Oihana Llorente Arretxea

Generoaren tratamendua

Kazetaritzak duen miopia androzentrikoa sendatu eta genero ikuspegia txertatzeko ahalegina. Kalitatezko kazetaritza egiteko Udako Euskal Unibertsitateak eman digun lezioa.

Inertziak zakila du. Garden bezain gordin mintzatu zen Maite Asensio kazetaria UEUren “Generoaren tratamendua kazetaritzan. Lanerako tresnak eta estrategiak” ikastaroan. Astelehen eta asteartean komunikazio alorreko hogei bat profesional zein ikaslek euskal kazetaritzak parekidetasunaren bidean eman dituen pausoak aztertu zituzten, eta begi bistan dituen erronketan ere ipini zuten arreta. Tartean zen GAUR8.

Kazetaritza ez da neutroa. Unibertsitateko katedratikoen belarrietan kirrinka egingo lukeen esaldia maiz agertu zen ikastaroan. Neutrotzat jotzen den hori, gainera, androzentrikoa eta sexista dela ohartarazi zuen Asensiok. Hala, neutral deritzon horren aurka eta kazetaritza feministaren alde egin zuen.

Kazetaritza feministak kalitatezkoa eta hobea den kazetaritza egiteko aukera eskaintzen duela dio. Ziur da. Izan ere, Asensioren ustez, errealitatea genero ikuspegitik aztertzen duen kazetaritzak arazoen errora joan eta ezkutuan dauden egiturak eta indarkeriak azaleratzen ditu.

Zeharkakotasuna

Genero ikuspegia modu egoki eta eraginkorrean lantzeko gakoa omen da zeharkakotasuna. Generoa era txukunean tratatzea ezin da kazetari bakar baten ardura izan, ikuspuntu hori, beraz, medioaren beraren lerro editorialean, agendan eta edukietan txertatu behar dela nabarmendu zuen Asensiok. «Borondatea beharrezkoa da, baina baita lanak antolatzea eta sistematizatzea ere», gaineratu zuen.

Emakumeen ikusgaitasunaz ere mintzatu zen, bai presentzian eta baita gaietan ere. Edozein albiste edo erreportajetan emakumeak agertzea bermatu behar dela mahaigaineratu zuen bizkaitarrak, eta, gertakariaren lekuko gisa edota gaiaren aditu moduan aurkeztuz, emakumea bera albistearen protagonista bilaka daitekeela ekarri zuen gogora. Orain arteko esperientziari erreparatuz, genero ikuspegia aintzat hartu ez eta inertziari agintea utziz gero gizonak dira protagonista. Bataila kuantitatiboa irabazteko, beraz, kuotak ipintzea neurri praktiko bat izan daitekeela defendatu zuten ikastaroan. Hala, iritzi emaileetan, elkarrizketatuetan edota lehen orrialdera eramango diren protagonistetan ipin daitezke kuotak.

Gaitegian ere zeresana du genero ikuspuntuak. Feminizatutako gaiak unibertsal bilakatu behar direla sostengatu zuen Asensiok. Pribatutzat jotzen ditugun eremuetan jarri zuen lupa, eta espazio hori ere politikoa dela defendatu zuen, haren ikusgarritasuna aldarrikatuz. «Ea noiz ikusten ditugun etxeko langileen protestak ekonomiako sailean edota zaintza politikan!», bota zuen erronka gisa.

Estereotipoak

Sexismoak gizonengan duen eragina ere albiste izan behar dela defendatu zuen eta maskulinizatutako gaiek emakumeengan duten eragina lantzeko aukera ere plazaratu zuen. Botere harremanak egon badaudela agerian ipintzea da, beraz, gomendioetako bat.

Estereotipo sexistak saihestu eta genero rolak ez indartzea hil ala bizikotzat jo zuen ikastaroan. Emakumeen irudi eta argazkiak hautatzerako orduan aintzat hartzeko hainbat aholku ekarri zituen gogora. Hala, itxura fisikoari buruzko iruzkinik ez egitea edo biktima diren emakumeez gain ahaldundutako emakumeak ere agertzea garrantzitsu jo zuen. Era berean, gizonen artean egon daitekeen aniztasuna ikusgarri egitearen alde agertu zen.

Genero indarkeria

Genero indarkeriaren tratamendua zer-nolakoa izan behar den esatera ere ausartu zen kazetari bizkaitarra. Hala, gaia giza eskubideen ikuspegitik tratatzea defendatu zuen, baita auziari zor zaion dimentsio politikoa ematea ere. Sentsazionalismotik eta prentsa horitik ihesi, bizilagunen testigantzak ekidin eta adituen eta analisien alde egiteko deia egin zuen. Mugimendu feministaren balorazio eta mobilizazioei leku egitea eta biktimen laguntzarako indarrean dauden telefono zenbakiak txertatzea ere gomendagarria delakoan dago.

