Koldo Almandoz
koadernoa

Misterioa

Gutxi gorabehera bi urte igaro dira zutabe hau idazten hasi nintzenetik. Orduan sinetsita nengoen zutabeak idazteak ez zuela ezertarako balio. Eta igarotako denborak eta idatzitako lerroek sinesmen hori areagotu egin dute. Bizi garen abiaduran, ia ezerk ez du pisurik. Bestelako ordaina izan du ordea: GAUR8tik txanda zegokidala abisatzeko Amagoia Mujikak bidaltzen dizkidan oharrak eta harekin segidan trukatutako hiruzpalau mezuak; Eiger tabernaren atarian, bat-batean, perfume iragarki hartan bezalaxe, ezezagun ezagun batek “loreak” oparitzea; edozein paperetan notatxoak eta zirriborroak egiten nituela idatzi eta egun gutxira Mikel Soto zutabekideak bidali zidan koaderno sorta...

Koaderno horiek artikuluak idazteko ideiaz beteta ditudan arren, irakurtzen ari zareten hau da nire azkeneko zutabea. Zergatik utzi idazteari zertaz idatzi dagoenean? Nire buruaz nekatu naizelako, adibidez. Eta ez da lan eskergagatik. Hilabetean behin idaztea ez da ezer. Baina iritziemaile kronikoetan ez dut sinesten. Lurrak, emankorra izateko, deskantsua behar du. Edo lugorria behintzat. Ahots aldaketa eta aniztasuna sanoa da uzta hobetzeko. Txoriek lez, lumaz aldatu beharra dago.

Iruditzen zait, gainera, komunikabide askotan ez dela ahots erreleborik izaten. Beldurra izaten zaiola hainbat zutabegile eta iritziemaileri nahikoa dela esateko, tartea hartzeko eta emateko garaia iritsi dela. Ahotsak tinnitus kroniko bihurtzen direnean misterioa desagertu egiten da.

Horregatik, tentazioari aurre egiteko, koadernoan apuntatutakoak botako ditut, jarraian, zutabe izatera iritsi baino lehen erre daitezen.

1.- Garai bateko mileurista patetikook sekulako aurrerapausoa egin dugu eskala sozialean oso denbora gutxian. 2.- Israelgo tankeen kontra ur meloiak jaurtitzen dituzten gudari nerabeak. 3.- Mendebaldeko herrialde zibilizatuetan gero eta garestiagoa da hiltzea. 4.- Cambrilsko malekoian papagai bat ikusi dut palmondo batean; lekuz kanpo geunden biak. 5.- Futbol partida bat ikusteko 50 euroko sarrera erostearren gaua kalean eman duten horietako zenbatek pasako luke gaua kalean 50 euroren truke? 6.- Kartzelatik kanpo egon beharko luketen presoek barruan emandako denbora zenbatuz gero, bakerako bidean zenbat mende etsi den neurtu ahal genuke. 7.- Epaile batek Xabier Arzallusen semeari ustelkeria egotzi izanak gurean ere Corleone familiaren modukoak daudela erakusten du. 8.- Ba al da iPad batekin argazkiak ateratzen ibiltzea baina gauza antiestetikoagorik? 9.- Ian Thorpe igerilaria atxilotu egin dute bere etxe inguruan nora ezean ibiltzeagatik; kaletik nora ezean ibiltzea susmagarri bihurtzen zaituen gizartean bizi gara jada. 10.- Gibraltarren euskal enbaxada bat irekitzea (kontzeptu gisa). 11.- Lehergailuak suntsitutako ETAko kidearen omenez “Maite dugu askatasuna nahiz eta eskuartean eztanda egin” pintada egin zuenak lasai egiten al du lo? 12.- ETB1 kateko saio batean “grunge” bat zer den azaltzen ari dira; euskaldunak atzeratuak garela pentsatzen jarraitzen dute. 13.- Munduari bira oinez ematera atera berri zen Richard Swanson bidaiaria auto batek harrapatu zuen etxetik atera eta kilometro gutxira.

Ikus-entzun-irakur garaian bizi gara. Eta honezkero konbentzituta nago irudiz edo hitzez jasotzen ez ditugun une horiek direla baliagarrienak: kalean topo egin genueneko istant hura, egunsentia baino lehen uretara sartu ginenekoa... “lehen musua”-ren esperientziaren moduko une horiek guztiak. “Souvenir” bihurtu ez ditugunak. Misterioa izaten jarraitzen dutenak.

Komunikazioaren garaiotan tribuari hitz egiten dion xaman gehiegi dago. Errepikapenaren poderioz hitzak “mantra” bihurtzen dira. Balio eta indar gehiago dute grabatzen, idazten eta esaten ez direnak grabatzen, esaten eta idazten direnak baino. Horregatik noa isiltzera. Lurrari deskantsua ematera. Lumaz aldatzera. Eta ez dut umiltasunagatik egiten. Egoismoagatik egiten dut. Aurrerantzean, nire ahotsagatik baino, nire isiltasunagatik maitatuko nauzuen itxaropenaz. Misterioaren alde. •