Joxean Agirre
Entrevista
Mikel Lasa

«Nire barruko urduritasunaren aterabide bat izan daiteke bidaia»

Mikel Lasa
Mikel Lasa

Edorta Jimenezek kontatzen du Euskaltzaindiaren liburutegitik fotokopiatu zuela Mikel Lasaren “Poema bilduma” eta Mundakako Talara (talaiara) igo eta Izaro aurrean zuela irakurtzen zuela poema bat eta aserik ardo batzuk edatera jaisten zela portu zaharrera. Horrela jakin zuela dio poesia mota hori euskaraz ere egin zitekeela eta Arestirena baino “poesiagoa” iruditu zitzaiola. Biak izan ziren garai bertsukoak (Aresti bost urtez zaharrago), biek inauguratu zuten poesia modernoaren aroa gurean, nahiz eta bide arras ezberdinetatik egin zuten bidea. Mikelen obra laburra izan zen. 18 urtetik 25era idatzitakoak bildu zituen “Poema bilduma” famatuan. Liburu hori 1984an berrargitaratu zen bere marrazkiz lagunduta eta “Memory Dump” izenekoan bildu zituen 1993an bere poesia guztiarekin batean azken urteetako gogoeta, liburu iruzkin eta ohar pertsonalak, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez idatziak. Berak behin baino gehiagotan liburuaren zati “pertsonalegi” horrek lotsa ematen diola aitortu izan badu ere, euskaraz gutxi landu den generoa da (Anjel Lertxundi da salbuespena) eta oso da interesgarria eta ederra. Orain hamar urte erretiroa hartu eta aspaldidanik lantzen ari zen proiektuari ekin zion: hogei bidaia baino gehiago egin ditu bizikletan Europan barrena, margo kaxa bat lagun zuela. Bidaia horietan egindako 200 bat akuarela, pastel eta marrazki bildu ditu bidaia kaiera batzuekin batean Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan.

«Memory Dump» liburuan kontatu zenuenez, irlandar bidaiari bat aurkitu zenuen behinola Donostiako Kontxan, eserleku batean eserita, ondoan bizikleta zuela. 1989ko kontua da hori. Orduan hasi omen zinen erretiroa hartu eta gero praktikatu duzun nomadismoarekin amets egiten.

Lehenagotik ari nintzen bizimodu horrekin amesten, baina bidaiari horrena premonizio moduko bat izan zen. 70 bat urte zituen, gizon segaila zen, dotorea, fisikoki erakargarria. Esan dezagun haizeak zizelkatu eta taxututako aurpegia zuela. “Nik ere horrelakoa izan nahi dut adin horretara iristen naizenean” esan nuen nirekiko. Bere atzetik ibili nintzen eta berarekin hitz batzuk egitera iritsi nintzen biharamunean. Lehenagotik nuen inoiz bidaiatzen hasteko asmoa, baina gizon hark gogoetak mamitzen hasteko bidea eman zidan.

Bidaiarena etengabe erabili izan duzun gaia da, zure testuetan ere asko agertzen dena.

Nire barneko urduritasunaren aterabide bat izan daiteke. Bidaietan pentsatzen egotea eta bizimodu errari baten ametsarekin bizitzea oso neurea izan dut. Lasaitzeko ibili egin behar izaten dut. Uste dut jende askok erabili duela bidaia sendagai bezala eta erromesak ere neurri handi batean terapia gisa zerabiltela eta darabiltela bidaia, ataraxia lortzeko bitarteko gisa. Bruce Chatwin eredugarria da gai hau argitzeko. Londreseko arte enkante-etxe bateko exekutiboa izan zen, dena utzi eta Patagonia zeharkatzera alde egin zuen arte. Oraindik orain irakurri ditut bere gutunak. Gizonak nomadismorako joera hori zergatik duen aztertu nahi izan zuen. Eta uste dut gure barruko egonezina dela eragile nagusietako bat. Mandelstam poetaren bizimoduak eta idazteko erak ere lotura estua du gai honekin. Stalinek gogor jazarri zuen eta bere emaztearekin batera batetik bestera ibili behar izan zuen miseria gorrian biziz, eta bere poema gehienak buruz idazten zituen ibilian zihoan bitartean. Piaget pedagogoaz ere entzun izan dut mendira joaten zela pentsatzera eta ibilian taxutzen zituela bere teoriak.

Baina zu ez zara Chatwin eta Mandelstam bezala oinez ibili, bizikletan baizik.

Ez naiz oinez ibiltzekoa. Bizikleta oso lagungarria dela iruditzen zait. Oinez ibiltzeak asko mugatzen du. Hamar edo hamabost eguneko bidaia bat egitera joan eta ezin da oinez gauza handirik egin. Bizikletan errazagoa da kilometroak egitea baina, bestalde, bidea ikusteko adina aukera ematen du bizikletaren abiadurak, gauzei erreparatzeko, ohartzeko. Nik, gainera, oso etapa laburrak egiten ditut; batzuetan 80 kilometro egingo ditut, baina hurrena 30 bakarrik.

