Mikel ZUBIMENDI BERASTEGI

Fikzio eta errealitate kontrajarriak eraikitzea joera naturala ote dugu?

«Nikolas Txikia» ez da iruzurgileen artean aurrenekoa izan. Ez da azkenengoa izango ere. Historian zehar nabarmendu diren iruzurgileen kasuak ekarri ditugu lerrootara beraien jokabideekin, antzeztoki egokian, parafernalia egokia erabiliz gero, jendea engainatzea ez dela horren zaila demostratzen dutelako.

Egunotan asko hitz egin da Nikolas Txikia bezala ezagututako gazte madrildarraz. Usteltzen ari den boterearen ingurura euliak bezala inguratzen den pertsonaia horietako bat da. Francisco Nicolas Gomez Iglesias bere amaren eskutik iritsi zen PP alderdira 14 urterekin, eta, orduz geroztik, sinesgaitzak diruditen istorioak asmatuz bide harrigarria egin du. Komertziorako estatu idazkaria zuela aitaponteko, Juan Carlos errege ohiaren seme ez-legitimoa zela, CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako agentea zela, Espainiako presidenteorde Soraya Saenz de Santamariaren aholkularia... kontua da maila politiko oso altuetan mugitu dela azken urteotan. Maila batean, bere ibilerek demostratzen dute Espainian dagoen arazo handienetariko bat horixe bera dela: mailarik eza. Baina hori baino gehiago ere badago, bai.

Nikolas Txikia ez da, baina, iruzurgileen artean aurrenekoa, eta ez da azkenengoa izango ere. Influentzia handiko pertsonen ingurura batzen dena influentzia handikoa dela pentsatu ohi da. Eta antza, antzeztoki egokia, janzkera eta parafernalia egokia erabiliz gero, ez omen da horren zaila jendea engainatzea. Horren adibide lepo daude historia hurbilean nola aspaldikoan. Egoera bat egoki errekreatuz gero, gakoak diren elementuetan enfasi berezia jarriz gero, ez dirudi hain zaila denik gainontzekoak engainatzea.

Iruzurgileen jokabide hori nortasunaren nahasmendu bat ote da? Ikuspegi kliniko batetik aztertu beharrekoa? Megalomania, nartzisismoa, handikeriaren delirioa, gain hartzen duen arrakasta baten fantasia... hori guzti hori badago, bai. Baina publiko zabalaren aurrean beren autoengainua ederki saldu duten horiek ez al dute haragitzen pertsona orok fikzio eta errealitate kontrajarriak eraikitzeko duen beharra? Ez al dituzte denon konformismoa eta gezurrak azaleratzen? Edo beste hitz batzuekin esanda, ez al dugu denok ez garen beste norbait garela, noiz edo noiz, inoiz amestu?

Egia da, bestalde, auto ofizialak, bizkartzainak, luxuzko txaletak eta errepresentazio gastu izugarriak zituela Francisco Nicolas Gomezek, boteredunekin egindako argazki eta selfie bilduma ederra osatu duela urteotan. Pertsonalitate horiek guztiek orain bizkarra eman badiote ere, egia da, halaber, bere ibilerak oso sinesgarriak direla eta dekadentzian dagoen boterea oso ongi irudikatzen duela. Bere kasua auzitegietan dago uneotan, eta, okerrik gabe, errazagoa izango da Nikolas Txikia preso ikustea Cristina Borbon edo Rodrigo Rato diru publikoaren lapurrak baino.

Kontuak kontu, baina, Errege Etxea engainatzeraino iritsi den gaztearen soslai psikologiko bera duten iruzurgile andana egon da historian zehar. Lerrootara horietako batzuk ekarri nahi ditugu, besteak beste, gure bizitzen fabulazioa gure-gurea den prozesu psikologikoaren parte ote den hausnartzeko.

