Maider Eizmendi

Ebola. Herrian ahaztuta eta handik kanpora lupaz zainduta bizi dira ginearrak

Ebola birusak gehien kaltetu duen herrietakoa, atzerritik alarma begiekin baino ez da begiratzen lehen kasua lehertu zen estatura, Gineara. Hala, ekonomia arloan triskantza eragiten ari da osasun krisia, inbertsioek ihes egin dutelako. Herritarrek, halabeharrez, euren egunerokoarekin jarraitzen dute. Gineako mugetatik kanpo beldur eta bazterketa begirada jasan behar dute, Brasilen esaterako.

Ebolaren epidemia triskantza eragiten ari da Afrikako hainbat lurraldetan eta beldurra, berriz, munduko bazter guztietan. Liberiarekin eta Sierra Leonarekin batera, Ginea da gaixotasunak gehien kolpatu duen eremuetako bat. Hain zuen ere, bertan agertu zen joan den abenduan Ebola birusaren lehen arrastoa, zero kasua ere deitua izan dena.

Ordutik, Osasunaren Mundu Erakundeak aditzera eman duenez, 1.350 pertsona kutsatu dira birus honekin Ginean eta horietatik 778 hil dira. Osasun arloko autoritateek arretaz begiratzen dituzte birusak kaltetu aurretik ere arazo sozioekonomiko larriak zituen estatuko herritarrak. Egoera halakoa izanagatik, herritarrek euren egunerokoarekin jarraitzen dute.

Bertakoek diote hiriburuak, Konakryk, oso bestelakoa den irudia agertzen duela orain. Munduak bakartu izan balitu bezala, atzerritik bertaratzen den jende kopurua asko murriztu da eta hori eremu hainbatetan nabaritzen da. «Gure buruaren gainetik igarotzen diren hegazkinen burrunba nabarmen murriztu da; atzerritarrek maletak egin dituzten eta hutsik utzi dituzte hotelak eta jatetxeak...», aipatu du, esaterako, Alimou Sow blogariak bere orrialdean. Atzerritarren ihesaldia sarean ere nabari dela ohartarazi du. Haiek dira internet gehien baliatzen dutenak eta Ebola epidemia zabaldu zenetik “konexioak askoz ere azkarrago” doazela ere adierazi du, egoera latzean eta ironia baliatuta positiboa den arlo hau nabarmenduta.

Ekonomian izan duen itzala ere handia da. Egoera politiko kaskarra bizi ostean, pixkanaka goraka ari zen; iaz %2,5 hazi zen eta %3,9 2012an. Aurreikuspenek 2014rako %4,5eko igoera aurreratu zuten, baina orain ez dakite %2,5era iritsiko den. Ekonomiaren gorakadaren esperantza atzerriko inbertsioetan jarria zuten eta horiek atzera egin dute.

Azken egunetan Garapenerako Nazio Batuen Programak (PNUD) aditzera eman duenez, birusaren transmisioa geldituta ere, herrialdeko ekonomia oso atzeratuta geratzeko arriskua dago. Iturri berberek aipatu dute herrialdeko ekonomiako sektore guztietan eragina izan duela eta krisia eragin duela herrialdeko osasun sisteman. «Ebola osasun zerbitzuak gelditzen ari da; negozioak ixten ari dira eta oinarrizkoak diren elikagaien produkzioa, salmenta eta esportazioa kaltetzen ari da», azaldu du Magdy Martínez-Solimán PNUDko politiketako zuzendariak. Hiriburuko portuko edukiontzi trafikoa murriztu egin da herenera iritsi arte, eta aireportuko bi herenak hutsik daude. Ondoko herrietara eramaten zituzten jakien esportazioa, berriz, %90 murriztu du. Egoera honen aurrean, etorkizunean izan daitekeen hondamendi ekonomikoa saihesteko neurriak hartu behar direla ohartarazi zuen Martínez-Solimánek.

Egoera halabeharrez etorri zaie gainera ginearrei. Ez dute ia beste erremediorik eta kanpotik Ebola birusaren kokaleku gisa baino begiratzen ez badiete ere, aurrera begira jarraitzen du herrialdeak beste erremediorik gabe. Kaleetan jendeak gora eta behera jarraitzen du, burrunba nabari da, «ohikoa den burrunba».

Aurrera egiteko bide horretan informazioa izatea ezinbestekoa da, bai eta arazoari behar bezalako ikuspegi eta dimentsioa ematea ere. Zenbaitek, izan ere, gogoan du dengearen epidemia zabaldutakoan herrialdean sortu zen egoera: «Akats handi bat politikarekin inolako zerikusirik ez zuen egoera politizatzea izan zen. Epidemiaren berri eman zenean jendeak ukatu egin zuen, hura ulertzeko inolako saialdirik egin gabe», gogora ekarri du Cireass blogariak. Haren ondotik, herritar hainbat Mugarik Gabeko Medikuen Macentako bulegoetara joan ziren gezurretan ari zirela salatzeko. Orduko irakasgaia hartu beharko litzatekeela uste du, batez ere, nazioarte mailan «erabat isolatua» dagoenean. «Gure etsai bakarra den Ebolari aurre egitea da daukagun irtenbide bakarra», aipatu du blogariak.

Ginean bizi direnak ahaztuta, handik kanpora dabiltzan herritarrak berriz tentuz jarraitzen dituzte, ez beti intentzio onenekin gainera. Brasilen aste honetan bertan baieztatu dute Gineatik iritsitako herritarrak ez duela Ebolarik. 47 urte dituen Souleyman Bah irailaren 19an iritsi zen Hego Ameriketako herrialdera eta joan den astean joan zen Cascaveleko osasun zentro batera sukarra zuela esanaz. Alarma guztiak piztu ziren eta orduz geroztik, Rio de Janeiroko ospitale batean egon da bakartuta. Egin dizkioten frogek Ebola duela baztertu dute eta harekin kontaktua izan zutelako zaintzapean izan dituzten herritarrak ere arriskuz kanpo daudela ondorioztatu dute.

Kasuak oro har Afrikako herritarrekiko jarrera ezkorrak piztu dituela salatu dute, batez ere Cascaveleko herritarren artean. «Kafetegi batean sartu, eseri eta pertsona batzuk lekuz aldatzen dira. Kalean oinez goazela entzuten dugu ‘joan zaitezte hemendik, utzi nire herrialdera gaixotasunak ekartzeari’», kontatu dio, esaterako, O Estado egunkariari Abdoulaye Telly Diallo 26 urteko biologo ginearrak. Ez da kasu bakarra. Burkina Fasoko beste herritar batek pareko egoera deskribatu du. «’Begira Eboladun tipoak’», esan zioten Abdoul Bonsarari. «Ez dakite Burkina Faso Ebola dagoen herrialdeetatik urrun dagoela; beltzak garela ikusten dute eta kito», zioen Sitta Compaore herritarrak.

Osasun agintariek jarrera diskriminatzaile hauen aurrean neurriak hartutako dituztela adierazi dute, euren osasun sistema «unibertsala» dela argudiatuta. Halako jarrerak zabaltzea apaltzea baino errazagoa da zenbaitetan, ordea.