Maider Iantzi Goienetxe

Olentzeroren biloba

Gutun batek bizia aldatu zion Iñigo Iraultzari («Iru»). Mutiko batek, bere ikuspegi magikoarekin, opariak Senegalen zegoen anaiari eramateko eskatzen zion Olentzerori. «Iru»k desioa betetzen zuen biloba baten ipuina idatzi zuen, eta orduan, pertsonaia hezur-haragizko bihurtu zen. Ipuinen gisakoak dira bidaiak, baita elkarrizketa hau bera ere.

Olentzeroren bilobaren istorioa idatzi zuenean, pertsonaia bera izanen zela erabaki zuen Iñigo Iraultzak, “Iru”k. Eta, aktorea izaki, rolean erabat sartu zen, dena posible egiten duen umeen fantasia hori barneratuz, edo bere haur txikia ateraz, pertsonaia baten larruan sartzeak ematen duen askatasunarekin. Haurren jolasteko gogoa eta kuriositatea mugagabeak dira; batzuetan agian ez dute sinesten eta, halere, jokoan sartzen dira.

Magia horretan sinesten du leioarrak eta benetan liluratuta dago duela lau urte sortu zuen Olentzero Munduan ekimenarekin. Aitzinetik ere munduan ibiltzen zen, baina Olentzeroren biloba barrenerago doa. «Jendearen barruko sentimendua ezagutzen dut; hori bai bidaia!».

Bilbon, Indautxuko enparantzan elkartu gara, pinu handi argitsu baten ondoan. Handik hurbil dagoen taberna batean babestu gara euritik eta ez dakigu gu ere ipuinean sartu garelako izanen den, baina bertako argi apala, musika eta giro lasaia ere kontakizunaren parte iruditu zaizkigu. Nolanahi ere, ez da Gabonetako ipuin polit bat. Egoera latzak errealak dira eta bidaiak, gogorrak. Kontent joaten da motxila bete oparirekin (bideo mezuak eta eskuz idatzitako gutunak), baina «ez dira tentelkeriak egiteko lekuak». Halere, momentu horietan ere magia badela uste du. Egoerek, harremanek, gauzek beren fantasia puntua dute. «Zaila da ikustea. Sinestea da kontua».

Melillako hesia du buruan (elkarrizketa hau argitaratzerako, han egonen da Olentzeroren biloba). Irriz dio astotxoak berak ere zetorkionaren beldurrez egin ziola ihes Urdulizeko bere aterpetik. Astebetez bere kasa ibili zen mendiz mendi eta Barrikan topatu zuten. Ikusmin handia sortu zen astoaren kontuarekin eta “Iru” penaz konturatu zen kazetariek elkarrizketetan gehiago galdetzen ziotela animaliaz Melillako bidaiaz baino. Baina gai honek bertze artikulu baterako ematen du...

Bi anaiaren istorioak eraman du Olentzeroren biloba Melillara. Bi mutilak elkarrekin abiatu ziren Gambiatik eta batek hesia zeharkatu zuen eta bertzeak ez. Gurugu mendian bi urte daramatza eta hemen bizi den anaiak ez du bere berririk. “Iru”k kontatu digunez, egoera hagitz larria bizitzen ari dira mendi horretan. Poliziak dena kentzen die: mugikorra, kanpin denda, zapatilak... Eta afrikar piloa hiltzen du. Bi anaien istorioak Melillako hesian gertatzen ari dena islatzen du. «Pertsonak dira eta zerbait egin behar da», defendatu du. Bera elkartu ezin dutenen arteko zubi izaten ahaleginduko da. Argazki bat eskuan bilatuko du anaia.

Bidaiei ekin aitzinetik, ikastola batera joan zen Iñigo Iraultza, umeei Olentzeroren bilobaren ipuina kontatzera. Pertsonaia marrazteko eskatuta, batek arrauna jarri zion; bertze batek patinete baten gainean irudikatu zuen, bi eskuetan zesta bana zuela... Hortik ateratako ideiak, gerora, bidaietan gauzatu dira.

Bideoa eta laguntzeko aukera

Honako helbidean bideo bat ikus daiteke eta, bide batez, proiektua lagundu, aktorearen asmoa bidaia guztiekin dokumental bat osatzea baita: www.verkami.com/projects/6535-olentzero-munduan. Ikastetxez ikastetxe ibili da abenturetatik bueltan eta haurrek harriduraz ikusi dituzte bideoak. Baina, bestalde, eurentzat normala ere bada. Hainbat herritako lagunak dituzte gelan eta bakoitza non bizi den jakin behar dute. «Umetatik hasten bagara lanean, gero ez da egongo hainbeste tentelkeriarik», dio. «Zenbat zurrumurru etorkinei buruz! Min asko egiten dute, haien erruz gure bihotza itxi egiten da».

Berak ere aurreiritziak zituela onartu du eta Marokoko familia batekin bizitako esperientzia azaldu du. Mutil bat Euskal Herrira pateraz ailegatu eta aterpe batean bizi zen. Sendiarekin ez zuen erlaziorik eta bideo mezu bat bidali nahi zion. Olentzeroren bilobari aitaren argazki bat eta erreferentzia gutxi batzuk eman zizkion: «Etxe handi bat da, arrandegi baten ondoan dago». Herri osoa batu zitzaion aita bilatzeko, eta lortu zuen. Bost urte baino gehiago zeramanez semea ikusi gabe, familia erabat hunkitu zen. Sentimenduek bere bidez bidaiatzen dute, berak posible baitu hara joan eta bueltatzea, baina mutil honek ez. «Injustizia itzela da», salatu du.

