Koldo SAGASTI

Datuek hankaz gora jartzen dituzte aurreiritzi xenofoboak Gasteizen

Arabiarren aurka gogor oldartu da Gasteizko alkate Javier Maroto. Alkatearen adierazpenek hautsak harrotu dituzte, eta, azkenerako, auzia epaitegietara ere iritsi da. Hiritargoaren zati handi baten sentimendu arrazista sakonenak elikatu ostean, Marotok oinarrizko errenta jasotzeko baldintzak gogortu nahi dizkie orain etorkinei.

Gasteizko alkateak udaran egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte hirian. Javier Marotok irrati elkarrizketa batean esan zuen Maroko eta Aljeriako etorkinak diru laguntzak kobratzearren etortzen direla Gasteizera, guztion artean ordaintzen ditugun gizarte zerbitzuen kontura bizi direla, eta lan egiteko inongo asmorik ez dutela. Ez zen lehenbiziko aldia agintariak arabiarren kolektiboa bere oldarraldien jomugan jartzen zuela.

Uda denboraldia hastearekin batera ere polemikaren txinparta piztu zuen emakume musulmanei igerileku publikoetan sartzea debekatu behar zietela iragarri zuenean, buruzapia jantzita bainatzen omen direlako. Halaber, aski ezaguna da hiriburuan meskita eta arabiarrek gobernatutako saltoki berriak irekitzea debekatzeko bere gurutzada. Horregatik, gasteiztar askok pentsatu zuten alkatearen purrustada kolektibo horren kontrako eraso zerrenda luze baten beste lagin bat baino ez zela,, Maroto ospetsua baita sare sozialetan egindako tokiz kanpoko adierazpenekin polemika antzuak pizteagatik. Baina oraingo honetan, kalaka politiko lokaletik harago, Estatu mailako hedabideetara ere iritsi da alkatearen adierazpen arrazisten kalapita, eta berak, atzera egin beharrean, berretsi eta areagotu egin du bere komentarioen tonua, eta orain, gainera, oinarrizko errenta jaso ahal izateko baldintzak gogortu nahi dizkie etorkinei.

Oldarraldi xenofobo berri horri berehala iritsi zitzaion zegokion erantzuna. Udalbatza aretoan oposizioko zinegotziek bizkarra emanez antzeztu zuten alkatearen arduragabekeriarekiko gaitzespena. Kalean bertan ere herri mugimenduak paretetara eta jai esparrura eraman zuen arrazakeriaren salaketa. Kazetari baten hanka-sartze xelebreak eman zien aukera kanpaina izendatzeko. Egunkari bateko berriemaileak “Tontolnabo” izena jarri zuen Marotoren argazki baten oinean, karaktere kopurua betetzearren, eta, antza, gerora aldatzeko asmoz. Baina goitizenaren zuzenketa egitea ahaztuko zuen nonbait eta, hala, erredakzioaren, maketatzaileen eta zentsuraren galbaheak pasatuta, hantxe agertu zen “Tontolnabo” ezaguna, paperezko milaka aletan. Horrenbestez, pasadizoa baliatu zuten hainbatek alkatea birbataiatu eta bere lerdokeriak salatzeko; eta “Tontolnabo” hamaika pankarta, pegatina eta pintaketako leloa bilakatu zen hiriko jaietan.

Eta pasatu da udako oporraldia, eta, afera, amatatu beharrean, areagotu egin da. Izan ere, PPko beste goi kargu bat, Javier De Andres Arabako ahaldun nagusia, hedabideetara agertu da alderdikideari babesa eman eta arabiarren aurkako salaketak berresteko, berriz ere inongo frogarik aurkeztu gabe. Itxura guztien arabera, beraz, adierazpen arrazisten auzia ez zen unean uneko beroaldiaren emaitza, alderdiaren epe luzerako estrategia baizik.

