Ingo Niebel

Migrazio politika berri baten beharra eta muturreko eskuineko taldeen goraldia

Alemania immigrazio politika baten beharrean dago. Etorkinen gaineko eztabaida sakona da herrialdean, batez ere muturreko eskuineko taldeen goraldia dela eta. Testuinguru horretan, Angela Merkelen Gobernuak etorkin europarrei gizarte laguntzak mugatu nahi dizkie. Luxenburgoko Epaitegiak arrazoia eman dio.

Immigrazioa Europar Batasuna osatzen duten estatu guztien kezka politiko nagusia bihurtu da azken urteotan. Britainia Handian, esaterako, David Cameron lehen ministroak Europar Batasun mailako akordio bat exijitu du estatu kide izaten jarraitzeko. Alemanian, berriz, Angela Merkel kantzilerrak Estatuak eskaintzen dituen gizarte laguntzak mugatu dizkie Europako beste herrialdeetatik bertaratu direnei. Azaroan, Bundestag berak adostu zituen neurri berrien arabera, Europatik iritsitako etorkinek sei hilabeteko epea izango dute lana topatzeko. Behin epe hori agortuta, langabezian jarraitzen badute, kanporatuak izan daitezke eta ez dute eskubiderik laguntzarik jasotzeko. Horrez gain, gizarte laguntzen «gehiegizko erabilera» egiten duten etorkinei Alemanian sartzeko debekua ezartzea aurreikusten du zalaparta handia sorrarazi duen legediak. Immigrazio eta gizarte laguntzen gaineko eztabaida pil-pilean dago bai gizartean bai politikarien artean.

Alemanian urtero politikoki okerra den hitz bat –Unwort des Jahres izenaz ezagutzen dena– aukeratzen du adituez osatutako epaimahai batek. Bozketa horren helburua hizkuntzaren erabileraz ohartaraztea da, baita hedabideek eta politikariek erabiltzen duten lengoaiaren gaineko eztabaida piztea ere. Iaz, sozialtourismus hitza hautatu zuten linguistikaren eremuan lan egiten duten irakasle eta ikerlariek. Defentsa Estatu idazkaria den Günter Kringsek (CDU) bota zuen aurreneko aldiz 2013an bere ustetan Estatuak eskaintzen dituen gizarte laguntzez baliatzeko soilik Alemaniara joaten diren kanpotarrak izendatzeko. DPA albiste agentzia publikoak hitz hori jaso eta lau haizetara zabaldu zuen. Bavarian Angela Merkelen CDUren baliokidea den CSU talde politikoak ideia horretan oinarritu zuen bere hauteskunde kanpaina. “Gezurretan dabilena, joan dadila”, izan zen kanpainaren lelo nagusia. Lau hitz horietan oinarritu zuen etorkinen kontrako diskurtsoa, batez ere, Errumaniatik iritsitako herritarren aurka. Gizarte laguntzak eskatzeko soilik joan direla argudiatu zuen. CSU talde politiko kontserbadorea Bavarian bakarrik aurkezten da eta II. Mundu Gerratik hona hauteskunde guztiak irabazi ditu.

Sozialtourismus hitzaren erabilerak kritikak ere eragin ditu Alemanian. Beharrak eragindako migrazio mugimenduak “turismoarekin” eta horrenbestez zerbait positiboarekin –aisialdiarekin eta lasaitasunarekin– lotzea ez delako zilegi. Baina, egunerokoan, bere erabilera areagotu egin da Europako herrialdeetan «ongi etorriak ez diren etorkinen» kontrako giroa sortzeko.

Sozialtourismus-aren tesia defendatzeko, Angela Merkelen Gobernuak Errumaniako etorkin baten auzia aurkeztu zuen Europako Batasuneko Justizia Epaitegian. Errumaniar jatorriko ezkondu gabeko ama bat Leipzig hirira bizitzera joan zen bere semearekin duela lau urte. Bertako Lanbide Bulegoak 25 urteko Elisabeta Danori eskatu zituen gizarte laguntzak ukatu zizkion aldez aurretik eskainitako lanpostuei uko egin ziela eta Errumanian ere ez zuela lanik egiten argudiatuz. Senide baten pisuan bizi da. Hilean, 184 euro jasotzen ditu semearen zaintzagatik eta beste 133 euro bere mantenurako. Baina oinarrizko aseguruak aurreikusten dituen prestazioak ukatu zizkioten. Erabaki horren kontra tartekatu zuen helegite administratiboa ere ukatu ziotenez, auzia Leipzigko Epaitegi Sozialera eraman zuen.