Tania Headen kasua

Tania Headek zioen 2001eko irailaren 11ko erasoetatik bizirik atera zenetariko bat zela. Bere hitzen arabera, tragedia hura gertatu zenean New Yorkeko World Trade Centerreko hegoaldeko dorreko 78. solairuan zegoen eta soinekoa erretzen zion sugarrak itzali zituen gizon bati esker salbatu omen zuen bizitza. Bere kontakizunari detaile hunkigarrienak eransten zizkion, hala nola, hilzorian zegoen gizon batek eman ziola bere eraztuna Taniak emazteari eman ziezaion, edota nola lortu zuen berak bakarrik 18 pertsona salbatzea. Atentatuko bizipenak hobekien kontatzen zituena bera zen, eta, agian horregatik, World Trade Centerretik bizirik atera ziren biktimen sareko presidente ere hautatu zuten.

Baina Tania Headek kontatutako ezer ez zen egia; irailaren 11n ez zen World Trade Centerreko eraikinean egon. Pentsa, AEBetan bertan ere ez zegoen egun horretan! Gerora jakin zenez, Tania Head Bartzelonakoa zen eta bere benetako izena Alicia Esteve Head zen. 2007. urtean, dorre bikien erasoa gertatu eta sei urtera atera zen argitara iruzurra.

Nahiko argi dago berea kasu patologikoa izan zela eta bere bizitza propioa fabulatu zuela Estevek. Patologikoa, bai, baina batek jakin gure prozesu psikologikoen gehiegikerien isla ere ba ote den, batik bat gure bizitzekin denok fabulatzen dugula baleko legetzat hartzen badugu.

Beste bartzelonar baten historiak badu Alicia Esteverenarekin antzekotasunik. 1921ean jaiotako Enric Marcok hiru hamarkada luzez engainatu zuen jendea nazien deportazio esparruetan izan zela esanez. Are, bizirik ateratako errepublikanoen elkarteko lehendakaria ere izan zen hiru urtez. Makina bat hitzaldi eman zituen, domina eta aitorpen ugari jaso zituen eta askoren gogoan iltzatuta dago nola Madrilgo Gorteetan diputatuak negar malkoetan utzi zituen deportatutako errepublikanoei egin zitzaien lehen omenaldian eman zuen hitzaldiarekin.

2005eko maiatzean, baina, jakin zen iruzurgile hutsa besterik ez zela izan. Naziek ez zuten sekula deportatu; pentsa, errepublikaren aldeko milizianoa ere ez zen izan.

Segur aski hor datza iruzurgilearen benetako egoa: beste norbait izatean. Harentzako nortasun arrotza hartzea norberarena aurkitzeko bidea da. Agian, bide bakarra. Eta, horregatik, beste pertsonaia bat haragitzean soilik izan daiteke zoriontsu. Hori lortzean, egiazko gizaki bilakatzen delako. Horregatik, agian, ez dago egia benetakoagorik iruzurgile baten gezurra baino.

Mandelaren hiletako interpretea

Thamsanga Jantjieren kasua ere mundu osoan egin zen ezagun. Baita sare sozialetan txantxarako gai unibertsal bilakatu ere. 2013ko abenduan heldu zen bere gloriaren –edo tragediaren– momentu gorena. Nelson Mandelaren hileta elizkizunetan, Soccer City estadioan, AEBetako presidente Barack Obamaren eta Mandelaren biloben diskurtsoak keinu hizkuntzan “eman” zituen. Besoak nahieran, ez hanka ez buru, astintzen zituen, eta bere keinuek ez zuten inolako zentzurik. Azkenean, erietxe psikiatriko batean ingresatu zuten, eskizofrenia atake bat sufritu zuela argudiatuta. Jantjieren arabera, ekitaldiaren garrantzian eta egun hartan sentitu zituen zoriontasun eta emozioetan aurkitu behar da bere jokaeraren arrazoia.

Zientziaren mundua ere iruzurgile ezagunez lepo dago. Entzutetsua oso izan zen Hego Koreako Hwang Woo-Suk zientzialariaren kasua. Nobel saria irabaztea obsesio zuen eta, hartara, zelula amen inguruko ikerketa bat faltsifikatzera heldu zen. 2004an mundu mailan ezagun egin zen, bere taldeak giza enbrioi bat klonatu zuela lau haizetara zabaltzean. Prentsan sarritan azaltzen zen AEBetako presidente George Bushek zelula amekin ikertzeari jarritako betoa salatzeko. Milioika pertsonengan esperantza handia sortu zuen, endekapenezko gaixotasunak (parkinsona, diabetesa...) sendatzeko leiho bat ikusi zutelako.