SOS Arrazakeria, susmopean

Gizarte eragileek ere altxatu dute ahotsa kontserbadoreen kanpainaren kontra, eta, erantzun gisa, ahaldun nagusiak SOS Arrazakeria taldeko kideak jarri ditu susmopean, iruzur egitea leporatu baitie. Arrazakeriaren aurkako erakundekoek, berriz, auzitara jo dute eta salaketa jarri diete agintariei euren adierazpen xenofoboengatik. EAEko Auzitegi Goreneko fiskalak salaketa onartu eta balizko delitu zantzuak ikertuko dituela esan du.

Baina inor atera bada irabazle adierazpen eta salaketa zurrunbilo horretatik, hori Javier Maroto bera izan da. Izan ere, bila zebilena lortu du, alegia, hiritargoaren zati handi baten sentimendu arrazista sakonenak elikatzea eta azalaraztea, hedabideetan “mamu musulmana” etsai moduan agerraraziz. Javier Marotoren estrategiaren kutsu elektoralista agerian geratu da, bere adierazpenak etorkinen kolektibo bakar eta zehatz baten kontra zuzendu dituelako. Halaxe adierazi zuen Xabier Aierdi Arrazakeriaren Aurkako Behatokiko zuzendari ohiak, prentsako elkarrizketa batean: «Maroto tranpatia izan da eta behar baino lehen ekin dio kanpainari. Kolektibo bat jarri du jomugan, marokoarrena; latinoamerikarrak, berriz, salbuetsi egin ditu. Marotok esaten ez duena, baina, zera da: berak badakiela magrebtarrek ezin dutela bozkatu, eta, latinoamerikarrek, berriz, bai. Ez hori bakarrik, bozkatu ere egiten dute, barra-barra gainera. Ondo kalkulatutako estrategia da, eta besteak bere jokoan sartu dira».

Herri xehean, baina, badira inkontzienteki bere aurreiritzi xenofoboak egiaztatuko dituzten zantzuen bila dabiltzan asko eta alkateak botatakoak itsu-itsu sinetsi dituzte. Marotok piztutako txinparta hasi da jadanik su txikiak eragiten. Halaxe kontatzen du Estherrek, Eskubide Sozialen Aldeko Plataformako kideak. «Hasi zaizkigu emakume arabiarrak hurbiltzen, sumatzen duten presio soziala areagotu egin delako. Askok kontatzen dute supermerkatuan gainontzeko bezeroen irainak eta mespretxuak jaso dituztela. Kontua da elikadurarako jasotzen duten Gasteizko Udalaren laguntza, dirutan jaso beharrean, jakietan jasotzen dutela, errazionamendu txartel baten bidez. Hori dela eta, marka bateko saltoki zehatz batean pegatina berde batez markatutako produktuak baino ezin dituzte eskuratu. Hortaz, beste bezeroek igarri egiten dute gizarte laguntzen hartzaileak direla, oso ikusgarria delako, eta euren janzkera eta itxurarekin lotzen dute... Hortxe hasten dira liskarrak. Batek baino gehiagok irainak jasan behar izan ditu erosketak egiten ari zela, eta beldurrez dira erasoak harago iritsiko ote diren».

Manipulatutako argazkiak

Arlo horretan lanean dabiltzan gizarte eragileen kezka ez da hor amaitzen. «Azken asteotan zurrumurru kezkagarri bat hasi da zabaltzen sare sozialetan. Manipulatutako argazki bat da. Erretratuak kontu korronte bateko laburpena erakusten du, izen arabiarra duen pertsona baten kontua. Bidaltzaileak ohartarazten du ‘emakume arabiar bati poltsikotik erori zitzaiola’ laburpena, eta, bertan, Gasteizko Udalaren ordainketa bat agertzen dela, 2.400 eurokoa. Mezu hori iruzur hutsa da. Lehenengo ordainketari dagokion agiria da, laguntza ematen dizutenetik kobratzen hasten zaren artekoa. Orduan, lauzpabost hilabeteko kopurua ordaintzen dizute batera... Oraindik irainak eta difamazio kanpainak baino ez dira baina gehiagora ere irits litezke».

