Kattalin Miner
koadernoa

Bidaiariaren pribilegioak

Opor garai hauetan, oraindik oporretara joateko ahalmena mantentzen dutenek, hala egin ohi dute. Batzuk Saloura edo Torreviejara, beste euskaldun batzuk Jakara, Kantabriara edo Cabo de Gatara, eta akaso beste batzuk Palestinara, Perura, Guatemalara edo Mexikora.

Baina oporretara joatea eta bidaiatzea, ordea, ez omen dira gauza bera, edo hori azaldu didate behintzat. Izan ere, “opor” kontzeptuak, lasaitasuna, deskantsua, alferkeria, mojitoak, eta akaso hondartza esan nahi ditu. “Bidaiatu” kontzeptuak, esperientzia, herrialde ezberdinak, bizipenak, «ze pasada den hura», motxilak, «aber eske super ezberdina da, ezin dut honekin alderatu», eta halakoak esan nahi ditu.

Nik aurten oporrak egin nahi nituen eta bidaiatzen amaitu dut. Opor bidaiatuak edo bidaia oportua, esperientzia eta herrialde ezberdinak, hondartza, mojito eta zerbezarekin nahasten dituen horietakoa. Motxila eta hondartzara zuzenean ematen duten hotelak konpartituz. Hamabi orduko autobusa eta herrialde barneko abioia. Indigenak bisitatu eta «me permite el honor de poder servirle» esaten dizuten lekuetan egotea. Karitatea errefusatu baina umeei pulserak erosten, eta dirua ematen, eta janaria ematen ere bai; «¿cómo se dice amiga en tu idioma?»; penagarria, akaso.

Hala genbiltzala, bidean brigadista batek (oraindik halakorik han geratzen zenik ere!) esan zidan, tonto samar, motxileroa ez duela motxila batek egiten, hau da, motxileroa ez dela motxila bat daramana. Esan nion uste nuela horraino iristen zela nire adimena, eta ez nuela inongo intentziorik motxileroa izateko, ez dela inondik inora nire bidaiari idealaren figura («brigadista ez den bezala», esan nahi izan nion, baina bada oraindik errespetatzen dudanik).

Kontua da, hura bezala, beste asko ere topatu ditugula bidean, euskaldunak ere bai. Topatu garen horietan, gure burua zuritu, eskusatu, eta ondoren kritikatzeari ekin diogula, denok, jakinik inorena ez dela bidaiatzeko modu “onena”, baina denok jakinda baita ere, ez dagoela modu hain “on” hori. Eta gogoratzen dut behin lagun batek oso serio esan zidala bidaiatzea sobrebaloratuta dagoela. Ez dela deskantsatzen, estresantea eta inbasiboa dela, eta batez ere egoista, kasik mapa batean «herrialde bat gutxiago ezagutzeko» apuntatzeko balio diguna. Ezagutzea ez dela eskubidea, kasik pribilegioa eta batzuetan kapritxoa dela. Norabait goazenean, gugatik egiten dugula, «esperientzia» horiek bizitzeko. Orain pixka bat ulertu dut zer esan nahi zuen. Eta beste nire lagun batek esaten duenari lotuta, «agian onartu behar dugu, ezin dugula dena ezagutu».

Eta bidaia edo opor edo dena delako hauetan asko pentsatu dut (dugu finean) honen inguruan. Zenbateraino ginen zuri, turista, pribilegiodun. Zenbateraino fresa, zenbateraino progre, edo jator, edo batzuetan europar oso zuriak. Birpentsatu behar izan dugu zenbat dugun hemen, eta horrek han zenbat izatea esan nahi duen (eta alderantziz). Zenbat izan ote dugun espainoletik eta zenbat euskaldunetik. Batzuetan aldi berean ere. Zenbatetan esan dugun gu ez garela espainol, gu garela vascas! Eta zenbatetan ikusi dugun berdin-berdin zaiela, ez dakitela non dagoen, eta ezberdintasuna azalduta ere, «ah, del norte de España!» esaten digutela.

Honekin guztiarekin, delako egoismo bidaiatu honetatik, ez dakit ondo zertarako balio izan didan bidaiak eta pentsatzen darrait. Pixka bat esperientzia bizitzeko, pixka bat, agian, herrialde berri bat ezagutzeko, morenoa ere hartu dut, eta fondoan –azalean beste–, pribilegiodun zarela ohartzeak sortzen duen sentsazio deserosoa ere bizitzeko. Eta horregatik uste dut, oporretako azken egunetan bueltatu nahi izaten dugula pixkatxo bat etxera; gure pribilegioak dastatzeko batetik, eta dastatzen ditugun artean hain pribilegio ez direla sentitzeko bestetik. •