Entrenatzen al zara? Ipurdia gogortuta joaten al zara?

Hori nahitaezkoa da. Proventzara egin nuen azken bidaian aurretik batere ibili gabe joan nintzen eta bigarren egunerako ipurdia minberatuta nuen. Ez nuen batere gozatu.

Bertan alokatzen al duzu bizikleta?

Ez, neurea eramaten dut beti. Errepideko bizikleta erabiltzen dut; gutxi pisatzen du, poltsa berezi batean gorde eta eraman erraza da. Aireportuan bertan muntatu, trepetak gainean jarri eta abiatzen naiz. Arropak sartu ezinik ibili ohi naiz beti. Manilarraren gainean burua jartzeko moduko arropa piloa eramaten dut. Gogoratzen dut Connemarara joan nintzen batean aldapa bat igo eta nekaturik goitik behera burua buruko horren gainean jarrita, lo egiten ari banintz bezala, nola jaitsi nintzen. Tarteka, noski, begiratzen nuen aurrean zer nuen. Connemara leku ederra da, nire geopoetikaren ikurretako bat, lurra eta ura modu ikusgarrian lotzen dituelako.

Zein da gehien bisitatu duzun herrialdea?

Italia. Guztira hogeita hiru bidaia egin baditut, hamar bat Italiara izan dira: herrialde hori goitik behera zeharkatu dut, hasi Gardatik eta Siziliaraino. Eskualde batzuk, noski, zapaldu gabe geratu zaizkit eta jarraitzeko asmoa edo gogoa badut. Bidaia bakoitzean margolari edo idazle ezagunen arrastoak jarraitzen ditut ahal den neurrian. Gardatik abiatu nuen bidaian, Katulo poetaren jaioterria bisitatu nuen. Montaleren arrastoak jarraitu ditut, Leopardirenak Recanatin, Arezzora joan eta Leyenda de la Santa Croce delakoa ezagutu nuen, hogeita gehiago margolarik egindako triptikoa da, oso ederra. Eliza horretan entzun nuen nik entzun dudan azken meza, triptikoari begira. Lehen bidaia Cortonatik abiatu nuen eta Piero della Francescaren ibilbidea egin nuen. Orduan ohartu nintzen Italiak bi aurpegi dituela. Badu aurpegi atsegin, frantziskotar eta ezkerreko bat. Partisanoen Italia da hori. Eta badago Italia tragiko, eskuindar eta faxista bat ere. Leku ikusgarri asko ikusi ditut. Riminin, esaterako, bada Alberti artearen teorikoak diseinatutako katedral bat, elizak ozta-ozta onartu zuena. Inon ikusi dudan elizarik paganoena da, hedonista erabat. Elizaren barrualdea putzuz beteta dago, aingeruak erreketan bainatzen ari diren haurrak dira, alabastroan eginak… ikusgarria. Bidaiak kontatzen hasten banaiz, ez dugu bukatuko.

Ez dira asko prestatutakoak.

Ez, ez. Aurretik ostaturik ez dut sekula hartzen eta askotan parke batean egin izan dut lo, edo zelai baten ertzean.

Estatu frantziarrean Proventza maite duzu.

Van Gogh-en arrastoen bila ibili izan naiz han. Margolari honekiko dudan lilura nerabezarokoa da. Aldizkari batean “Gau izarratua” ikusi eta txundituta geratu nintzen. Lilura ez da bere margolanekikoa bakarrik, pertsonarekikoa ere bada. Bere gutunak izugarriak dira, asko anaiari idatzitakoak. Esaten dute gutun liburu hori literatura unibertsaleko onenetakoa ote den. Van Gogh-en arrastoei jarraiki, ezustekoak izan ditut. Behin Camargue aldera nindoala, gauean zelai batean lo egin eta ihintzez bustita abiatu nintzen Les Saintes Marie de la Mer herrixkara, hor margolanak baititu. Herrixka famatua da urtean behin Frantzia osoko ijitoak bertan biltzen direlako. Hortik, Arlesera jo nuen eta hirira iritsi baino lehen txoko eder batekin topo egin nuen. Han margotzen ari nintzela, gizon bat etorri zitzaidan esatera duela gutxi arte plaka bat egona zela han eta jartzen zuela Van Gogh egoten zela margotzen. Niretzako nire maisuarekin topo egitea bezala izan zen. Arlesen ere asko egon zen. Gauguinekin han ibili zen haserretu ziren arte.

Zuk asko maite duzun Michel Tournierrek dio musikariak batetik bestera ibiltzekoak direla eta margolariek, aldiz, sustrai gehiago dutela, lotuagoak daudela paisaia bati. Zureak entzunda, ez dirudi egia denik.

Ez da Van Gogh-en eta Gauguinen kasua ere. Dena den, Van Gogh-en margolari bizitza laburra izan zen, zazpi bat urte iraun zuen eta milaka margolan utzi zituen.

Zure poeta bizitza ere zazpi urtekoa izan zen.

