Aimar ESNAOLA CUESTA
Entrevista
Joseba ATTARD
Cross Culture Surf

«Iranen surf egiteko ohitura hedatzea da gure asmoa, gaur egun ez baita existitu ere egiten ia»

Iranen surfa sustatzeko asmoz martxan jarritako Surf Seeds proiektuan parte hartuko du elorriarrak Waves of Freedom elkartearen eskutik.

Gure hondartzetan surflariak ikustera ohituta gaude dagoeneko, baina beste hainbat herrialdetan ez dituzte ohol gainean olatuak zeharkatzen dituzten kirolari hauek ikusten. Hori, adibidez, Iranen gertatzen da. Egoera aldatu nahian dabil Cross Culture Surf Elorrioko elkarteko Joseba Attard, nahiz eta arazo burokratikoek Iranera bidaiatzerik ez dioten utzi. Surf Seeds proiektuan parte hartu du Waves of Freedom elkarteko Easkey Britton, Marion Poizeau eta Mona Seraji kideekin batera. Duten helburua garbia da: Iranen surfaren grina piztea eta apurka-apurka itsas kirol hau bertan indartzea.

 

Aurkez iezaguzu zeure burua. Zer egiten duzue Cross Culture Surf elkartetik?

Duela zazpi urte etorri nintzen Ingalaterratik Euskal Herrira, euskaraz hobeto ikasteko intentzioarekin. Surfzalea naiz, izan ere, nik neure burua ez dut surflari kontsideratzen: surfzalea naiz mendizalea, perretxikozalea edo ardozalea naizen bezala [barreak]. Neure eguneroko ogia ez dut surfaren bitartez irabazten, baina gustatzen zait eta disfrutatzen dut. Horregatik, hona etorri nintzenean mundu horretan sartu nintzen. Duela pare bat urte Irlanda eta Euskal Herriaren arteko elkartrukeak egitea otu zitzaigun eta horretarako sortu genuen Cross Culture Surf elkartea, kultura arteko surfa bultzatzeko asmoz. Hasieran elkartrukeak egiteaz bakarrik arduratzen ginen, baina gure asmoa beste proiektu batzuk lantzea ere bazen, eta, orain, pixkanaka-pixkanaka horretan gabiltza.

 

Urrunera joan aurretik, zein da gaur egun Euskal Herrian surfak duen egoera?

Ba geroz eta hobeto dagoela esango nuke. Azken hamabost urteetan boom handia izan da eta orain mundu guztiak ezagutzen du surfa. Duela zazpi urte Elorriora etorri eta kostaldera joateko surf taula auto gainean jartzen nuenean, herriko nagusiak gerturatzen zitzaizkidan «zer da hori? zer egiten duzu?» eta horrelakoak galdetzera. Gauzak, baina, aldatu egin dira: lehen surfa kostaldekoen kirola zen soilik, baina egun barnealdekoak ere aritzen gara. Kostakoak mendira joaten badira eskiatzera edo snowboard egitera, zergatik ezingo gara ba gu kostara joan surf egitera? [barreak].

 

Hitz egin dezagun Iraneko proiektuari buruz. Nolatan lotu dituzue Elorrio eta Iran? Zein izango da plangintza?

Surf Seeds edo “surf haziak” proiektuan parte hartzera gonbidatu ninduten Waves of Freedom elkartetik. Egitasmoan olatu handiak hartzen aritzen den Easkey Britton irlandarra, elkarteko bideogilea den Marion Poizeau frantziarra eta Mona Seraji snowboardlari profesional irandarra daude buru-belarri murgilduta. Orain dela pare bat urte Iranen egon ziren hirurak bertako jendeari surfa aurkezten.

Gerora, nirekin kontaktuan jarri ziren eta horrela abiatu zen oraingo egitasmoa. Proiektuaren asmoa Iranen surfa bultzatzea da, horretarako hitzaldiak, tailerrak, surf ikastaroak eta horrelakoak antolatuz. Iran hegoaldera joango dira, Balutxistan eskualdera hain zuzen ere. Lurralde nahiko ezegonkorra dela esango nuke. Balutxeak desberdinak dira: ez dira persiarrak, ez dira kurduak, ez dira afganiarrak, ez dira pakistandarrak... sentimendu nazional propioa dute. Euskal Herriarekin pareka daiteke; hizkuntza propioa dute, euren lurraldea hiru herrialde desberdinetan banatuta dago... Hala ere, guk ez dugu Balutxistango herritarrei laguntzera goazela esaterik, Irango Gobernuak ez lukeelako hori ondo ikusiko, ezta onartuko ere. Horregatik, egitasmoa Iranera joan eta bertan surfa bultzatzea da eta listo.

