Jose Angel Oria

Ingurumenaren aldeko mugimenduak herrialdean inoiz izandako garaipenik handienak Patagonia salbatu du

Hilaren 10ean Txileko Ministro Kontseiluak HidroAysen proiektu erraldoiari ezezkoa ematea erabaki zuen. Azkenean, horrenbestez, bost zentral hidroelektriko berri Patagonian eraikitzea aurreikusten zuen egitasmoa hankaz gora botatzea lortu dute herritarrek. Ospatzeko moduko garaipena, ez baita ohikoa negozio egitea helburu duten ekimenen aurkako borrokan herrien interesek irabaztea.

GAUR8k behin baino gehiagotan begiratu dio HidroAysen proiektuaren aurkako zortzi urteko borroka luzeari. Gloria Baigorrotegui Santiagoko Unibertsitateko ikerlariak uste du gatazkaren bilakaeran eta emaitzan sekulako garrantzia izan dutela herritarrek, beraien lanak lortu baitu populazio txikiko eremu bat kaltetu behar zuen proiektua Txile osoko agenda politikoan sartzea. «Ekintzaileek era zuzenean mobilizazioetan esku hartuta zein unibertsitateko adituekin eta profesionalekin aliantzak eginda lortu dute proiektuan eragitea. Adituen argudio teknikoen bitartez, argi erakutsi dute oso proiektu txarra zela», adierazi du giza mugimenduen eta aurrerapen zientifikoen arteko lotura aztertu duen Baigorroteguik.

Baker eta Pascua ibaiak

2007ko urrian honela azaldu genuen proiektua: «Zentral hidroelektriko berriak 2009tik aurrera eraikiko lirateke, proiektuaren sustatzaileek diotenez. Baker eta Pascua ibaietan kokatuko lituzkete, 1.800 milioi euro inguru inbertituta. Endesa multinazional espainolak orain bi urte aurkeztu zuen egitasmoa. Hasierako proiektua aldatu beharra izan zuen ordea, Endesarentzat handiegia zelakoan. Horregatik, iaz Txileko Colbun enpresarekin elkarte berri bat sortu zuen: HidroAysen. Horren jabetzaren %51 Endesaren esku dago, eta gainerako %49a Colbunen esku».

«HidroAysenek ematen dituen datuen arabera, bost zentralen artean 2.750 megawatt sortuko lituzkete. Energia Santiago hiriburura eramateko, 2.000 kilometroko luzera duten goi-tentsioko lineak eraiki behar dituzte, makina bat eskualde zeharkatuz. Hasierako egitasmoen arabera, presen eraginez 9.300 hektarea urpean geratuko lirateke, jatorrizko herrien lurrak gainera. Txileko Herrilan Ministerioak proiektua aldarazi egin zuen eta presak orain 5.910 hektarea urpetuko ditu, betiere azkenean egiten bada», erantsi genuen orain zazpi urte, herritar asko proiektuaren aurka zegoela jakitun.

Herritarren nahia izan da erabakigarria, eta nahi hori margotzen lagundu zuen 2007ko zenbaki hartan bertan azaldu genuen ekimen batek. «Txileko hegoaldeko elkarte batek, herrialdean bertan eta Argentinan eraikitako zentral hidroelektrikoek eta goi-tentsio lineek azken urteotan eragin dituzten kalteei buruzko lekukotasunak bildu ditu, Endesak bultzatutako proiektu berriek benetan ekarriko dutenaz herritarrak jabe daitezen», genion.

«Herritarrek dokumental hau ikusten dutenean, berehala zabaltzen dituzte begiak», esan zien orduan kazetariei Marco Diaz Arancibia Patagoniako Izpirituaren Babesleen Elkarteko presidenteak. “Megarepresas, megaimpactos, megaverdades” izeneko filma aurkeztu ondoren egin zituen adierazpenok. Berak eta Carlos Garrido kazetariak, Pangue eta Ralco ibaietan eraiki diren zentral hidroelektrikoek Txileko Biobio eskualdean eragin dituzten ondorioei buruzko lekukotasunak jaso zituzten 2007ko maiatzean. Baita General San Martin izeneko presatik abiatzen diren goi-tentsioko lineek Argentinako Patagonian, Chubut eskualdean, eragin dituztenei buruzkoak ere.