Bera hil egin zen eta horregatik bukatu ziren haren lanak. Nik utzi egin nuen poesia.

Komunikabideetan erakusketaren berri eman dute. Zure ibilbideaz hitz egin behar dugu pixka bat. Zein izan ziren zure ikasketak?

Salamancan Lasalletarrekin Filosofia eta Teologia ikasketak egin nituen eta hor hasi nintzen euskaraz idazten 50eko hamarkada bukaeran. Beti esan izan dut euskara nire barneko hizkuntza zela. Asko irakurtzen nuen, pentsatu eta gogoetak euskaraz egiten nituen eta intimitate hori lantzetik sortu zitzaidala uste dut poesia egiteko joera. Geroago ezagutu nuen Aresti. Bere “Harri eta herri”n nire aipamen bat egiten du. Kontatzen du nola irakurri zizkion Blas de Oterori nire poemen itzulpen batzuk. Aresti gustukoa nuen, indar handiko idazlea zen.

Baina baduzu testu bat «Memory Dump»en «Maldan behera» gogor kritikatuz.

Ez zitzaidan gustatu. Eliot-en eragin nabaria du Arestik lan horretan, baina ez zuen haren espiritualtasunik atzeman. Kritika gogorra egin nion, baina Arestik hizkuntza literario sendoa zuen eta hori aitortu egin behar zaio. Itzultzen ere oso ona zen. Gogoan dut “Egan”en nola atera zituen gaztelaniaz idazten zuten Bilbo inguruko poeta batzuen lanak 60ko hamarkada hasieran. Urte horretan Liejako Arte Ederretako Eskolara joan nintzen pintura ikasteko asmoz. Bizi ahal izateko platerak garbitzen nituen eta “Egan”en ale bat aurrean jarrita garbitzen nituela platerak, poema haiek buruz ikasteko asmoz. Hamarkada horren hasieran Philippe Oyamburu Getariara etorri zitzaidan bisitan eta Arestiri buruzko iritzi batzuk eman nizkion eta artikulu bat atera zuen “Notres Lettres Françaises” aldizkarian garaiko euskal literaturaz.

Ikasketak Salamancan utzi ditugu.

Salamancan hiru urte eman, etxera itzuli eta Ekonomia ikastea erabaki nuen, baina denbora erdian egiteko asmoarekin. Lehen bi ikasturteak azterketa batzuen bidez konbalidatu nituen, baina hirugarren ikasturtea hasi ordez Liejara joan nintzen pintura ikastera, eta sei hilabete batetik bestera eman nituen. Sorbonnera ere gerturatu nintzen, han ikasten jarraitzeko zer aukera nituen begiratzeko. Baina klase batera joan, atea ireki eta gelan sekulako ikasle piloa zegoela ikustean, hura ez zela niretzako lekua pentsatu eta itzuli egin nintzen. Etxera etorri eta soldaduska egin behar izan nuen Astorgan. Oso zoriontsu izan nintzen soldaduskan. Nire oporrik luzeenak izan ziren. Inguruko lautadetan ibiltzen nintzen gizon errari baten moduan. Garai horretan, sudurra itxi egiten zitzaidan leku itxietan sartu orduko eta eragozpen hori ere han sendatu zitzaidan betiko. Ekonomia bi urtetan bukatu nuen, eta ohartu nintzen ikasketa haiek ez zidatela balio enpresa bateko kontuak emateko ere eta Suitzara jo nuen, Friburgora, Informatika ikastera. Diploma bat atera nuen. Bigarren ikasturtean irakasle laguntzaile gisa ere lan egin nuen. Nire lanbidea hori izan da, informatikari gisa lan egin dut.

Labur kontatuta, nondik nora ibili zara lanean?

Ularko kooperatiban hasi nintzen lanean. Oraindik ere kooperatiba zalea naiz, nire ideologiaren ardatzetako bat da kooperatibismoa, nahiz eta Arizmendiarrietaren predikuetan ez nuen sinesten. Ularkon sei urte egin nituen, prozesu zenbait informatizatzen. Gogoratzen dut Oñatin oraindik eraiki gabe zegoen kooperatiba baten diseinua egin genuela maila altuko sukaldeak fabrikatzeko. Eta Frankfurteko beste altzari enpresa baten sostengua behar zutenez, hango teknikariak etorri ziren eta harrituta geratu ziren guk programazioan egin genuen lanarekin. Urte horietan Ikastolen Elkartearekin ere lan batzuk egin genituen Euskadiko Kutxak departamendu txiki bat sortu baitzuen ikastolen ekonomia bideratu eta pedagogiaren arloan lan batzuk diseinatzeko. Elebitasunaren programa eta lau ereduen diseinua, esaterako, orduan egin genuen. Tartean Mari Karmen Garmendia ere ibili zen. Bitarte horretan Gipuzkoako Foru Aldundian lan eskaintza bat ikusi nuen eta hara aurkeztu nintzen. Eta hor egin nituen hogeita piko urte informatikaren arloan analista bezala lanean.