Beste eragile batzuek ere alkateak baliatutako argudio bihurriak kolokan jarri dituzte. Hala, Egin Ayllu Alde Zaharreko auzo elkarteak, ikerketa lan zorrotz baten ostean, 32 orrialdeko txostena argitaratu du Lagenterula blogean alkatearen argudioak desmuntatzeko. Antonio taldekidearen hitzetan, «Morotoren hitzek Alde Zaharreko auzokide guztiok iraindu gaituzte, auzotarron kopuru handi bat arabiar jatorrikoa delako, eta geuk ere, auzoko komunitatearen alde lanean dihardugun neurrian, zerbait egin beharra geneukan. Alkateak iruzur egiten du bere argudiaketan eta, beste inork egin ezean, geuk egin behar izan dugu kontrainformazio lan hori, haien propagandaren aurrean argudio sendoak kontrajartzeko». “Marotoren elektoralismo arrazistaren zurrumurru eta gezurrak desmuntatzen” izeneko txostena egiteko iturri publikoetara jo dute, erakundeek eta administrazioak eurek egindako txostenetara, adituen ikerketetara, Gasteizko Udalaren memorietara... Jasotako datuak oso adierazgarriak suertatu dira. Horrela, udalburuak behin eta berriz argudiatutako mitoak banan-banan hankaz gora jarri dituzte.

Mito zabalduenetakoa da immigrazioak gastu jasanezina eragiten diola aurrekontu publikoari. Gizarte Segurantzako datuak eskuan, Egin Ayllukoek kontrakoa egiaztatu dute: «Etorkinek jasotzen dutena baino gehiago ematen diote kutxa publikoari, alegia, eragiten duten gastua baino gehiago kotizatzen dute». Adibidez, Eusko Jaurlaritzak 2008an argitaratutako txostenaren arabera, etorkinek ordaintzen dituzten zergak bertakoek ordaintzen dituztenak baino %23 gehiago dira. Arrazoia argia da: etorkinen artean jende gehiago dago lan egiteko adinean eta denbora laburragoa ematen dute diru laguntzak kobratzen. Horixe da, hain zuzen, alkatearen beste argudioetako bat, etorkinak diru laguntzen kontura bizi direla eta ez dutela lan egiteko gogorik. Egin Aylluren txostenak aurreiritzi hori ere desmuntatu egin du. Antonioren aburuz, «etorkinek lanean hasteko joera handiagoa dute, halaxe erakusten dute datuek: diru laguntzak kobratzen dituzten etorkinen artean %7k bakarrik ematen du sei urte baino gehiago laguntzen kontura; bertakoen artean, ordea, kopuru hori %43ra iristen da. Gertatzen dena da lanpostu horiek aldi baterako izan ohi direla, hori dela eta, langabezia tasa %40 ingurukoa da kolektibo horretan. Egoera horrek okerrera egin du krisiaren eraginez eta, ondorioz, gora egin du gizarte laguntzak eskatzea beste irtenbiderik ez dutenen kopuruak».

Txostenak hankaz gora jarri duen beste gezurretako bat gizarte laguntzen iruzurrekin lotutakoa da. «Gizarte laguntzei egindako iruzurra ñimiñoa da, Lanbideren datuen arabera %1 ingurukoa oro har. Kontuan hartzen badugu laguntzen hartzaileen %39 direla etorkinak eta horien artean magrebtarrak gutxiengoa direla, ondoriozta dezakegu kolektibo horrek egindako iruzurra hutsaren hurrengoa dela. Benetako iruzurra, eta hori bai dela eskandalua, bertakoek egiten dute, iruzur fiskala egiten dutenek; hori 13.500 milioira iristen da EAEn».