 

Zein da gaur egun surfaren egoera Iranen?

Momentu honetan surfa ez da existitu ere egiten ia Iranen; ez dago surfaren inguruko ezer. Ia inork ez du bertan surfean egiten eta horregatik asmoa da surf oholak eraman eta bertan uztea. Era batera edo bestera antolatzen lagundu nahi diegu, eta, horrez gain, taulak nola egin, nola zaindu eta nola konpondu irakatsi nahi diegu. Antolakuntza bultzatzeko, surf taldeak edo surf elkarteak sortzen ere lagundu nahi diegu. Azken finean, Iranen surf egiteko ohitura hedatzea da gure asmoa.

 

Zergatik uste duzu, bada, surfa ez dela kirol ezaguna han? Surf egiteko baldintza onak, izan ere, egon badaude, ezta?

Bueno, oraintxe da Iranen surf egiteko sasoirik onena, maiatzetik irailera bitarte. Olatuak Omango golkotik sartzen dira. Egia esan ez dakit surfak zergatik ez duen arrakastarik bertan: agian aberatsen kiroltzat hartzen dutelako izan daiteke, hemen duela 50 urte gertatzen zen bezalaxe. Gurean ere lehen dirudunak ziren surf egiten zuten bakarrak, baina, zorionez, hori aldatu egin da eta kirola zabaldu egin da. Baliteke surfa Mendebaldeko kiroltzat jotzen dutelako ez praktikatzea ere. Gure asmoa, hein handi batean, estereotipoak haustea da, bai guk haiekiko ditugunak bai haiek gurekiko dituztenak bai eta haiek surfarekiko dituztenak ere. Askotan entzuten da surfa kirol egoista dela: leku batera bakar-bakarrik zoaz, zure olatuak hartzen dituzu eta etxera itzultzen zara. Gure asmoa, ordea, haiek surfa konpartitzea da, kirol honekin disfrutatzen ikastea.

 

Zer-nolako egitasmoa duzue Irango jendearengan surfaren hazia sustraitzeko?

Printzipioz hazia dagoeneko ereinda dago duela pare bat urte Waves of Freedom elkarteko kideek bertan eginiko lanari esker. Orain hortik ateratako fruituak landu eta zaindu behar ditugu. Surfa sustatzea, gainera, Irango agintarien nahia ere bada, beraiek gonbidatu gaituztelako herrialdera itzuli eta surf ikastaroak ematen jarraitzeko. Hala ere, oraindik orain lan asko geratzen da egiteko: han zaudenean Marten zaudela ematen du, ez baitago ezer. Baina gero hondartzara hurbiltzen zara eta, bat-batean, gazteak, umeak, helduak, familia osoak... azaltzen hasten dira. Azkenerako, nola gertatu den ez badakizu ere, kristoren jendetza batzen da [barreak]. Horregatik, interesa egon badagoela pentsatzen dut, orain hori guztia kudeatzea falta bada ere; bertakoei dena aurrera nola eraman erakutsi behar zaie, zerotik hasita. Horretarako, hitzaldiak emango dituzte bai Chabahargo Unibertsitatean bai politikoekin. Gainera, inguru hori, Chabahar, bertako agintarientzat oso garrantzitsua da: portua dago bertan eta ingurua garatzeko proiektua dute, bai industriari bai turismoari lotuta. Surfa, gehienbat, horretarako erabili nahi dutela jakinarazi digute: turismoa bultzatzeko.

Izan al duzue erakundeen laguntzarik proiektua aurrera eramateko?

Iranera joango diren proiektuko beste kideak bertako agintariekin elkartu ziren. Kirol ministroak gonbidatuta doaz, baina ez Irangoak, eskualdekoak baizik. Poliki-poliki eta pixkanaka gabiltza, txikitik handira. Ni Iranen izan nintzen duela hamabi urte, Teheranen, turista moduan. Ez naiz Chabaharren egon eta ez dut han sekula surf egiteko aukerarik izan. Gogo betez nengoen hara joateko eta pena handia dut orain, baina, tira, zer egingo diogu ba. Ea proiektu honek aurrera egiten duen eta hurrengo batean joateko aukerarik dudan.

