Ruben PASCUAL (@GARA_rpascual)
Entrevista
Maren Mantovani
Stop The Wall-eko kidea

«Ezin da hitzez Palestinaren aitortza bultzatu eta aldi berean Israeli okupazioan lagundu»

Gaza eta Zisjordaniako egoera latzak ongi ezagutzen ditu. Horregatik dio ezinbestekoa dela, aldaketa lortze aldera, Israeli presio handiagoa egitea.

Elkarrizketa honekin jazotakoak ongi islatzen du palestinarrek egunekotasunean jasan behar duten egoera. Jamal Jumak, Stop The Wall kanpainako koordinatzaileak, Mantovanirekin batera egon behar zuen Bilbon. Baina ez da egon. Ezin izan du egon, Jordaniako pasaportea eduki arren –duela gutxi arazorik gabe berritua, gainera–, bertako agintariek, Israelgoekin elkarlanean, ez baitiote lurralde palestinarretik ateratzen utzi.

Bidaia antolakuntzan aritu diren Bakea eta Duintasuna eta Biladi elkarteen iritziz, oztopoek Juma eta hark apartheid-aren aurka egindako borroka isilarazteko helburua dute.

Jumak etortzerik izan ez duenez, Mantovanik bere gain hartu du Euskal Herrian Palestinaren berri emateko ardura.

Duela egun gutxi irudi historiko bat ikusi genuen: Palestinako batasun Gobernuak Gazara eginiko bisita. Zer esanahi izan dezake argazki horrek eta exekutiboaren beraren osaketak?

Israelek eta nazioarteko bere aliatuek 60 urte baino gehiago daramatzate herri palestinarra banatzeko lanetan. Ez naiz soilik fakzio politikoen arteko banaketaz ari, herritarrak eurak ere banatu nahi dituztelako, izan Gazan okupaziopean bizi direnak, Zisjordanian okupaziopean bizi direnak, errefuxiatuak edo Israelen bizi direnak. Testuinguru honetan, beti da positiboa batasuna bilatzea.

Arlo politikoan, Gaza berreraikitzeko lanez gain, ikusteko dago batasuneko Gobernu honek nola egingo dien aurre dituen erronkei. Ezin pentsa daiteke Gaza berreraikitzeak egungo arazo guztiak konpontzen dituela: estalperik gabeko kartzela da oraino.

Israelek Gazako sarraskia erabiltzen du Zisjordanian garbiketa etnikoa eta kolonizazioa bizkortzen ari dela estaltzeko. Ez dute soilik Gaza suntsitu nahi, laborategi gisa erabiltzen dute Zisjordania ere aire zabaleko kartzela bihurtzeko.

Eta, noski, honi aurre egitea erronka handia da Gobernuarentzako.

Denek egiten dute bat Gazaren berreraikuntza lehentasuna dela esaterakoan.

Gaza berregiteaz mintzo garenean, ez dugu horretara bideratutako dirua bakarrik hartu behar kontuan, honekin guztiarekin nork irabazten duen eta zertarako egin duen ere aztertu beharra dagoelako.

‘Berreraikuntza-Sarraskia-Berreraikuntza’ etengabeko ziklo baten aurrean baldin bagaude, beti berdinak ateratzen dira irabazle eta galtzaile.

Israel esaten ari da, ia inolako oposiziorik gabe, berregite lan horiek bere segurtasuna mehatxatzen dutela. Lanerako material horiek modu desegokian erabiliko ez diren berme gisa Israeli erosi behar zaizkiola diote. Honek esan nahi du Israel irabazle ateratzen dela palestinarrak hiltzerakoan, gerora mundu zabalean salduko dituen armak frogatzeko aukera duelako eta, gainera, berreraikuntza lanetara bideratutako diru guztia bereganatzen duelako.

Batasun nazionaleko Gobernuari nola begiratzen diote palestinarrek? Itxaropena edo eszeptizismoa da nagusitzen den sentimendua?

Eszeptizismoa da orain hitzik egokiena. Maila diplomatikoan egin diren proposamenek ez dute itxaropenerako aukera handirik ematen. Okupazioari bukaera emango dion plan bat NBEren Segurtasun Kontseilura eramateaz hitz egiten ari dira, eta denok dakigu zein den horren ibilbidea.

Ekimena aurkeztu dutenek ere badakite ez dela gauzagarria, Ameriketako Estatu Batuen betoarengatik baino ez bada ere. Egoera honetan, ikusteko dago batasun Gobernu hau gai den borrokan urrats bat eman eta, nazioarteko legeria oinarri hartuta, Nazioarteko Zigor Auzitegira jotzeko eta eskura dituzten baliabide guztiak erabiltzeko palestinarren aurka krimenak egin dituztenen aurka.

Gaza berreraikitzeko dirua ematen duten zenbait herrialderen jarrera ere aipatu behar genuke, aldi berean Israelekin armak salerosteko kontratuak dituztelako. Zer egin daiteke alor honetan?

Lehenik eta behin, gobernuek sarraski eta berreraikuntzen ziklo honetan parte hartzearen aurkako kanpaina bat burutu behar da.

Era berean, gobernuek nazioarteko legeriarekiko dituzten betebeharrei eutsi behar diete, horren arabera ezin baitiote laguntzarik eman gerra krimenei, izan Gazaren aurkako eraso militarra, harresia edota koloniak.

Horrez gain, Boikot, Desinbertsio eta Zigorren (BDZ) aldeko kanpainak egin behar ditugu, gobernuei zuzendutakoak ez ezik, Israelekin lanean ari diren enpresa, unibertsitate edo bankuei ere bideratuak.

