ISIDRO ESNAOLA
Datorrena

Diplomazia ereduak

Britainia Handiari egozten zaio diplomazian aro berri bat ireki izana: “kanoiontziaren diplomazia”. Oso eredu sinplea da. Funtsean, Britainia Handiko XIX. mendeko Inperioak mezulari bat bidaltzen zuen inguru jakin bateko biztanleei bere eskaerak helarazteko. Momentu berean borrokarako prest zegoen kanoiontzia zeruertzean agertzen zen. Mehatxu horren pean bertako bizilagunek amore ematen zuten eta berehala Inperioaren eskaerak onartzen zituzten. Horrela diplomazia mehatxuen joko hutsa bilakatu zen.

Lehenago, mendeetan zehar diplomazia trebetasun burutsua izan zen. Xedea berdina izanik, helburu jakin batzuk erdiestea, bitartekoak arras ezberdinak ziren: besteari tratua ona zela sinestaraztea norberaren helburuak lortzea bezain garrantzitsua zen. Diplomazialariek planteatzen zituzten tratuak, bi aldeentzako positiboak izateko asmoz; hau da, irabazle-irabazle eskema erabiltzen zuten. Kanoiontziaren diplomaziak, aldiz, irabazle-galtzaile eskema zuen gidari. Azken diplomazia mota horrek epe motzeko emaitzak ematen dituen arren, epe erdira gatazkak besterik ez ditu ekartzen.

Irabazle-galtzaile eskema hori oso erraz lotzen da beste dikotomia batzuekin: onak eta txarrak, gutarrak eta besteak, eta abar. Horrela jendeak alderdi baten edo bestearen alde posizionatzea bilatzen da. Hortik aurrera jarrera kritikoa desagertzen da eta aukeratutako aldeak egin edo esan duena ontzat ematen da, besterik gabe. Horrela, praktikan, nazioarteko harremanetan diplomazia desagertzen ari da eta bere lekua indarrak hartu du, mehatxuen kudeaketara murriztu baita bere zeregin nagusia.

Mehatxuak mota askotakoak izaten dira. Estatu boteretsuei asko gustatzen zaie duten indar militarraren erakustaldiak egitea. Edozein krisiren bueltan soldaduak mugitzen dituzte, maniobrak egiten dituzte, arma berriak frogatzen dituzte, eta abar. Indar erakustaldi horien azpian, estatuen zaletasunen balizko zerrenda batean, mehatxu ekonomikoak edukiko genituzke: santzioak, esportazioen eta inportazioen mugapenak, eta abar. Bitarteko politikoei, aldeko adierazpenak lortzea adibidez, indar gutxi eskaintzen zaie.

Ukrainako krisia indarrean oinarritutako diplomazia horren inguruko adibide asko eskaintzen ari da. Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek Errusiako zenbait enpresa eta herritarren aurkako santzioak onartu dituzte. Errusiar Federazioak, aldiz, gas horniketa moztearekin mehatxatu du Ukrainako Gobernua. Ika-mika horretan gaur egungo diplomaziaren funtsezko ezaugarria agerian geratzen da: nazioarteko harremanetan elkarren arteko mehatxuen kudeaketa da nagusi. Harrigarria egiten zait, halere, AEBetan eta Europar Batasunean egiten den balorazioa Errusiak emandako urratsen inguruan: baliabide ekonomikoen erabilera politikoa egitea onartezina dela diote. Eta zer dira, ba, beraiek herritarren eta enpresen aurka jarritako santzioak? Besteen akatsak ikusteko antiojo beharrik ez!

Behin bide hori hartuta, zurikeria berehala agertzen da. Kanadak, adibidez, hasiera-hasieratik egin zuen bat AEBek eta EBk erabakitako santzioekin. Santzioak gogortzeko bide horretan, baina, iritsi da momentu bat non Kanadako interesak kaltetuta suertatu diren. Kanadak, ondorioz, santzio batzuk ez onartzea erabaki du. Hala, Rostech eta Rosneft konpainietako zuzendarien aurka neurririk ez du hartu. Interes joko horretan bestelako balioak eta helburuak aipatzea, esate baterako askatasuna, lotsagarria iruditzen zait.

Indarraren diplomazia boteretsuen jokoa da. Estatu txikiek eta herri zapalduek ez dute liga horretan jokatzerik; akaso, batzuek jokatzea nahiko lukete, baina ez dute horretarako baliabide nahikorik. Halere, estatu txiki gehienek diplomazia erabiliz denek irabazten dutela pentsatzen dute. Horregatik, estatu asko letra larriekin idatzitako diplomazia horretan aritzen dira munduan zehar. Euskal Herriak ere esparru horretan jokatu beharko du. Horretarako oso garrantzitsua da nazioarteko eremu guztietan ordezkariak izatea, irabazle-irabazle eskema horiek taxutuz betiere. •