Pablo RUIZ DE ARETXABALETA

Azpiegituren berreraikitzeak ezin du ezkutatu kolonizazio eta militarizazioak eragindako tamilen frustrazioa

Frustrazio eta nahigabea hedatu da tamilen artean, gerra amaituta ere bazterketak, militarizazioak, indarkeriak eta kolonizazioak ez baitu etenik beraientzat. Kolonboko Erregimenak, bere aldetik, irtenbide politikoa bilatu beharrean, azpiegiturak eraikiz ezkutatu nahi du gatazka. Bien bitartean, tamilen aurkako sarraskiak ikertzeari uko egiten dio.

Duela bost urte Sri Lankako Gobernuak etengabe bonbardatzen zuen herrialdea, erakustoki bihurtzeko bidea da uneotan. Izan ere, azpiegitura modernoak eraikiz Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak (LTTE) gerrillaren aurkako gerran egindako sarraskiak estaltzea da Kolonboko Erregimenaren asmoa; hori bai, porlanak ezin du ezkutatu tamilek oraindik ere pairatzen duten bazterketa politikoa.

Eraikin berriak, zubiak, merkatalguneak, hotelak, Iparraldeko Kilinochchi hirira iristeko errepide berria, Vavuniyara doan trenbidearen konponketa.... Hauteskunde kanpaina betean, nekazarien ur hornidura arazoei irtenbidea emateko egitasmo erraldoia abian jartzea ere hitz eman du Mahinda Rajapksa presidenteak. Irudi guztiz berria eman nahi diote Sri Lankako agintariek tamilen bizitoki den herrialdearen iparraldea eta ekialdeari.

Gainera, Kilinochchi bera bakearen eta gerra osteko adiskidetzearen ikur bihurtu nahi du Kolonboko Gobernuak. Bide horretan, gerran desagertutakoen senideak laguntzeko bulegoa edo umezurtzentzako etxeak martxan jartzea agindu du. Baina itxurakeria horren azpian, militarizazioak, errepresioak eta tamilen garbiketa etnikoak aurrera jarraitzen du. Tamilen aurkako gerra irabazita ere, erasoak ez dira gelditu eta Gobernuak gatazkari irtenbide politikoa emateko aukera bertan behera utzi du.

2009ko sarraskia

LTTE gerrilla 1976an sortu zen, Velupillaii Prabhakaran buru zuela, tamil herriaren bazterketari aurre egiteko. XX. mendearen hasieran, tamil populazioa gehiengoa den lurraldea –irlako iparraldea eta ekialdea– kontrolatzera heldu ziren tamil gerrillariak. Hala, euren kontrolpeko lurretan administrazio propioa antolatzen hasi ziren gerrillariak, ministerioak eta polizia barne.

2005ean Mahinda Rajapakse boterera iritsi zenean, ofentsiba militar gogorra abiarazi zuen Sri Lankako Armadak eta tamilen kontrolpeko lurraldeak berreskuratu zituen. Gerrilla eta milaka zibil inguraturik geratu ziren, eta, azkenean, 2009ko urtarrilean, Kilinochchi tigre tamilen hiriburua okupatu zuen Armadak. Maiatzean, Prabhakaran LTTEn burua hil eta gero, gerra bukatutzat eman zuen Rajpaksek.

Azken ofentsiba horretan gutxienez 40.000 pertsona inguru hil ziren, baina, aurreko urtetako hildakoak ere kontuan hartuz, kopurua askoz handiagoa da. Herri Auzitegi Iraunkorrak benetako genozidiotzat jo zuen iaz tamil herriak jasandakoa. Azken ofentsiban, adibidez, Gobernuak berak gatazka militarraren kanpoko tokitzat jotako guneak bonbardatu zituen Armadak, bertan errefuxiatutako zibilen artean biktima ugari eraginez. Gerraren ondoren, gainera, 300.000 zibil kontzentrazio esparruetan sartu zituzten, garbiketa etnikoarekin jarraituz. Horrez gain, honako datua ere kontuan izan behar da: 1977tik azken ofentsiba hasi arte, 100.000 pertsona hil ziren tamilen gatazkan Nazio Batuen Erakundearen arabera.