Norabide honetan lan egiten jarraitu beharra daukagu, okupazioa eta apartheid egoera finantzatzen segi ez dezaten eta, hala, sistemak jasangarri izaten jarrai ez dezan.

Azken urteotan garaipen handiak lortu dituen arren, erakunde eta enpresa ugarik ez dute BDZ kanpainarekin bat egin nahi, esanez ezin dela israeldar izate hutsagatik inor diskriminatu. Kontzientziazio lan handiagoa behar al da?

Argi utzi behar da, beste ezer baino lehen, ez dela inor israeldar izateagatik bakarrik boikotatzen. Palestinaren okupazioa garatzen, babesten edo errazten duten enpresa, erakunde eta ekimenentzako eskatzen ditugu boikota, desinbertsioa eta zigorrak.

Apartheid sistema batez ari gara. Ez da gobernu jakin bat txarra dela edo gustuko ez dugula eta hauteskundeak iritsi arte itxaron behar dugula, erregimen osoa da aldatu behar dena.

Sistema horrek garamatza, hain zuzen, zinean baleude bezala Gazaren aurkako bonbardaketak ikustera sofak hartu eta muinoetara igotzen ziren israeldar horien gisako irudiak ikustera…

Hori da. Inor ez da halakoa izaten jaiotzetik, sistemak bideratu ditu horrelakoak egitera. Eskolan palestinarrak gorrotatzen irakasten badiete, ondoren zerbitzu militarra egitera behartuta badaude eta gero telebista eta unibertsitateetan arabiarren aurkako gorrotoa baino erakusten ez bada, bistakoa da bere gizatasunaren parte handi bat galdu duen gizartea sortzen ari direla.

Berriki, Suediak, Europar Batasuneko kide izanda, Palestina estatu onartzeko prest dagoela esan du eta, aste honetan bertan, Parlamentu britainiarrak gauza bera gin dezala eskatu dio Gobernuari. Gazako azken sarraskiaren ondotik zerbait aldatzen ari dela esan nahi du honek?

Seguru aldatu egin dela, eta are gehiago aldatzen ari da. Azken hamar urteotan sakonago inplikatu naiz palestinarren aferan eta, ikusi dudanez, gero eta gehiago ulertzen da zer gertatzen den han. Elkartasuna ere etengabe hazten ari da.

Palestina estatu gisa aitortzea bezalako ekimenak sentimendu horien erakusle dira, baina ez dute konpontzen maila globalean eta gobernu europarrekin dagoen arazo nagusia. Hitzekin Palestinaren aitortza bultzatzen denean eta, aldi berean, Israelen okupazioa militarki eta ekonomikoki sustengatzen denean sortzen den kontraesana da konpondu behar dena.

Halaber, garrantzitsua da ulertzea Palestina ez dela estatu bat. Arriskutsua da estatu palestinar bat existitzen dela pentsatzea, Israeli zilegitasuna ematen ziolako eraso egiteko, eta pentsatzeko maila berean dauden biren arteko arazoa dagoela. Erabat okupatutako eta erreprimitutako herria da egun oraindik daukaguna. Lan egin beharra dago. Ikusi nahi genukeena esateak bakarrik ez du ezertarako balio.

Denbora palestinarren aurka doa. Gero eta sakabanatuago daude, gero eta kolonia gehiago daude, harresia aurrera doa eta beren baliabideen espoliazioa etengabea da. Zein neurritan zailtzen du egoera honek etorkizunean estatu palestinarra ezartzeko aukera?

Oso baikorra zarela uste dut. Lekuan bertan, errealitateak erakusten du Israelek duela urte asko suntsitu zuela estatu palestinar baterako aukera. Hori agerikoa da Palestinako mapari begiratzen diogunean.

Egun, Hegoafrikaren esperientzian ezagutu genituen bantustanen bere bertsioa ari da eraikitzen Israel. Aurrez Gazan frogatutako estrategiak Zisjordanian ere aplikatzen ari dira, bertan ghettoak sortu eta herritarrak sakabanatzeko.

Orain bantustan horien aurka ari gara borroka egiten eta lan hori bukatzeko Israelek zenbat denbora daukan da orain egin beharreko galdera. Eztabaidaren parametroak desberdinak dira.

Israelek ulertu du ez zaiola denbora askorik geratzen eta horregatik hain zuzen bizkortu dituzte lanak.

Zein lanez ari gara, zehazki?

Harresiaren eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute. Horrez gain, palestinarren arteko zatiketa hori areagotzeko beste hainbat proiektu garatzen ari dira. Stop The Wall kanpainatik lan handia egiten ari gara orain arlo honetan.

Proiektu horiek egiteko intentzioa agertzen duten enpresekin harremanetan jartzen gara eta beren jardunak palestinarren bizimoduarengan izan ditzakeen ondorioez ohartarazten diegu.

Apurka-apurka ari gara urratsak ematen eta garaipenak ere ari gara lortzen.

Zergatik ulertu du Israelek gero eta denbora gehiago duela bere egitasmoa bukatzeko?

Boikot, Desinbertsio eta Zigorren aldeko kanpainak, efektu politikoez eta mikroekonomikoez gain, makroekonomian ere gero eta eragin handiagoa du. Europa mailako gobernuak ere hasi dira bere jarrerak aldatzen.

BDZ kanpainaren hazkunde erritmoak Israeli aditzera ematen dio gero eta denbora gutxiago geratzen zaiola.

Hori guretzako ere mezua da. Israel bera da esaten ari zaiguna BDZ kanpaina, tresna gisa, baliagarria dela.