Mobilizatzeko gogoa piztu

«Aysen eskualdeko herritarrei HidroAysen enpresak bertan eraiki nahi dituen bost zentral hidroelektrikoek eragingo dituzten kalteen inguruko informazioa ematea zen egileen helburua. Webguneetan jasotako berrien arabera, sekulako arrakasta izan dute, ez etekin ekonomikoei dagokienez, ez baita hori nahi dutena, eragin duten mobilizatzeko gogoarengatik baizik», idatzi genuen 2007an, mobilizatzeko gogo horrek horrenbesteko arrakasta lortu behar zuela imajinatu ere egin gabe.

Geroztik egindako bidea ez da beti gozoa izan ordea. Ministro Kontseiluak aho batez eman dio orain ezezkoa HidroAyseni, baina 2011n ingurumen baimena eman zion egitasmoari Epaitegi Gorenak.

Pablo Badenier egungo Ingurumen ministroak adierazi du herritarrek eta komunitateek emandako argudioak ontzat eman dituela Bacheleten Gobernuak, batez ere proiektuaren bultzatzaileek beraiek aipatutako inpaktua edo herritarrekiko kaltea samurtzeko egitasmo egokirik ez izatea. Gainera, tramitazio prozesua bera salatu du agintariak, luzeegia izan delakoan. Maximo Pacheco Energia ministroak, berriz, Gobernuaren erabakia bere agenda energetikoarekin bat datorrela esan du, zentral hidroelektriko horiek beharrezkoak ez direla erantsiz.

Patricio Rodrigo Patagoniaren Defentsarako Kontseiluko idazkariak adierazi du Gobernuak proiektuari ezezkoa ematea beste erremediorik ez zeukala, «teknikoki bideraezina» delako, herritar asko aurka daudelako eta Gobernuaren Energia Agendak dioenaren kontra doalako.

Txiletarrak, pozik

Patagonian bertan, hala ere, sortu ziren proiektuaren aldeko elkarteak. Esaterako, Coyhaiquen egoitza duen talde batek eskutitza bidali dio Bachelet presidenteari, zentralak eraiki egin beharko liratekeela esanez.

Herritarrek ondo hartu dute HidroAysenen inguruko erabakia. “Cadem Plaza Pública” izeneko inkestaren arabera, txiletarren %63k bat egiten dute Gobernuarekin, eta %27 baino ez daude erabakiaren aurka. Hiru hilabete lehenago egindako beste inkesta baten tankerako datuak eskaini ditu ekainekoak. Hori bai, inkesta erantzun duten herritarren %52k onartzen dute Txilek energia gehiago behar duela, baina ez edozein energia iturrikoa. Txiletarren %80k diote energia garestixeago ordaintzeko prest daudela, baina garbia, kutsadurarik gabea, izatea lortuz gero.

Lehentasuna zein energiari eman? Herritarren %44k eguzki energia aukeratu dute; %21ek, haize energia; eta %18k, hidroelektrikoa. Gasa txiletarren %11k hautatu dute; nuklearra, %2k; eta, ikatza, %1ek. Txiletarren gehiengoa (%53) zentral nuklear bat herrialdean eraikitzearen aurka dago. Egungo argindarraren salneurria garestiegia dela dio herritarren %69k.

«Ministro Kontseiluaren erabakiak gardentasunaren eta eraginkortasun administratiboaren alorrean hain beharrezkoa den aldaketa ipintzen du fokuen azpian. Estatuaren erakunde teknikoen zeregina indartu beharko luke», idatzi dute Elmostra- dor.cl egunkari digital aurrerakoiko editorialean.

Urratsa norabide egokian

«Ingurumen gaien judizializazioa, kontu guztiak epaitegietara eramateko joera alegia, garapenaren aurka dauden ekintzaile sozialen produktu edo ondorio dela dioen pertzepzioa ez da bidezkoa; herrialdeari berari zein porrot egin duten enpresariei eragiten dien arazo baten ikuspegi manikeoa da hori. Ezbaian dagoen sakoneko kontua da proiektuen benetako jasangarritasuna, ezkutatutako ingurumen pasiborik gabe, ondo gobernatzearen ekologia eta legeak agintzen duena era zorrotzean betetzeaz gain. HidroAysen atzera bota izana seinale positiboa da», erantsi dute aipatu webgunekoek.