Baina 2005eko abenduan frogatu zen “Science” aldizkarian zelula amen inguruko bi artikulu datu faltsuekin osatu zituela. Eskandalu handia eragin zuen aurkikuntzak, bai mundu mailako komunitate zientifikoan bai iritzi publikoan ere. 2005ean Seulgo unibertsitatean irakasle gisa jarduteko plaza kendu egin zioten, eta, lege bioetikoen urraketa egotzita, bi urteko kartzelaldira zigortu zuten.

Musika munduan ere iruzurgileen aztarna sakona eta aspaldikoa da. Segur aski, iruzurgileen artean, denetan kasurik sonatuena Milli Vanilli pop musika bikotearena izango da. Hau da, 1980ko hamarkadaren erdialdean Fab Morvan eta Rob Pilatusek Alemanian osatutako bikote musikalarena.

1988an bikotearen fama mundu mailan hedatzen joan zen eta 1990ean Artista Berri Onenaren Grammy saria irabazi zuten. Iruzur susmoak, baina, berehala hedatu ziren. Nola zen posible aleman eta frantses batek hain ongi kantatzea ingelesez, gero, prentsaurrekoetan, ingelesez hitz egiterakoan sekulako arazoak bazituzten?

Urte berean, MTV katea bikotearen zuzeneko emanaldi bat ematen ari zela, “Girl You Konow It's True” abestiaren grabazioa ataskatu eta saltatzen hasi zen, pop musikaren historian gertatutako momentu lotsagarrienari bide emanez. Orduan jakin zen egia: Milli Vanilliren soinua eta kantak Frank Farianek ustez hain komertzialak ez ziren beste kantari batzuen talentu bokalak erabiliz sorturikoak ziren. Morvan eta Pilatusek beraien diskoetan ez zuten kantatzen.

Iruzurraren aurkikuntzaren ondoren, Grammy saria kendu zioten bikoteari. Horrez gain, Pilatus, Morvan eta beren diskoetxe Arista Records etxeak 26 auzi judiziali egin behar izan zieten aurre. Diotenez, beren iruzurra deskubritzeak eragin zien minagatik, biak erori ziren heroinaren atzaparretan; Rob Pilatus gaindosi batengatik hil zen 1998an.

Zinemara ere eraman dira iruzurgile sonatuen istorioak, Leonardo di Capriok “Catch Me If You Can” (Harrapa nazak ahal baduk) pelikulan interpretatu zuen Frank Abagnalerena adibidez. Azken hori, jatorri umilekoa izanagatik, 19 urte bete baino lehen egin zen aberats hegazkin pilotuen, medikuen edota abokatuen nortasunak lapurtuz.

Tony Curtisek “The Great Impostor” (Iruzurgile handia) pelikulan interpretaturiko Ferdinand Demararen kasua ere hor dago. 1921ean jaio eta 1982an hil zen Demara. Bere bizitzan zehar, ezagutu eta baieztatu deneraino, ingeniaria, diputatua, espetxezaina, medikua, abokatua, umezaina, monje beneditarra, editorea eta onkologoa izan zen.

Eta nola lortu zuen? Nola izan sinesgarri hainbeste jende ezberdin bezala aurkeztuta? Bada, suizidioak asmatuz. Aurreko pertsonaiak bere buruaz beste egin zuela erabaki eta beste pertsonaia batekin berriz ere hasiz. Demarak ez zuen, gainera, aberasteko modu bezala ulertzen bere jokabidea; bere izatea halakoa zen eta erabat sinetsita oratzen zen asmatutako pertsonaia bakoitzera, gogo-bihotz.

Eiffel dorrea saltzeraino

Victor Lustig inoizko iruzurti handiena bezala kontsideratuta dago eta bere izena Eiffel dorrea saltzea lortu zuen gizonarena bezala pasatu da historiara.