 

Nola finantzatu al izan duzue proiektua?

Autofinantziazioa izan da jorratu behar izan dugun bidea. Alde batetik, Cross Culture Surf elkarteak gure bidaia eta materialak ordaindu ditu, eta, bestetik, Waves of Freedom elkartekoek ere jarduera ezberdinak antolatu dituzte dena ordaindu ahal izateko. Gure aldetik, pasa den uztailaren 26an bigarren eskuko merkatu bat antolatu genuen Elorrion, adibidez. Mahai bakoitzari 5 euro kobratu genizkion eta 300-350 euro inguru batu genituen. Horrez gain, inguruko enpresekin kontaktuan jarri gara proiekturako pare bat surf ohol emateko prest egongo liratekeen jakiteko, eta, oraingoz, Pukas etxekoek lau taula zahar eman dizkigute. Taula horiek han geratuko dira, eta, beno, asko ez bada ere, hasteko ez dago gaizki. Azkenean, gainera, guk ateratako dirua nire bidaia ordaintzeko izan beharrean surf taula gehiago eramateko baliatu beharko dugu, eta, agian, hobe da horrela [barrez].

 

Hizkuntza aldetik zein arazo izan dituzue? Arabieraz ez duzue jakingo, ezta?

Itzultzaile bat izango da haiekin, Teheranetik joango dena. Bi hizkuntza dira lurralde horietan nagusi: farsi hizkuntza (persiera) eta balutxera. Batez ere lehena izango da erabiliko dutena. Gauza da guk hemendik aipatu ditzakegula “Balutxistan”, “balutx” eta horrelako terminoak, baina, aldiz, bertan zaudenean, hobe da ideia horiek barruan gordetzea. Izan ere, horrela egin ezean, bertako politikariek herrialdetik bota egingo lituzkete elkarteko kideak. Eurek gonbidatu eta babestuko dituzte nire kideak, beraz, euren ideiak errespetatzea besterik ez da geratzen. Dirudienez, Irango militarrak izango dituzte bodyguard bezala gainera, eskolta lanetan.

 

Gauzak ez dira inoiz nahi bezala irteten, eta, zure kasuan, azken orduan ezingo zara joan. Zer gertatu da?

Arazoak izan ditugu, bai, eta niri hara joateko beharrezkoa den bisa ez didate eman azkenean. Pena handia dut. Iranera joateko arazorik ez da izaten normalean, baina Balutxistanera joatea zaila da oso bertako arazo politikoak tarteko. Agian, gainera, are okerragoa da Pakistanen gobernupean dauden lurraldeetara joatea. Teheranera joan beharrean, plana honakoa da: Dubaira hegaldia hartzea eta zuzenean Chabaharrera joatea gero. Hau da, iparraldetik joan beharrean, hegoaldetik iritsiko dira, pixka bat atzeko atetik. Kontaktu bat dute nire kideek han eta Teheraneko jendea ere joango da. Gainera, Iran bertako hainbat enpresek ere parte hartuko dute ekimenean. Teheran inguruko snowboardlariak ere jaitsiko dira surf egiten ikastera. Han, Iranen, proiektua garatzeko interesa badagoela dirudi.

 

Zein da proiektu honen helburu nagusia? Zeintzuk dira aurreikuspenak?

Gure asmoa han surfa sustatzea eta berriro hara itzultzea izango litzateke; urtero ez, agian, baina bai noizean behin. Bi urtetik behin bueltatu ahal izatea ondo legoke, baita surf elkarte bat edota surf ostatu bat muntatu ahal izatea ere. Bertako jendeari horrelako negozioren bat edota surf elkarteren bat sortzen lagundu ahal izatea da helburua. Etorkizunari begira, munduko zirkuituan surflari irandarrak ikusi nahiko genituzke. Zergatik ez, ezta? Gaur egun herrialde oso desberdinetako surflariek parte hartzen dute zirkuituan, baina musulmanak eta Ekialde Hurbileko herrialdeetakoak ez daude hainbeste. Marokotik hasi dira batzuk, apurka-apurka. Hango jendearen artean surfaren grina piztu nahi dugu, txinparta bat, gero hori su bihurtzeko eta surfa aurrera eramateko. Guk batez ere surferako beste leku bat irekitzea dugu helburu. Irango jendeari erakutsi surfean ari daitezkeela eta estereotipoak apur bat hauts ditzaketela, munduari erakutsiz jende zoragarria direla. Horretarako balio dezakete horrelako proiektuek.