Era berean, oso zabalduta dago hiritargoaren zati handi batean etorkinek laguntzak bertakoek baino errazago eskuratzen dituzten ideia. Uste hori ere desmuntatu egin dute txostenean. Izan ere, laguntzak emateko irizpideak berdinak dira guztiontzat, eta, horien arabera, hiru urtetik gora egon behar da hirian erroldatuta laguntzak eskatzeko. Baldintza hori beteezina da etorkin askorentzat. Horrela, banan-banan eta datu zehatzez eman diete buelta Alde Zaharreko auzotarrek Javier Marotok behin eta berriz errepikatutako argudio bihurriei. Txostenaren egileek, baina, aurreikusten dute aferak oraindik korda luzea ekarriko duela. «Itxura guztien arabera, estrategia lotsagarri horri eutsiko diote, maiatzeko hauteskundeak dituztelako jomugan», dio Antoniok. «Haiek euren kordako hedabideak dituzte aurreiritzi xenofoboak lau haizetara zabaltzeko, baina guk pentsatu nahi dugu Gasteizko herritar gehienak ez direla haien azpijokoan eroriko. Horrexegatik plazaratu dugu txostena, Marotok eta konpainiak esandakoa itsu-itsu sinetsi beharrean, datuak eskuan, nork bere gogoetak egin eta ondorioak atera ditzala».

Martin Gartziandia Gartziandia

«Egun ez dago gizarte laguntzen iruzurraren datu objektiborik»

Etorkin magrebtarrak eta diru laguntzak lotzen dituzten Javier Marotoren azken adierazpenek polemika handia piztu dute Gasteizen. Ba al du alkateak bere argudioei eusteko daturik?

Erakunde desberdinetan arakatu dut, eta baiezta dezaket gaur egun ez dagoela gizarte laguntzen iruzurrari buruzko datu objektiborik.

Hala ere, datu horiek biltzeko, lehenik eta behin zehaztu beharko genuke zer den benetan iruzur egitea. Gure alkatea premisa batetik abiatu zen: “magrebtarrek ez dute lan egin nahi, gure diru laguntzez bizi baizik, eta hori iruzur egitea da”. Jakina, aurreiritzi horretatik abiatuta, magrebtar guztiek egiten dute iruzur.

Baina errealitatea askoz konplexuagoa da. Gogoratu beharra dago, krisia hasi aurretik, duela zazpi urte eskas, EAEn langabezia tasa %3-4koa zela, hau da, ia-ia enplegu betean geundela, eta orduan ere 100.000 etorkin zeuden geurean. Garai hartan gure etxeak eraiki zituztenak, gure aitona-amonak zaindu zituztenak... ezin ditugu orain kale bazterrean utzi.

Duela egun batzuk hedabide batek argitaratu zuen Lanbidek 10.000 biztanleri diru laguntzak itzultzeko eskatu diela, ustez bidegabeki jaso dituztelakoan. Zuzena al da albiste hori?

Kontu hori ere ezin da iruzurrarekin parekatu, inolaz ere ez. Kasu horietako gehienak tramitazio arazo hutsak dira. Adibidez, diru laguntza jasotzen ari den herritar batek egun batzuetako lana aurkitzen badu, Lanbideri jakinarazten dionetik datu hori prozesatzen den arte, denbora pasa daiteke. Ondoren, Lanbidek herritar horren egoera erregularizatzen duenean, gerta daiteke jasotako diruaren zati bat itzuli behar izatea, baina horrek ez du esan nahi pertsona hori iruzurrean ibili denik. Izan ere, 10.000 horietatik oso gutxi dira diru laguntzak kobratzearren informazioa asmo txarrez ezkutatzen dutenak.

Oso zabalduta dago hiritargoaren zati handi batean etorkinek diru laguntzak errazago eskuratzen dituzten ideia. Funtsik ba al du uste horrek? Krisialdi egoerak areagotzen al ditu zurrumurru horiek?