Gaur egun ere, gerraren ondorioz Sri Lankako iparraldean eta ekialdean etxea galdu zuten ehunka mila tamil hiztunek ez dute oraindik bizitzeko toki finkorik aurkitu. Noski, bizitza aurrera eramateko inolako baliabiderik ere ez dute.

Bizitza berreraiki gabe

Azken finean, berreraikitzea porlan hutsean geratu da, ez da iritsi herritarren bizitzetara. Hala, tamilen bizi baldintzak hobetzen huts egin du Gobernuak. Oraindik ere tamilek gabezia izugarriak dituzte elikadura arloan, etxerik ez dute askok eta gutxieneko segurtasunik ere ez dute. Emakume eta haur ugari, adibidez, sexu indarkeriaren biktima dira.

Kartzelak urte ugari preso daramatzaten tamilez beteta daude oraindik eta desagertuak ere ugari dira; senideek, gainera, presio gogorrak jasaten dituzten desagertuak bilatzeko saiakerak bertan behera uzteko. Armadak kontrolatutako prozesuetan, zalantzan jartzen da desagertuak militarren biktima izan ote ziren ere. Oztopoei aurre egin eta senitartekoak bilatzera ausartzen direnen kasuan, senitartekook militarrek eraman zituztela frogatzeko eskatzen diete, edota eraman zituzten soldaduak identifikatzeko. Talde arrazisten tamilen aurkako erasoak ere izan dira. Giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dutenez, gainera, Rajapaksaren Erregimenak pasibotasun izugarriz jokatzen du tamilen herrien edota toki erlijiosoen aurkako erasoen aurrean.

2009an, oraindik gerra garaian, argitaratutako asmoa betetzen ari da: tamilen herrialdea kolono zingalesekin betetzea, tamilek euren lurraldeetan bizitzeko baliabideak berreskura ez ditzaten. Modu horretan, azpiegitura handien eraikuntzak zingalesentzat sortu du batik bat lana. Kolono askok nekazaritza guneak hartu dituzte, baita ekialdeko arrantzalekuak ere. Kostaldean, gainera, zingalesen kolonizazioari ez ezik, ontzigintzako faktoria txinatarren konpetentziari ere aurre egin behar diete tamilek.

Horiek horrela, berea zen lurraldea kendu diten sentimendua zabaldu da tamilen artean. Hamarna mila kilometro karratuko jabego pribatuak bereganatu ditu Rajapksaren Erregimenak Sri Lankako iparraldean eta ekialdean, batzuetan herrialdeko Goi Auzitegiaren eta Legebiltzarraren beraren iritziaren kontra.

Eta, noski, kolonizazio egitasmo horretan, Armada da protagonista nagusia: Armadak berak bereganatu ditu lur gehienak, negozio propioak abian jarriz. Gerran okupatutako lurren %90 ez diete bere jabeei itzuli, Eliza katolikoak salatu duenez.

Militarrek argudiatzen dutenez, lurrak itzultzea eskatzen duten tamilek ezin dute lurrak eurenak direnik frogatu. Ez hori bakarrik, «terroristek» katastroaren paperak erre zituztela diote aitzakia moduan. Kontuak kontu, militarrek argi utzi dute ez diotela inori lurrik emango, ezta kalte ordainik ere, benetako jabea dela frogatu ezean.

Indarkeria

Justizia eta Bakea erakunde katolikoak dioenez, berriz, Gobernua «kolonizazio etniko, kultural eta erlijiosoa» aurrera eramaten ari da, eta, helburu horrekin, milaka zingales etorkin eraman ditu historikoki tamilak ziren lurraldeak «normalizatzeko». Aldi berean, errepresio bortitza jarri du abian, komunikabideak zentsuratuz eta edozein disidentzia jazarriz, erakunde katoliko horren arabera. Gobernuaren aldeko komunikabideek inolako kritikarik onartzen ez dutela ere salatu dute, ahotsa altxatzen duen oro «terrorista» edo «LTTEren jarraitzaile» gisa katalogatzen dutelarik. Ultraeskuineko taldeek manifestazioen, elizen edota meskiten aurkako erasoak egin dituzte. Tamilen hilerriak ere suntsitu dituzte, biktimen memoria bera ezabatzeko asmoz. Tamilen atxiloketak ugaritu egin dira azken egunotan, eta agintariek matxinada berpizteko beldurra zabaldu nahi dute herritarren artean. Baina tamilak ez dira errepresioaren biktima bakarrak: Erregimenaren intolerantziaren erakusgarri dira musulmanen aurkako erasoak ere. Ekainean musulmanen aurkako progromoak izan ziren, eta, International Crisis Group analisi taldearen arabera, aurrekaririk antzekoena 1983an tamilek jasandako sarraskiak dira, gerra piztu zutenak, alegia. Tamilen auzian ere, bazterketa historikoaz gain –herritartasuna ere kendu zieten–, erlijioak zerikusia handia du: zingales gehienak budistak dira, eta, tamilak, hinduistak.