1925ean Gobernu frantsesaren goi kargudun bezala aurkeztu zen Lustig. Prentsan irakurri zuen Frantziak bere sinboloa mantentzeko finantza arazoak zituela eta ongi aprobetxatu zuen aukera: industria metalurgikoko sei komertzialekin jarri zen berehala harremanetan. Bere kargu faltsuaz baliatuz, enpresaburu horietako bat engainatzea lortu eta Eiffel dorrea hari saltzea lortu zuen. Negozio borobil hura eginda, trena hartu eta Vienara jo zuen, iruzur egin zion enpresaburuari engainua salatzea lotsa ematen ziola aprobetxatuz. Gastuetan erreparatu gabe, errege baten pare bizi izan zen.

Lustigek, gerora, Al Capone bera liluratzea lortu zuen. Burtsan 40.000 dolar inbertitzeko konbentzitu zuen. Kutxa gogor batean sartu zuen dirua eta operazioa fidagarria iruditzen ez zitzaiola argudiatuta, Al Caponeri bueltatu zion dirua. Honek, Lustigen zuzentasunarekin harrituta, mila dolarrekin saritu zuen eta betiko laguntasuna hitz eman zion. Horixe zen Lustigen plana. Gerora, baina, bere iruzurrak deskubritu ziren eta Alcatraz uharteko kartzela entzutetsuan bukatu zuen.

Estatu frantsesean oso sonatua da ere Claude Khazizian erretirodunaren istorioa. Armairutik zuen traje eta gorbata dotoreena atera eta Nazio Batuen Erakundean Armeniako enbaxadorea zela esanez konferentzia eta goi mailako harrera ekitaldi askotan sartzea lortu zuen. Arraiak uretan nola, hala mugitzen zen goi mailako giro haietan. Bigarren Mundu Gerraren amaieraren 50. urteurrena zela-eta Parisen egin zen estatuburuen argazki ofizialean ikus daiteke Khazizian. «Nire traje onena jantzi, metroan Eliseoraino gerturatu eta Armeniako presidentearen ondoan jarri nintzen. Behin bertan, inork ez dizu galdetzen zein zaren, denek uste dute ‘arrain handi’ bat zarela». Eta hala zen. Nazioarteko goi mailako ekitaldi askotan ikusten zutenez, estatuburuek «beraietako beste bat» zela sinestera iritsi ziren.

Rockefeller dinastia

Christian Karl Gerhartsreiter 53 urteko alemaniarraren kasua ere sonatua da. 1970eko hamarkadatik bizi izan da AEBetan, zergarik sekula ordaintzeke, goitizenez goitizen, aristokrata ingeles edo Hollywoodeko produktore gisa bere burua aurkeztuz. Hamabi urtez Rockefeller dinastia industrialeko oinordeko bezala aurkeztu zuen bere burua, Clark Rockefeller bezala hain zuzen. Eta izen horrekin ezkontzea eta izen-abizen horiekin ezkontza paperetan erregistratzea lortu zuen.

Gerora, bere ibileren berri zehatz eta ilunagoak jakin ziren. Bere iruzurra ezagutzera eman zenean, emaztearekin banandu egin zen eta Rockefeller abizena eman zion 7 urteko alaba bahitzea ere leporatu zioten. Orain urtebete, Kaliforniako epaitegi batean bi hamarkada lehenago bizi izan zen etxe bateko jabea eta haren emaztea hiltzeagatik zigortu zuten.

Nabarmentzekoa den beste kasu bat AEBetatik Europara etorri zen turista batekin gertaturikoa da. Haren izena ez dakigu, baina bai Madrilen azaldu zela 80ko hamarkadaren bukaeran. Guapoa zela aprobetxatuz eta Rob Lowe aktorearen antz handia zuelako matraka sartzen ziotela ikusirik, bere buruari «zergatik ez?» esan zion. Hala, Michael Lowe izena hartu zuen, Rob Loweren anaia bezala aurkeztuz.

Turista hura Madrilgo goi mailako pertsonaia ugarirekin harremanak ehuntzen hasi zen eta luxuz beteriko bizitza eraman zuen. Rocio Jurado abeslariaren alaba Rociitorekin erromantze bat izan zuen, eta, antza, ezkontzeko planak ere eginak zituzten. Aitana Sanchez-Gijon aktoreak salbatu zuen, bere makillatzaile batek ezagutzen omen zuelako Rob Lowe aktore estatubatuarra, eta honek, anaia bakarra zuelako, Chad izena zuena eta sekula Madrilen bizi gabea zena.

