertsoarekin adiskidetu zara une honetan toki bizigarriagoa iruditzen zaizulako?

Uste dut une honetan baditudala nire segurtasun gabeziak lantzeko tresnak eta tresna horien parte da sare feminista. Atzeko lanketa hori, beldurrak plazaratzeko leku hori, niretzat oso garrantzitsua da gero plazara ateratzen zaren momentuan konfiantza izateko.

Autoexijentzia aipatu duzu. Bederatzi emakumek abiatu zenuten Xilaba, eta, bost, finalera.

Emakumeok plazara salto eginen badugu, normalean izaten da batezbestekotik gora bagaudelako, gure ustez nahikoa onak bagarelako plazan kantatzeko merezimendua izateko. Aldiz, gizonezkoak, normalean -eta ez da kritika bat, inbidia ematen didate-, nahiz eta ez hain onak izan, errazago ateratzen dira plazara. Eta errepikatu egingo dut, inbidia ematen didate eta uste dut emakumeak gehiago ausartu beharko genukeela gauzak ez hain ongi egitera. Egitekotan, ongi egiten dugu eta bestela ez dugu egiten. Eta hori oso blokeatzailea iruditzen zait. Gure buruari gehiago baimendu beharko genioke akatsak egitea edo ez hain onak izatea.

Txapela janzteko faboritoen zerrendan zaude.

Oso pozik nago horrekin. Uste dut txapelketa hasi zenean ez nengoela jendearen kinieletan, Maddalen eta Miren zeuden batez ere. Txapelketan zehar irabazi dut kinieletan postu bat eta horrek izugarri pozten nau. Aldi berean, ez dut presiorik sentitzen. Gogo handia daukat buruz burukoan kantatzeko eta txapela irabazteko. Baina, aldi berean, ez badut lortzen ez da mundua bukatuko. Saio polit bat eginda konformatuko nintzateke, baina aldi berean ilusioz eta borroka egiteko gogoz noa.