Gobernuaren geldotasunak indarkeria suspertu du. Geldotasun edo konplizitatea, Ghotabaya Rajapksa Defentsa ministroak berak indarkeria erlijiosoa sustatzen duen Bodu Bala Sena erakunde budistarekin lotura baitu.

Atzerriko presioek ez dute eraginik Gobernuan. AEBetatik eta Britainia Handitik kritika batzuk iritsi badira ere, Kolonbok ez du oztoporik aurkitu errepresioa aurrera eramateko. Gainera, Txina eta Indiaren babesa dauka.

2013an, Navi Pillay Nazio Batuen Giza Eskubideetarako goi komisarioak salatu egin zuen Rajapksa presidentearen joera autoritarioa. Baina edozein kritika «terrorismoaren aurkako borroka» aipatuz edo «atzerrian prestatutako konplot bat» dela esanez baztertzen du presidenteak.

Azken egunotan, hauteskunde kanpainaren baitan, areagotu egin da indarkeria. «Oposizioaren kanpaina gelditzeko estrategia antolatua dirudi», adierazi du Keerthi Tennakoon Caffe Hauteskunde Justu eta Libreen Aldeko Kanpainako zuzendariak. Caffek 157 indarkeria kasuren eta 1.200 hauteskunde urraketen salaketak jaso ditu. Halaber, nazioarteko behatzaileek Gobernuaren gehiegikeriak, oposizioko kideen aurkako erasoak eta Armadak beldurra hedatzeko egindako saiakerak salatu dituzte. Bharrat Jagdeo behatzaileen buruak zehaztu duenez, «gizartea kezkatuta dago, iparraldera bidalitako militarrek hautesleak beldurraraz baititzakete oposizioaren alde egin ez dezaten». Oposizioaren arabera, Gobernuak 2.000 soldadu, zibilez jantzita, bidali ditu iparraldera.

Joan den astean, ezezagun batzuek oposizioko hiru kide zauritu zituzten armaz. Horrez gain, asteburuan, Mithripala Sirisena oposizioko buruaren ekitaldi batean tiroketa bat izan zen. Nazio Batuen Erakundeak 2002 eta 2009 artean gertatutako giza eskubideen urraketak ikertzeko batzorde independentea osatzea onartu du. Pillayk ikerlariak bidali nahi zituen ekainean Sri Lankara, baina, Kolonbok, Moskuren eta Beijingen laguntzarekin, edozein ikerketa baztertu du, «atzerriko esku hartzea» dela esanez.

Tamilen kasuan, hauteskundeetan lehian dauden bi hautagai nagusiek ez dute egoera aldatzeko jarrerarik erakutsi. Bai egungo presidenteak bai Maithripala Sirisena oposizioko buruak ere Armadak tamilen lurretan jarraitu behar duela azpimarratu dute.

Estatua, «familia enpresa»

Indarkerian ez ezik, Erregimenak ustelkerian du bere oinarria. Rajapksek Estatua “familia enpresa” bihurtu du. Gobernuan, bere 29 senidek dituzte goi karguak. Horien artean, bere hiru anaia ministroak dira: Defentsa, Ekonomia Garapena eta Hiri Garapena zuzentzen dute. Hala, kanpotik iritsitako laguntzak edo beste estatuekin hitzartutako proiektuak familian kudeatzen dituzte. Diru laguntza eta inbertsio nagusiak, Txinatik iristen dira.

Indarkeriak, ustelkeriak, beldurrak, militarizazioak, bazterketak, inpunitateak... nahigabe handia eragin du tamilen artean. Human Rights Watchek hala ohartarazi du. Gerraren bukaeraren ondoren, Gobernuak ez du inolako adiskidetze prozesurik martxan jarri, helburu horrekin batzorde bat sortu arren.