Ideia horrek ez dauka inolako oinarririk. Baldintzak, jakina, denentzat dira berdinak, bertako izan zein etorkin. Betetzen dituenari laguntzak ematen zaizkio, eta, betetzen ez dituenari, ez. Kito. Besterik da, azken urteotan, klase ertaineko familia askok porrot ekonomikoa izan dutela. Duela gutxira arte bizi kalitate ona zuten zenbait familiek –normalean jaiotzez bertakoak– gaur egun gizarte diru laguntzak kobratzen dituzte. Eta errealitate horiek askoz zailagoak dira justifikatzen, hau da, esate baterako, duela bi urte etxea, auto ederra eta soldata onak zituztela, eta gaur egun, berriz, ezertxo ere ez. Pobrezia justifikatzea askoz errazagoa da inoiz dirudun izan ez denarentzat; maiz, atzerritarrak. Hori izan liteke mito honen jatorria.

Noren esku dago mito faltsu horiek desmuntatzea? Orain arte gizarte eragileak izan dira, gehienbat, datuak mahai gainean jarri dituztenak. Zer egin beharko lukete erakundeek zurrumurru horiek eteteko?

Gure gizarte sisteman sinesten badugu, hasteko erakunde guztiok arduraz eta tentuz jokatu beharko genuke gai honetan, aurreiritziak alde batera utzi eta datuak bilduz. Dirua kudeatzen duen orok gastuetan desbideratzeak daudela uste badu, lehenik eta behin desbideratze horien tamaina eta jatorria zehaztu behar ditu, eta, ondoren, soluzioak jarri.

Hortik aurrera, erakundeek pedagogia egin beharko lukete. Laguntza sozialik jasotzen ez dutenek, jakin beharko lukete zeinen baldintza pila eskatzen diren laguntzok jasotzeko, zenbat paper aurkeztu behar den, zenbat kontrol egiten diren, zein diren baldintza horiek ez betetzearen ondorio larriak... Prozesu horiek gardentasunez jorratuko balira, jendeak tresnak izango lituzke bere aurreiritziak zalantzan jartzeko.

Izan ere, harrigarria da zeinen erraz barneratzen diren zenbait aurreiritzi, baita diru laguntzak jasotzen dituztenen artean ere. Duela gutxi gizarte diru laguntzak jasotzen dituen herritar bat etorri zen gure bulegora, latinoa bera. Aditzera ematen zuen ados zegoela alkatearekin, magrebtarrek iruzur egiten zuten susmoa zuela berak ere. Aldi berean, baina, karpeta handi batetik paper mordoa atera eta sutsuki kexatzen zen Lanbidek eskatzen dizkion egiaztagiri guztiengatik, etengabeko kontrolengatik. Orduan, nik zuzen-zuzenean galdetu nion: «Eta, hala ere, uste duzu iruzur egitea posible dela?» Eta berak, segundo batez hausnartu eta gero, serio erantzun zidan: «Egia esateko, ez».

Asteak joan asteak etorri, baretu baino, areagotu egin da adierazpenen tonua, eta PPko beste agintari batzuek ere bat egin dute Marotoren diskurtsoarekin. Zure ustez, bat-bateko adierazpenetatik harago kalkulatutako estrategia baten aurrean gaude? Zergatik jarri dituzte jomugan arabiarrak bakarrik, latinoamerikarrak espresuki salbuetsiz?

Nik ez dakit zein den adierazpen horien helburua, baina egia da Gasteizen gai hauek hauteskundeen atarian atera ohi direla beti. 2011ko hauteskundeetan Zaramagako meskitaren proiektuaren afera izan zen, eta, orain, berriz, magrebtarrak eta diru laguntzak. Jatorri batekoak eta bestekoak bereizteari dagokionez, ez da bistatik galdu behar, latinoek askoz erraztasun handiagoak dituztela espainiar nazionalitatea lortzeko. Izan ere, bi urtez etorkin erregular moduan egonik has dezakete prozesua, magrebtarrek hamar urte behar dituztenean. Behin nazionalitatea lortuta, gainontzeko beste edozein euskaldunek bezala bozka dezakete, noski, baita udal hauteskundeetan ere. Azken urteotan atzerritar askok lortu dute naziotasuna EAEn, eta horietatik %60-70 latinoak dira.