Aitak semeari aholkuak ematen zizkion distantziatik, amak ordenagailuko pantailan ikusi eta laztantzen zuen… «Azkenean, denok berdinak gara». Eskoletan bideoak erakustean, ikasleen ideia aldatu egiten da. «Pertsonak dira!», ateratzen zaie. «Nola pentsatu duzu ez direla?!». “Iru”ren ustez, hor ikusten da ze botere duten hedabideek, eta erantzukizuna ere bai.

Egoa ebaki eta sentitu

Munduan barna dabilelarik, bere buruaz atzentzen da. Zubia da, ez da existitzen. «Gure egoa alde batera uztean, gure egoa ebakitzean, dena benetakoa da: poza eta pena, sentimendu guztiak eta harremanak», adierazi du emozionatuta; egia erran, elkarrizketa osoan bezala. «Sentitzea gustatzen zait –dio–, gauzak sentimenduarekin egitea». Ez du erran beharrik.

Beti gustatu izan zaio kale antzerkia eta La Pez konpainian dabil. Bere lana kalera eta kaletik bizitzara eraman du eta sentsazio ederrak ditu. Aktore lana desberdin ikusi eta bertze dimentsio batean sentitzen du. Hagitz hunkigarria da Olentzeroren bilobaren larruan sartzea: mundua ez, baina familia batzuen errealitatea alda dezake. Bilboko auzo batean Olentzeroren rola egiten ari zela, jatorriz senegaldarra zen mutil bat magalera hurbildu eta mimoz egindako marrazki eta irudiz betetako gutun bat eman zionean, Senegalen zegoen anaiari eramateko eskatuz, opari ederra egin zion, bizitza aldatu zion oparia.

Olentzeroren bilobak sentimendu bat darama: «Dena da posible». Eta arrisku, zalantza, oztopo… guztiak deseginen dira, nahiz eta nola ez jakin. Bertze Olentzero bat azalduko da beharbada, mundua Olentzeroz beteta baitago. Bertze herri batera joan eta laguntzeko prest sentitu du jendea. Adibidez, Filipinetan, tifoia tokatu zitzaionean. Hartu-emana da.

Maroko, Sahara eta Mauritania Markel Redondo argazkilariarekin eta Iñigo Grifalga hezitzailearekin bisitatu zituen. Ertamerikan Carlos Quiles argazkilaria izan zuen lagun, baina hiru hilabete eman zituen bakarrik eta bidaiarik gogorrena izan zela dio. Filipinetara Fernando Elvira artista plastikoarekin bidaiatu zuen. Baina, azkenean, beti gelditzen da bakarrik, familiaren baten etxean.

Batzuek hala erraten omen diote: «Erotuta zaude». Bertze batzuek: «Zorionak, segi horrela». Dena den, «eromen sanoa» da berea. Erakusketak egin izan ditu. Azkue Fundazioarekin egin zuen bat eta Leioako Kultur Etxeak lagunduta bertzea, Ondiztorren. Indautxuko ikastetxe batean hitzaldi bat eman berri du, ikasleei gustatu zaie eta lagundu eginen diote.

Agian familiak ez du bere hizkuntza hitz egiten eta, halere, barruraino sartzen da, kide bat gehiago bezala. Umearen argazkia edo mezua ikusita, ateak parez pare zabaltzen dizkiote, eta eskuekin jan eta begiradarekin solas egiten dute. Eurek ez dakite Olentzeroren biloba agertuko dela eta gutuna irakurtzen edo bideoa ikusten hastean, barnea irekitzen dute. «Hori bai magikoa! Sortzen den giroa… Animalia bat sentitzen naiz. Mugitzen naiz eta dena ulertzen dut. Gauza horiek arima elikatzen dute».

Baina gurasoei barrenetik halako mina ateratzen zaiela ikustean, ardura pixka bat sentitzen du. Gero eurekin egoten da eta konturatzen da: «Bale, zauria ireki dut. Baina badakite umea bizirik dagoela». Bueltatzeko eskatzen diote: «Etorriko da Olentzero berri onak ematera?».

Elkarrizketaren unean oraindik ez zekien bizikletan edo auto-stop eginez joanen zen Melillara. Urtarrilean, Errumaniako hamalau familia bisitatu nahiko lituzke, Euskal Herrian dituzten senideen mezuak eramateko.

Melillan pasatuko ditu Eguberriak, baina aurten alaba izan du eta bueltatu eginen da berekin egoteko. «Bizitza asko aldatzen da –dio–. Baina gero Melillara itzuliko naiz». Nabari zaio halako gauzak egiteko beharra duela, paper batekin eguneroko mugak gainditzeko. «Dena lotuta dago, hori da bizitza, eta hori barruan sentitzen dudanean, ume bat bezala sentitzen naiz, sekretu bat daukat hor…». •