Hala ere, gatazkak epaileen eskuetan jarraituko du, atzera botatako proiektuaren sustatzaileek aurreratu dutenez. Ignacio Cruz Colbun konpainiako gerenteak esan duenez, «HidroAysen auzi luzea izan da orain arte eta aurrerantzean ere auzi luzea izaten jarraitzea espero dugu». Txileko Gobernuak bere erabakia hartzeko garaian erabilitako argudioak aztertu nahi dituzte hemendik aurrera zer egin erabaki aurretik.

Edonola ere, Colbunek Gobernuarekin dituen harremanei eutsi nahi die: «Zure negozioarekin zerikusirik duten talde guztiekin izan behar dituzu harremanak. Agintariak oinarrizko talde bat dira zentzu horretan, batez ere mahaiaren gainean legeen aldaketak daudenean. Orduan ondoan egon behar duzu, hizketan». Cruzek ez du uste joko arauak aldatu direnik, begirale batek baino gehiagok esan moduan. Sebastian Piñeraren eskuineko Gobernuak galdu egin zituen hauteskundeak eta agintari berriek hasiera-hasieratik adierazi zuten zeintzuk ziren beren lehentasunak.

Berri ona turismoarentzat

Politikari batzuek beren poza adierazi zuten Gobernuaren erabakiaren berri izatean. Patricio Walker senatariak nabarmendu zuenez, «Aysen da, seguru asko, Txileko eskualderik politena eta sekulako ahalmen turistikoa daukagu. Proiektua atzera bota izana berri ona da Aysenentzat. Patagonia eta Txile osoak ospatzeko moduko berria da».

Ivan Fuentes Gehiengo Berriko (Bacheleten aldeko koalizioa) diputatuak, berriz, HidroAysen atzera bota izana inflexio-puntu bat izango dela esan du. 2012an Aysenen zentral hidroelektrikoen aurka egin ziren protestaldietan ezagun egin zen arrantzale eta sindikalista PDC Alderdi Kristau Demokrataren zerrendan aurkeztu zen. «Hemendik aurrera egiten dugunak herritarren nahiekin lotuta egon behar du, eta natura errespetatu behar du. Energia politika komunitateekin batera diseinatu behar dugu; proiektu handi baten inguruan erabaki behar denean, herritarrei galdetu behar zaie», adierazi du.

Izan dira, jakina, erabakiarekin bat egin ez duten politikariak ere. Ivan Moreira UDI eskuineko alderdiko senataria ez du harritu berriak. «Bagenekien hasiera-hasieratik proiektua ez onartzeko borondate politikoa zegoela. Beraz, ez da ona orain agintariek akats teknikoak aipatzea», salatu du.

Bere iritziz, ekologistak dira «benetako irabazleak; eta kontsumitzaileak, galtzaileak, herrialdean energia proiekturik ez dagoen neurrian, argindarraren salneurriak gora egingo baitu». Moreirak ezinbestekotzat jotzen du Txilek egun ekoizten duen energia kopurua bikoiztea.

«Energia gehiago behar dugula egia bada ere, garrantzia duen galdera beste bat da: nola sortuko dugu energia? Hor ikusiko genuke zein pisu duten energia aurrezteko neurriek, eraginkortasunak eta merkatuaren handitzeak», adierazi du Gloria Baigorrotegui ikerlariak.

Moreirak eta konpainia handien interesak defenditzen dituzten guztiek itzalaldien aukera aipatu dute, herritarrak beldurtu nahian. Baigorroteguiri ez zaio hori bidezkoa iruditzen, egoera horretara iritsi aurretik aukera asko baititu herrialdeak. «Energia politikak aurrera begiratu behar du derrigorrez, eta ez horrenbeste berehala bildu beharreko irabaziei», esan du adituak.

Urtegirik Gabeko Patagonia

Oso bestelako balorazioa egin du Patricio Rodrigo Chile Ambiente elkarteko zuzendari eta Urtegirik Gabeko Patagonia mugimenduko eledunak. Berak egin duen irakurketaren arabera, azkenean Gobernuak bat egin du giza mugimenduak azken zortzi urteotan esandakoarekin: «Jarrera hori beharko da aurrerantzean ere, aldaketak herritar guztien onurarako izan daitezen». Berak ez du zalantzarik: herrialdeak energia iturri garbiak behar ditu, jasangarriak.