Zure ustez, arduraz jokatzen ari da alkatea? Horrelako mitoak elikatzeak ba al du eraginik gasteiztarron elkarbizitzan? Arrazakeria kasuen zantzurik izan al du sindikoak? Emakume arabiarrak al dira, bereziki, balizko eraso xenofobo horien aurrean ahulenak?

Demokrazian zilegi da edozein gai plazaratzea, jakina, baina hain labainkorrak diren kontuetan, zuhurtziaz eta zorroztasun bereziz jokatu behar da. Daturik gabe, justifikatu gabe, aireratzen diren baieztapenak oso arriskutsuak dira, jende askoren sakoneko aurreiritziak astintzen dituztelako. Hala ere, ez dut uste Interneten eta sare sozialetan etorkinen kontra dihardutenak gehiengoa direnik, eurek hala uste badute ere. Zarata handiagoa ateratzen dute, besterik gabe. Aipatzekoa da krisiaren astinduak gorabehera, 2013an immigrazioari buruzko pertzepzioaren datuak hobetu egin zirela EAEn 2012koekiko. Lastima da horrelako ika-mikek ez dutela batere laguntzen gure tolerantzia maila sendotzen.

Sindikoaren bulegoan ez dugu orain arte arrazakeria kasurik izan, baina kezkatuta gaude egungo egoerarekin. Azken aste hauetan argitara eman diren erreziboen kasua oso larria da. Delitua izan daitekeela uste dugu, eta, horregatik, egun hartan bertan Gasteizko Udaltzaingoari jakinarazi genion. Horrelako jokaerak errotik ebaki behar dira, urrunago joan baino lehen.

Krisi eta gatazka kasuetan, emakumeak beti dira ahulenak. Horregatik uste dugu politika publiko guztiek aintzat hartu beharko luketela emakumeen errealitate berezia. Esate baterako, zerbitzu publikoetan murrizketak aplikatzen direnean, aztertu beharko litzateke murrizketa horiek, askotan ustez neutroak direnak, nola eragiten dieten gizonei eta emakumeei. Dena dela, ez dut uste emakume arabiarrek eraso xenofoboak izateko arrisku handiagoa dutenik, batez ere kontuan hartuta espazio publikoan gizon arabiarrek baino presentzia txikiagoa dutela. Nahiz eta hori ere diskriminazioaren zantzua izan…

Egoeraren bilakaera ezkorra izateko modukoa al da?

Gizarte demokratiko aurreratu baten betebeharra herritar guztiei bizitza duina izateko baliabideak eskaintzea da. Gure ingurura begiratzen badugu, gure auzo eta kaleetara, ikus dezakegu, arazoak arazo, krisi izugarri honi aurre egiteko gai izan garela, inor gutxi geratu zaigula kale gorrian. Hori ez zen posible izango, besteak beste, babes sozialeko sistema sendo bat ez bagenu, familia sarearen beraren esfortzua ere bikaina izan den arren. Duela gutxi argitaratu denez, Ameriketako Estatu Batuetan 10 milioi biztanle bizi dira eguneko bi dolar baino gutxiagorekin. Gure gizartearentzat horrelakorik nahi al dugu?

Azkenik, kontuan hartu beharra dago diru laguntzak jasotzeko baldintzak gogortzeak, iraupenean mugak jartzeak... zerbitzu publikoetan murrizketa berriak ezartzea esan nahi duela. Izan ere, diru laguntzak jasotzeko baldintzak gogortzen badira, denontzat gogortuko dira, atzerritar zein euskaldun petoentzat; bestela diskriminatzailea izango litzateke.