 

Amaitzeko, ba al duzu horrelako beste proiekturik buruan?

Guk Irlandako jendearekin elkartrukeak egiten ditugu eta horiek egiten jarraituko dugu. Kaliforniara eta Japoniara joateko ere interesa badaukagu. Horrez gain, Zarautzen English Surf Camp udalekua egin genuen: hemengo gazteentzat antolatutako udalekua izan zen, baina dena ingelesez. Seme-alabak kanpora bidali beharrean, etxean surfa eta ingelesa ikasteko aukera izan zen, krisi garaian ez delako erraza gazteak kanpora bidaltzea. Nik, egia esan, egingo nituzke horrelako bidaia gehiago ere. Lagunek esaten didate ea zergatik ez naizen joaten Hawaiira edota Indonesiara surfean aritzera Iranera beharrean, dagoen egoera dela eta. Azken finean, baina, mundu guztia doa leku horietara eta nik nahi dudana beste zerbait da: surfa garatuta ez dagoen herrialde batera joan eta han surfa sustatzen eta zabaltzen laguntzea. Nik kirol honekin sentitzen dudan barru-barruko poza besteengan ikusi nahi dut, guztiz hasiberriak direnengan. Beste leku horietan surfa hain dago ustiatuta, eta, jendea, berriz, hain da agresiboa uretan, ez dudala hainbeste gozatzen. Nik lasai bizi nahi dut, eta, bueno, agian horregatik joan nahi dut gatazkan dagoen lurralde batera! [barreak]. Hamaika ikusteko jaioak garela esan ohi da, eta, nik, oraingoz, pare bat besterik ez ditut ikusi!

Waves of Freedom elkartea Iranen

Waves of Freedom surfaren bidez gizarteko pertsona ahulenen ahalduntzea lortzeko lan egiten duen elkartea da, bereziki emakume eta neska gazteenen egoeran arreta jarriz. Easkey Britton, Marion Poizeau, Beckey-Finn Britton, Orna Joyce eta Mona Seraji dira elkartea osatzen duten bost kideak. Bada, orriotan aurkeztu dizuegun Surf Weeds ekimenaren haziak beraiek erein zituzten orain dela bi urte Iranera egin zuten bidaian.

Egitasmoaren historia Easkey Britton surflari irlandarrak eta Marion Poizeau bideogile frantsesak Iranera egindako bidaiarekin hasi zen. Balutxistan eskualdera joan ziren: Irango zonalde txiroenetariko bat da, baina baita surf egiteko potentziala duen bakarra ere. Teheraneko aireportuan ikusi zuten elkar lehen aldiz, nahiz eta aurretik elkarren arteko ezagutza izan bazuten; lehena surf ohola esku artean iritsi zen, eta, bigarrena, berriz, bere bideokamera lagun. Iranen jasoko zuten harreraren inguruko zalantza eta beldurrak berehala utzi zituzten atzean, herritarrek ongietorri izugarri adeitsua egin baitzieten une oro. Herritarrek zirrara handiz hartu zituzten, lehen aldiz izan baitzuten norbait zuzenean surf egiten ikusteko aukera; guztia are bereziagoa egiteko, gainera, surfean ikusi zituzten lehen pertsona haiek emakumeak ziren!

Bidaia horretan grabatutako ikus-entzunezkoak arrakasta handia izan zuen mundu osoan zehar, eta, hala, proiektuarekin aurrera jarraitzeko intentzioa eta indarra areagotu egin zen bi emakumeengan. Horrenbestez, Iranera itzultzea erabaki zuten surfa sustatzeko lanean jarraitzeko, baina, oraingoan, Mona Seraji snowboardlari irandarra lagun izanik. Beraz, aurki Balutxistanera itzuliko dira bi emakumeak Surf Weeds proiektuarekin. Asmo sendo bat dute esku artean: lehen bidaian ereindako hazien fruituak jasotzea.

Waves of Freedom elkarteak surfa erabiltzen du kultura arteko elkartrukeak bultzatzeko, betiere kirol honek erakusten duen emakume indartsu eta askearen irudia erabiliz. Emakume heldu eta gazteen eskubide eta aspirazioak bermatzeko lan egiten dute, surfa horretarako tresna dutela.