Gainera, “El Mercurio” egunkariaren lana salatu du Rodrigok, proiektuaren aldeko ahotsak ezkutatu eta aldekoei bakarrik egin dielako leku. Bere ustez, hedabide horren informazioa «alderdikoia» izan da iraganean, eta ezaugarri bera du orain ere, batez ere HidroAysen geldiarazita energiaren prezioak gora egingo duela esaten duenean. «Egunkari hori gezurretan aritu da lehen eta gezurretan jarraitzen du orain ere, enpresei mesede egiteko».

Rodrigo ondoan zuela eskainitako prentsaurrekoan Guido Girardi senatariak nabarmendu zuenez, «denbora askoan konpainien interesei eman zaie lehentasuna, herritarren interesei eman beharrean; ea HidroAysen geldiarazita egoera hori bere onera ekartzen hasten gara». Urtegirik Gabeko Patagonia mugimenduaren lanaren garrantzia ere azpimarratu zuen.

Lau milioi dolar

Ez da harritzekoa, giza mugimendu horrek nazioarteko elkartasuna ere biltzeko gauza dela erakutsi baitu urteotan. Ekaina bukatu baino lehen afari bat egin nahi dute HidroAysen proiektua geldiarazi dutela ospatzeko. Nazioarteko lagunak bertan eduki nahi dituzte. Esaterako, Robert Kennedy Jr. eta NRDC Natural Resource Defense Council AEBetako elkarteko kideak. Baita Douglas Tompkins, Kristine McDvitt emaztea eta Conservation Land Trust fundazioko zuzendaritzako kideak ere, horiek jarri baitzuten proiektuaren aurkako kanpaina ordaintzeko diru gehien.

Lau milioi dolar erabili dituzte urteotan proiektuaren aurkakoek. Endesak eta Colbunek 320 milioi dolar inbertituta zituztenean iritsi da Bacheleten Gobernuaren erabakia. 4 milioi dolar nahikoa izan dira milaka milioiko proiektua geldiarazteko. Hori bai eraginkortasuna!

Patagoniaren Defentsarako Kontseiluko zuzendaritzako kideek uste dute ezinezkoa izango dela tankerako kanpaina bat berriz egitea. Izan ere, urteotan ingurumenaren aldeko zein bestelako 80 erakunde ingururen sostengua lortu dute Txilen bertan. Nazioarteko laguntza ere aipatzeko modukoa da. Baina garrantzitsuena Txile osoko herritarren babesa izan da, Gobernuak ere oso kontuan hartzen duena, herritar horietako askoren botoa lortu baitzuen.

«Ingurumenaren aldeko mugimendua indartuko du garaipen honek, HidroAysen herrialdeko proiekturik adierazgarriena baitzen», esan du Manuel Baquedano Ekologia Politikoaren Institutuko zuzendariak. Bere iritziz, HidroAysen geldiarazita energia politikaren eredu baten aurkako mezu argi bat plazaratzen da. Eredu horrek oso esku gutxitan uzten du energia sortzea.

Lanean jarraitu behar

Hori bai, giza mugimenduek lanean jarraitu beharko dute aurrerantzean ere. Izan ere, alde batetik, Endesak eta Colbunek proiektua aurrera atera nahian jarraitzen dute oraindik ere, eta, bestetik, Patagonia mehatxupean duten beste proiektu batzuk ere mahaiaren gainean daude uneotan.

Bestalde, begirale batzuek uste dute ingurumenaren aldeko mugimenduak Txileko Uren Kodearen aldaketa exijitu behar duela orain, egun indarrean dagoen legediak (1981ekoa) ez baitu giza eskubidetzat hartzen ura. Kode berriak Estatuari eman beharko lioke urarekin zer egin erabakitzeko ahalmena. Hurrengo urratsa litzateke Konstituzio berria egitea. Bacheletek testu berria egin nahi du. Aukera ezin hobea ura, negozio egiteko aukera izan beharrean, giza eskubide bihur dadin.

info+• HidroAysen proiektuari buruzko artikulua, GAUR8n: www.gaur8.info/edukiak/20071020/43987/presen-aurkako-borroka-film-dokumental-batek-endesa-multinazionalaren-gezurrak-agerian-utzi-ditu • Urtegirik Gabeko Patagonia taldearen webgunea: www.patagoniasinrepresas.cl/final/