Orain urtebete inguru Bilbon “shaolin monjea” bezala ezaguna egin zen hiltzaileak eraildako emakumeen gainean komunikabideek idatzi eta esandakoak gogor gaitzetsi zituen Asensiok. Horrelako kasuetan, kalitatea kantitatearen gainetik ipintzeko beharra dagoela ondorioztatu zuen.

Erredakzioak ispilu

Etxe barrura begira jarri zituen entzuleak Estitxu Eizagirrek ondorengo solasaldian. “Argia” aldizkariko zuzendariak bizitza zentroan ipini eta haren bueltan eraiki nahi du erredakzioa. Pertsona, izan ere, etengabeko zaintza behar duen animalia da Eizagirreren begietara, eta, hala, lantokia, eguneko ordurik gehienak igarotzen ditugun eremua, horretarako prestatuta egon behar dela uste du. Arkitektonikoki langileen beharretara egokitutako espazioak izatea garrantzitsu jo zuen, bai eta ordutegi malguak aukeran izatea ere.

Karguak, gainera, lanaldiei lotuta ez egotea defendatu zuen. Hartara, zama familiarrak dituzten horiek ere lan ardurak eduki ditzakete. Parekidetasuna horizontalki eraikitzen dela sinetsita dago Eizagirre, eta, hala, erabaki guneetan langile guztiak jokoan sartuta denek irabazten dutela sostengatu zuen.

Euskarak genero marka deigarririk ez edukitzeak ez du hizkuntza ez-sexista bihurtzen. Hala adierazi zuen Amelia Barquinek Eibarren eskainitako solasaldian. Euskarak eta bereziki, honen erabilerak, sexismoa izan badutela ohartarazi zuen. «Euskara batuaren erabilera modu androzentrikoan egiten da, gizona kosmobisioaren erdigunean kokatuz», salatu zuen.

Gustura asko aritu ziren hausnartzen eta eztabaidatzen UEUko ikastaroan parte hartu zutenak. Erabateko kazetaritza feminista urrun dagoela jakitun dira denak, bidean mugarriak ipini direla-eta, baina, gertuago sentitzen dute helmuga. Euskal kazetaritza feministaren bidea abian da, beraz.

Arantza Santesteban

«Gurea ez da ikuspegi zokoratu bat, mundua eraldatzeko begirada baizik»

Ez du bere burua gaian aditutzat jotzen, baina hainbat komunikabidek bere aholkularitza galdegin dute. UEUk antolatutako “Generoaren tratamendua kazetaritzan. Lanerako tresnak eta estrategiak” ikastaroan ere hizlari aritu da. Zutabegilea da GARAn, eta feminista.

«Euskal kazetaritza parekidetasuneko bidean? Praktika onen eta txarren analisia» gaia hizpide hartuta aritu zara. Badira praktika onak euskal kazetaritzan?

Euskal Herrian kazetaritzan egon diren praktika onen txekeoa egiten saiatu naiz, eta, zorionez, esan dezaket baietz, badirela praktika egokitzat har daitezkeenak. Egokiak diren praktikez hitz egingo nuke nik; “ona” eta “txarra” terminoek epaia suposatzen

dute eta interesgarriagoa iruditzen zait gauzak ikuspegi profesionalago batetik aztertzea. Edozein kasutan, euskal kazetaritzan kazetaritza egokiagoa edo kalitatezkoagoa egiteko kezka badela esan daiteke, eta genero ikuspegia txertatzea kalitatezko kazetaritza egitea den adostasuna badago erredakzioetan. Feminismoak, elkarteek edo norbanakoek egindako ekarpenak kontuan hartzen hasi dira, eta, horren lekuko, komunikabide ezberdinetan genero trataera egokia bermatzeko estilo liburuak egiten ari dira, edota, komunikabideen barruan, generoa zehar lerro gisa lantzeko barne mailako ardura berriak sortzen ari dira.

Eta txarrak?

Noski badaudela. Ikuspegi androzentriko batetik egiten den praktika oro da desegokia, eta, beraz, orain arte kazetaritza egiteko egon den modua bera ere hala da.

Adibide argiak jartzeko aukera ba al duzu?

Praktika egokitzat har ditzakegunen artean, komunikabide batzuetan garatu diren estilo liburuak eta horiek ekarri dituzten hainbat neurri daude. Egunkarietako lehen orrialdeetan gizon eta emakumeen irudien agerpenak modu parekidean arautzen dituzten, hizkuntza sexistaren erabilera arautzen dute, emakumezkoen ekarpenak sekzio nagusietan barneratzen dituzten... Era berean, EITBk atera zuen programa sexista bertan behera uzteko hainbat eragile sozial eta politikok egindako lana edota emakume aditu eta arituen gidaren proiektua ere izan daitezke adibide onak.

Parekidetasunari dagokionean, euskararen erabilpen egokia egiten al da?

