Iratxe Urizar

Isiltasuna

Isiltasuna. Astebete pasa da Hassana El Uali preso politiko eta Saharako Torturaren Aurkako Elkarteko kidearen heriotzatik. Hiru urteko kondena betetzen ari zen, 2011n manifestaldi batean parte hartzeagatik; gobernu marokoarrak jipoi basati bat jasan ostean hil zen gazte saharar bati gertatutakoa ikertzeari uko egin izana salatzen ari zen. Isiltasuna. Inpunitatea. Giza eskubideen defendatzaile nekaezina, 2012an ez zuen inolako gaixotasunik, giltzapetu zutenean kartzelak berak egindako txosten medikuak baieztatzen duenez. Aldiz, espetxean jasandako bizi baldintza beldurgarrien ondorioz –presoek egunero pairatzen dituzte tratu txarrak eta ez dute inolako mediku asistentziarik–, bere osasuna hautsi egin zen. Bere egoerak okerrera eginagatik, ez zuen inolako tratamendurik jaso. Azkenean, baina, ez zuten Dakhlako ospitale militarrera eramatea beste erremediorik izan, bai bere egoera larriagatik bai bere kideek egindako presioagatik. Jada koma egoeran zegoela eraman zuten ospitalera. Bost egunen buruan hil zen, familiaren bisitarik jasotzeko aukerarik gabe. Bakarrik hil zen. Isiltasuna.

Afapredesa preso eta desagertu sahararren senideen elkarteak salatu duenez, aurten jada zortzi dira Aït Mellouleko espetxean hildako presoak. Kasu bakar batean ere ez da gertatutakoa argitzeko ikerketarik ireki. Isiltasuna. Afapredesa bera izan zen EHUk hobi komunak lokalizatzeko asmoz Saharara egin zuen espedizioan gida lanetan lagundu zuen elkartea. Orain gutxi, espedizio horretako kideetako batek, Carlos Beristainek, egindako aurkezpen batean egoteko aukera izan nuen. Exekuzioen lekuko izan ziren umeek, jada gizon bihurtuta, gidatu zituzten taldeko kideak basamortuko isiltasunean barrena, ikusi zutena lantaldeari azalduz. Adituek, beraien azterketa zientifikoak egin ondoren, lekukoek kontatutakoa berretsi zuten. Azalpen gehiegi eman behar izango ez zuten jakitun gertatutakoaren bertsio ofizial landuak prestatu beharrik ere izan ez zutenen haserrerako, desagertu ziren eta etxekoek inoiz gehiago ikusi ez zituzten horien hilotzak agertzen hasi ziren. Isiltasuna hedatu nahi duten bertsio ofizial ahulak, trauskilak, sinetsi nahi dituenarentzako baino ez direnak sinesgarri. Erantzulerik gabe, ikerketarik gabe.

Beristainek aurkezpenean erakutsi zizkigun irudien artean bazegoen marokoar armadak 1976an exekutatutako zortzi sahararren hobi komun bati zegokiona –horietako bi adin txikikoak ziren–. Atxilotu zituzten toki berdinean hil zituzten, eta han aurkitu zituzten. Irudian exekuzioan erabilitako fusil balen zorroa, hezurrak, arropa zaharkituak, zenbait objektu pertsonal…. ikus zitezkeen, esaterako, exekutatutako sahararretako biren nortasun agiri espainiarrak –Mohamed Abdalahe Ramdan (A-4131099) eta Mulud Mohamed Lamin (A-4520032)–. Beraien izenak, abizenak… ageri ziren egungo txipdun nortasun agiri modernoen ondoan ikaragarri handiak ziruditen agiriotan; goialdean, “Sahara” irakur zitekeen bandera rojigualda baten gainean. Aitortu ez den erantzukizun historikoaren zeinu salataria, beti isilarazia baina horren ikusgai horrelako imajina esanguratsu eta indartsu batean. Isiltasuna.

Plastiko zati txiki horren irudia, zaharkitua baina hain argiki identifikagarria aldi berean, isilarazia, okupatua, errepresaliatua izan den Saharako herriaren aldarrikapenen pankartarik hoberena zen gure begietara, exijitu beharreko erantzukizunen seinalatzaile irmoa. Bien bitartean, herri batek bere askatasunaren alde egiten duen garrasiaren indarrak bizirik dirau, bere oihartzuna egunez egun, gauez gau galdu egiten den arren. Basamortua. Gaur Sahara hori ere bada: isiltasuna. •