Pasa den azaroan, Luxenburgoko Justizia Epaitegiak emakumearen kontrako epaia argitara eman zuen. Alemanian gizarte laguntzak eskatzeko gutxieneko baldintzak ez zituela betetzen adierazi zuen. Hara ez zela lan bila joan eta egoera horretan jarraitzen duela gaineratu zuen. Epaiaren arabera, Europar Batasuneko estatuak ez daude behartuta aktibitate ekonomikorik ez duten etorkinei gizarte laguntzak ematera.

David Cameron lehen ministro britainiarrak gainontzeko estatu kideentzat loteslea den epaia txalotu zuen, «zentzuzkoa» dela esanez. Britainia Handiak immigrazio europarra mugatu nahi du, pertsonen eta herrialdeen arteko zirkulazio librea murriztuz.

Sostengu politikoaz gain, argudioak eman dizkio Luxenburgoko erabakiak Merkelen Gobernuari etorkin europarrei laguntza batzuk ez emateko. Baina, 2013an, orduko Barne ministro federala zen Hans-Peter Friedrichek (CSU) eztabaida hori mahaigaineratu zuenean ez zegoen «zirkulazio librearen erabilera kaskarra» frogatu edo egiazta zezakeen epairik edo ikerketarik. Europako Batzordeak helarazitako datuen arabera, Europako Batasuneko estatu kideren batetik iritsitako etorkinen artean, %5 baino gutxiagok eskuratuko zuen gizarte laguntzaren bat, eta langabezian dauden etorkinen %80 familia giroan bizi da, eta, kasu horietan, gutxienez senide batek lan egiten du.

Datu horiek eskutan, Cecilia Maström Barne Arazoetarako Europako komisarioak «gizarte laguntzen turismoa» errealitatearekin bat ez datorrela nabarmendu zuen. Etorkinen gehiengoak zergak ordaintzen dituela eta Alemaniako ongizateari lagundu egiten diola esan zuen.

Azaroan, Luxemburgok Elisabeta Danoren auziaren epaia argitara eman zuen hilabete berean, Bertelsmann fundazioak immigrazioa murriztearen alde daudenen argudioak indargabetzen dituen hainbat datu helarazi zituen. 2012an, atzerritar bakoitzak jasotako diru laguntzak baino 3.300 euro gehiago ordaindu zituztela. Beraz, pasaporte alemaniarra ez zuten 6,6 milioi herritarrek, 22.000 milioi euroko plusa sortu zuten.

Era berean, etorkinen heziketa maila areagotzea gomendatu zion arestian aipaturiko fundazioak Gobernuari, hori etekin ekonomiko gehiago lortzeko lagungarria delakoan.

Iaz, 465.000 etorkin iritsi ziren Alemaniara, mundu mailan etorkin gehien jaso zituen bigarren herrialdea izanik. Lehenengoa, Ameriketako Estatu Batuak izan ziren. %30 EBko estatu batekoa zen. 2007an, portzentaje hori %10ekoa izan zen. Alemanian bost urte baino gutxiago daramaten 100 etorkinetatik 56 lanean ari dira. 2000n, 100etik 48k zuten lana.

Estatistika Bulego Federalaren arabera, biztanleen %20k migrazio fondo bat dute. Osotara, 16,5 milioi pertsona dira, eta horietatik 9,7 milioik nazionalitate alemana dute, eta gainontzeko %6,8k ez.

Alemaniak ez du immigrazio politika jakin bat. Hori da arazoaren muina. Oinarrizko irizpideak finkaturik gabe daude oraindik. Atzerritarren seme-alabek eragozpen gehiago dituzte, esaterako, unibertsitatean ikasteko. Zailtasun horiek areagotu egiten dira baliabide ekonomiko eskasekoak baldin badira.