Esperimentazio moduko baten aurrean gaude, terminologia inklusiboagoa asmatuz, mistoak izan daitezkeen hitz elkarketen ordena aldatuz edo unibertsaltasuna irudikatu nahi duten esapideetan emakumeen dimentsioa ere barneratuz... Hala eta guztiz ere, hizkuntzalaritza eta generoaren teoria uztartuz gero euskarak zer eman dezakeen aztertzeko dago oraindik. Gurea, sexu marka apenas biltzen duen hizkuntza izanik, baliagarriagoa izan liteke generoen binarismotik ihes egiteko. Ez badugu hain markatua zer den gizonarena eta zer emakumearena, genero errepresentazio hertsietatik ihes egitea errazagoa izan liteke, eta gizon edo emakume sentitzeko modu ezberdin horiek guztientzako aterpe izan liteke euskara. Territorio libreagoa bat, zentzu guztietan.

Iritzia egunkarietako sekzio garrantzitsuenetakoa da eta han gizonak izan ohi dira jaun eta jabe, ezta?

Gu ez gara “jaun eta jabe”, hori egia da, izatekotan “andre eta jabe” izan beharko ginatekeelako gainera; jabegoarena ere zalantzan jartzen dut, emakumeak beti izan gara komunalagoak. Ez dut aztertu ehunekotan zenbat gizon eta zenbat emakumezko gauden iritzi sailetan. Edozein kasutan, emakumeok azkenaldian iritzi sailetako orrietara ere egin dugu salto, eta horrek orain arte lantzen ez ziren hainbat gai mahaiaren gainean jartzea suposatu du. Horrez gain, zeinek zer esaten duen ezagutzeko balio izan digu, eta, intuizioak esaten zigun bezala, maila handiko ekarpena egiten duten emakumeekin egin dugu topo. Hala ere, azkenaldian nik arrisku bat ikusten diot honi guztiari. Ez dakit zer puntutaraino ez ote garen gai posible guztien artean “gureak” –“emakumeenak”– diren gaietan espezializatzen ari. Azaltzen ahaleginduko naiz. Nire ustez gero eta nabariagoa da bi sexuen araberako errepresentazioa indar dadin sistemak egiten duen presioa. Kapitalismoak funtzionatzen jarrai dezan bi sexuen araberako rolak behar ditu, bere oinarrian dagoen erreprodukzio-produkzio harremanak iraun dezan. Hartara, maila ideologikoan identitate sexualen aniztasuna gero eta zabalagoa den arren, eredu horiek guztiak “gizon” eta “emakume” rol binarioan sailkatzen jarraitzen dugu. Horrekin esan nahi dut emakumeak “emakumeenak” diren gai horietan espezializatzeak arriskuak izan ditzakeela genero harreman sistema errotik aldatu nahi badugu. Emakumeok gaitegi zabalagoa dugu, pertsonala politikoa izan dadin aitzindaritza hartu beharra daukagu. Baina, nire ustez, konfort zonaldeak betikotu gabe, “gure gauzez” soilik hitz egin gabe. Ardura handiagoa dugula uste dut; gizon eta emakume izatea botere harreman baten baitan arautzea baino, identitate aske eta anitzen arabera adieraztera jo behar dugu. Horrez gain, iruditzen zait, gaitegiari gai berriak gehitzeaz gain, kezkatzen eta arduratzen gaituzten gai guztien inguruan generoaren araberako sailkapen hori gainditzera bideratu behar dugula. Esan beharra diegu ardura politikoak dituztenei ez abiadura handiko trenaren irakurketa kritiko bat egiterik feminismoa albo batera utzita. Ez dagoela ekonomia alternatiboaz hitz egiterik ez bada feminismoa hasieratik txertatzen. Hau da, gurea ez dela ikuspegi urrundu eta zokoratu bat, gurea mundua eraldatzeko begirada ezinbestekoa dela, eta bestela ez dela egongo benetako aldaketarik.

Ataka konplikatuan ipiniko zaitut. Nola baloratzen duzu GAUR8?

GAUR8 egunerokotasun mediatikoaren erdigunetik urruntzen laguntzen duen gertuko irla bat dela iruditzen zait. Ez dago urruti epizentrotik, baino bertan airea errazago har liteke. Iruditzen zait GAUR8ren ildoaren atzetik, begirada feministak espazioa izan dezan lan handia egiten dela hainbat kazetariren eskutik. Iruditzen zait kalitatea lehenesten dela. Eta iruditzen zait kazetaritzak duen errealitatearen gainean proposamenak egiteko zereginean, GAUR8 eredu eta praktika anitzen/ezberdinen begirada zabaltzeko ezinbesteko publikazio bihurtzen ari dela. Hala ere, aurretik esaten nuen bezala, nire ekarpena genero rolak hankaz gora jartzeko eta errotik aldatzeko emakumeei ahotsa emateaz gain, emakume eta gizon anitz horiei espazio gehiago ematea izango litzateke. Rolak eraldatzeko lan handia dago, eta, horrek argi luzeak jartzea eta bidaia motel eta ongi egitea eskatzen duen jakitun, animo!