Buruzagi xiita faltsua

Denboran atzera urrutira joan gabe ere aurki daiteke beste era batean jokatu baina iruzurra erraietaraino sartuta zuen Man Haron Monisen kasua. Iragan urteko abenduan Australiako Sydney hiriko erdialdeko kafetegi batean bezeroak bahitu zituen munduaren aurrean “terrorismoaren” olatuaren beste kapitulu bat antzeztuz: “Otso bakarti islamista” zen, Estatu Islamikoaren jarraitzaile sutsua eta Sidney hiria jomugan zuen.

Komunikabide gehienek ontzat eman zuten eraso islamistaren teoria. Akritikoki, burua hotz mantenduz informatzeke. Baina Man Haron Monisen bizia eta iragana pixka bat arakatu orduko konturatu ziren bahiketaren egilea metamorfosi ugari bizitako pertsona zela. Kausa baten aldeko erasoa baino burutik egindako pertsona baten ekintza zela. Man Haron Monis zela bere benetako izena, baina Manteghi Boroujerdi edo Mohammad Hassan Manteghi izenak ere erabiltzen zituela. Batzuetan Irango erregimenak jazarritako errefuxiatu gisa aurkezten zuen bere burua –baita Australiako komunikabideetan ere–, beste batzuetan astrologia eta magia beltzean aditu gisa, edota Australiako xiiten buru gisa era bai...

Irandarrek eta Australiako xiitek erasoaren aurretik eman zioten Poliziari Man Haron Monisen berri, bere mozorro, pose eta nortasun joko arriskutsua azaleratuz. Poliziak, baina, jasotako abisuok ez zituen seriotzat hartu. Gerora etorri zena gauza jakina da dagoeneko: erlijio-gizon faltsua oso arriskutsua bilakatu zen, berarekin batera oso errealak ziren beste bi bahitu ere heriotzaraino eramanez.

Miresmen aureola

Zaila da, zaila denez, istorio hauetan guztietan ezaugarri komunak aurkitzea eta ondorio zientifiko edo psikologiko borobilak ematea. Iruzurgileak jaio ala egin egiten dira? Iruzurrerako joera sortze beretik duten determinazio biokimikoa da ala gizartean integratu eta nortasun propioa garatzerako orduan sortzen dira jokabide horiek?

Edonola ere, nabarmentzekoa da gutxiagotasun konplexua ohikoa dela horrelako pertsonaia askotan, hots, norbera den moduan izanda, egiarekin aurretik joanda, bere helburuak ez dituztela lortuko uste dutela. Eta, bestetik, gehiegizko anbizioa ere badute, harroputz eta mokoharro aurkezten dira, prezioa edozein delarik ere beren helburuak lortzeko jende espezial eta paregabea direla uste dute.

Baina aipatu behar da ere, gutxiagotasun konplexua gorabehera, historiako iruzurgile ezagunenek badutela bereizgarri gailen bat, besteekiko nabarmentzen dituena: nolabait esatearren, besteengan miresmen aureola bat sortzen dute. Iruzurgile nartzisistak erakargarritasun horren jakitun dira eta majo esplotatzen dute, pentsaezinak diren mugetaraino. Miresmen aureola hori oso baliagarria zaie nortasun faltsuak eraikitzeko, gauza jakina baita egiazko iruzurgile batena baino mozorro egokiagorik ez dagoela.

Iruzurgileen erradiografia egitea ez da erraza. Nortasun nahasmenduak, gehiegikeria patologikoak, pertsonalitate deliranteak... asko eta askotarikoak daude. Nikolas Txikia berak gaurkotasunera ekarri ditu berriz iruzurgileak, baina ikusi bezala aspaldikoa da kontua, pertsonaren baitakoa, haiena, eta, hein batean, segur aski, denona. Ez al da fikzio eta errealitate kontrajarriak eraikitzeko joera naturala eta betikoa pertsonengan? Ez garena izatea ez ote dugu amets arrunt normala?