Irizpide gabezi horri, muturreko eskuineko mugimenduen goraldia gehitu behar zaio. Ohiko eztabaidagune politikoetatik eta Alemaniako Legebiltzarretik at hazten ari den gizarte mugimendu berri baten aurrean gaude. Neofaxista gisa definitzea azalekoa izango litzateke, ez baita muturreko eskuinarekin identifikatzen diren taldeetara zuzentzen soilik. Tradizionalki ezkerrean kokatuta dauden sektoreak ere bereganatu nahi dituzte.

Dresden, Sajoniako hiriburuan, Europako Abertzaleak Mendebaldearen Islamizazioaren Aurka (Pegida) deritzan mugimenduak indar handia du. Astelehenean, 7.500 lagun bildu zituen elkarretaratze batean. Aurrez aurre, eliza kristauak, komunitate juduak, Zentro Islamikoak, Dresden Nazirik Gabe elkarteak, unibertsitateak eta ezkerreko taldeek deituta 9.000 lagun elkartu ziren xenofobia salatzeko. Segurtasun indarrek beste estatu batzuetatik iritsitako 1.200 polizia zabaldu zituzten inguruetan.

Hasieran, jarraitzaile gutxi zituen arren, Pegida hazten joan da asteak pasa ahala. Pasa den astean, 5.000 lagun kaleratu zituen Dresden, eta, astelehenean, berriz, 7.500. Sajonian atzerritarren kopurua eskasa bada ere, (%2,5), kultura «islamizatuko» ote den beldurra nabarmen hedatu da.

Pegida errefuxiatuei harrera ematearen eta ustezko jihadisten presentziaren kontra dago. Asilo politikoa eskatzen dutenen kontrako leloak eta mezuak nonahi ikus daitezke. Bere burua muturreko eskuinean edo neonazi mugimenduetan kokatzen ez duten guraso asko ere manifestazioetara beraien seme-alabekin joaten dira.

Mugimenduaren sortzaile eta buruzagia Lutz Bachmann da. Aurrekari penal ugari ditu, batez ere prostituzioarekin lotuta. Bere hitzetan, manifestazioak beharrezkoak dira, «isilarazita» dauden kezkak azalerazteko.

Analista batzuek Pegidaren eta AfD partidu euroeszeptikoaren arteko lotura nabarmendu dute. Momentuz, AfD alderdiko zuzendaritzako ordezkari bakar batek ere ez du esku hartu Pegidaren manifestazioetan, baina bere militanteei horietan parte hartzeko askatasuna eman die gomendio bakarra eginez: sinbolo naziak erakutsi edo lelo xenofoboak oihukatuz gero alde egiteko.

Talde politiko tradizionalek «inposatutako tabuen kontra altxatu den» mugimenduarekiko «begirunea» azaldu du ere AfD alderdiko zuzendaritzak. «Pegida bezalako mugimenduek eta bere atzean dauden horiek aurreiritziak eta beldurrak besterik ez dituzte bultzatzen», salatu zuen aldiz Barne Arazoetarako ministroen konferentziako presidentea den Ralf Jägerrek. Pegidaren ideologia antzekoa duen beste talde baten sorrera ere ikertuko dutela aurreratu zuen: HoGeSa (Hooligansak Salafisten Kontra). Urrian istilu larriak sorrarazi zituzten Kolonian. Istiluotan 45 polizia suertatu ziren zaurituta.

CDUk ospatu berri duen biltzarrean, Angela Merkelek jihadismoa edo islamofobia bultzatzen dutenen aurka gogor egingo dutela adierazi du. «Segurtasuna bermatzeko konpromiso irmoa berresten dut. Bi fenomeno horiek gure segurtasuna kolokan jartzen dute, eta, horrenbestez, ez ditugu baimenduko», esan du.

Eragin handiko “Frankfurter Allgemeine Zeitung” egunkari kontserbadoreak Alemaniak «immigrazio politika berria» behar duela nabarmendu du. «Elite politikoen arduragabekeriaren ondorioz, indartzen ari den populismoari aurre egin behar diogu. Pausoz pauso indartzen ari den beste Alemania horrek nahi dugun Alemania estal ez dezan neurriak behar ditugu», adierazi du.