Iratxe Urizar

«La tortura existeix i té responsables»

Errealitate bat ukatzeak ez du errealitate hori desagerrarazten. Hala, torturaren ukazioaren aurka lanean dabiltzan 50 elkartek baino gehiagok osatzen dute Torturaren Prebentziorako eta Salaketarako Estatuko Koordinakundea, zeinak pasa den asteburuan lanean emandako hamar urteak gogoratu zituen Bartzelonan antolatutako jardunaldietan. Urtebetetze, ospakizun eta aldarrikapen unea gazi-gozoa izan zen: Koordinakundea existitzea bera seinale txarra bada ere (tortura baden adierazgarri), lanean aurrera egiteko gogoa izatea ere poztekoa da, orain dela hamar urteko aurpegi berdinekin baina baita denbora honetan guztian gehitutako hainbat aurpegi gazterekin ere.

Hamar urte dira jada torturaren arloan lanean ari ziren hainbat elkartek Estatu mailako plataforma bat eratzearen beharra ikusi zutenetik; izan ere, ezin ahaztu horrelako elkarlan egitasmoak beti beharretik abiatzen direla. Garai hartan, Gobernu espainiarra, beste behin ere, torturaren prebentziorako nazioarteko bitarteko bat sinatzera zihoan (kasu hartan, “Torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako Nazio Batuen konbentzioaren hautazko protokoloa”), eta, beraz, ez zen geldi eta isilik gelditzeko unea, besterik gabe Estatuak beste behin ere nazioartean bere burua nola zuritzen zuen ikusten. Bat, bi, hiru… 50 taldek osatzen dute Koordinakundea egun, eta hautazko protokoloa 2005ean sinatu eta berretsi zuen Estatuak; torturaren prebentziorako arduradun gisa Mugica Herzog jarri zuten. Aurretik egiteko zegoen lanak ezin izan zuen adierazle hobeagorik izan.

Ordutik, Euskal Herriko elkarteak zein Estatuko beste elkarte batzuek tortura salaketak bidali dituzte Koordinakundera, urteko txostena aurkeztu delarik urtez urte ordutik, ahotsa emanez isilarazi nahi izan den errealitate bati: azken hamar urteotan 6.621 lagunek salatu dituzte tortura eta/edo tratu txarrak Estatuan, horietatik 1.032 pertsona migratzaileak eta 122 adingabeak. Denbora honetan, gainera, 883 pertsona hil dira Estatuaren zaintzapean zirela, horietatik 15 adingabeak.

Minarekin egunero lan egitea gogorra izanik ere, asko izan dira urteotan jasotako fruituak eta izandako lorpenak. Horrelako momentuak denbora honetan guztian lanean aritu diren hamaika boluntarioak gogoratzeko ere badira; ezin ahaztu koordinakunde moduan egindako lehendabiziko jardunaldiak, Nazio Batuetako torturaren gaineko kontulari izandako Theo van Boven herbeheretarraren parte hartzearekin. Australiatik heldutako kazetari bat ere izan zen jardunaldiok grabatzen, eta herrialde horretako telebista publikorako egindako dokumentalean garaiko Barne ministroaren bigarrenak esandako «Amata ezazu kamera hori une batez» esaldi ospetsua entzun ahal izan zen… Telebista kate horretako langile batek urteak zeramatzan euskal herritarren tortura testigantza latzak ingelesera boluntarioki itzultzen, eta kate horretako zuzendariak torturaren gaiak arreta behar zuela erabaki zuen. Horrela izaten dira gauzak askotan, herritarrek, ahoz ahokoari eta eguneroko beraien lanari esker, indar handia dute; pentsa, gauzak aldatzeko gai era izan badira. Ahaztu egiten zaigu batzuetan hori.

Baina aipatu berri dugunaren oinarria argi utzi zuen Jorge del Cura Koordinakundearen bozeramaileak Bartzelonako jardunaldietako bukaerako lehen balorazioan: «Egiten dugun lan guztia, torturak salatzera ausartu diren horien adore eta duintasunari esker da posible». Hori gabe salaketa lana egitea ezinezkoa da, eta horri esker eta horregatik, lanean tinko jarraitzeko konpromiso irmoa hartu zen.

Errealitate bat ukatzeak ez du berau desagerrarazten. Jardunaldien izenburua, argia oso: “La tortura existeix i té responsables”. Azken hamar urteotan tortura ikusarazten eta salatzen lan handia egin da. Orain jardunaldien izenburuko bigarren zatira joan behar dugu urgentziaz, denon artean lortuko dugun helburua gauzatzeko. Izan ere, tortura egon badago, bai, eta baditu erantzuleak. •