Azken hauteskunde probintzialetan, tamilek argi erakutsi zuten euren haserrea: 38 eserlekutik 30 lortu zituen TNA Tamilen Aliantza Nazionalak. Kilinochchi eta Jaffna hirietan botoen %80 baino gehiago eskuratu zuen tamilen talde autonomistak. Baina, emaitzak emaitza, Kontseilu Probintzialak ez du inolako botererik, eta, hala, TNAko kideek bertan tamilen alde egitea ezinezkoa dela egiaztatu dute. Horrek, frustrazioa areagotu besterik ez du egin. Presidenteak izendatutako gobernadoreak ematen dizkio Kontseilu Probintzialari eskumenak eta erabakiak Kolonbon hartzen dira.

Egoera horretan, batzuek ez dute tamil tigreak nagusi ziren garaiekiko nostalgia ezkutatzen. Hauteskunderik ez egin arren, LTEEren agindupeko lurretan ustelkeriarik ez zegoela eta prezioak kontrolpean zirela diote tamil askok. Egoerak berriz ere eztanda egin dezakeen erakusgarri, apirilean TNAko bi kontseilari herri tamilaren alde borrokatzeko prest agertu ziren diktadura egoerak jarraitzen bazuen... Azken egunotan, hauteskunde kanpainaren baitan, areagotu egin da indarkeria. «Oposizioaren kanpaina gelditzeko estrategia antolatua dirudi», salatu dute begiraleek

Oposizioak salatu duenez, Gobernuak zibilez jantzitako 2.000 soldadu bidali ditu Sri Lankako iparraldera, hauteskundeak baldintzatzeko. Tentsioa da nagusi giroan

«Hobe deabru ezaguna aingeru ezezaguna baino. Ni naiz deabru ezaguna, eman iezadazue botoa»

Duela aste batzuk Mahinda Rajapksa Sri Lankako presidenteak ez zuen hauteskundeetan garaipen erraza lortuko zuen zalantzarik. 2005ean eta 2010ean irabazi ondoren, hirugarren legealdia du helburu. Bere alde du tamilen aurkako gerra irabazi izana, zingales gehienentzat «terrorismoaren aurkako garaipena» izan zelako. Aldi berean, ekonomiak %7 baino gehiagoko hazkundea izan du. Aldeko egoera ikusita, joan den azaroan hauteskundeak bi urtez aurreratzea erabaki zuen Rajapksak. Azken asteotan, baina, bere aliatuek albo batera utzi dute, besteak beste, alderdi islamiko nagusiak: Batzar Musulmanak. Presidentearen alderdiko idazkari nagusi eta Osasun ministroa ohi Maitripala Sirisenak ere babesa ukatu dio Rajapksari. Sirisenak oposizioaren hautagai izatea erabaki zuen, eta, bere atzetik, diputatu askok bandoz aldatu zuten. Ustelkeriaren eta gehiegikerien faktura ordainarazi nahi diote presidenteari.

Horrenbestez, aurreikuspenak ez dira jada hain argiak eta lehia handia espero da. Ez bakarrik hori, hauteskundeak bortitzak izatea ere espero da. Dagoeneko, kanpainan istilu ugari izan dira eta oposizioko jarraitzaileek hainbat eraso jasan dituzte. Gainera, Erregimenaren izaera ezagututa, emaitzak ezagutu ondoren indarkeria are gehiago zabal daiteke.

Egoera ikusita, Rajapkasak bazterketa eta errepresioa besterik pairatzen ez duten tamilen botoa ere eskatu behar izan du. «Hobe deabru ezaguna aingeru ezezaguna baino. Ni naiz deabru ezaguna, hortaz, mesedez, eman iezadazue botoa», esan zien tamilei Jaffna hirian, bertan egindako azpiegiturak goraipatuz. «Elektrizitatea eman dizuegu, ikastetxe berriak, eta, orain, ur horniketa sistema berria ekarriko dizuegu», agindu zien. Baina tamilak nazkatuta daude ezagututako deabruarekin, eta, aho batez izan ez bada ere, oposizioko hautagaiaren alde egin dute ordezkari tamilek. TNA Tamilen Aliantza Nazionalaren talde parlamentarioko buru Sampathanek eta beste tamil ordezkariek Sirisenaren aldeko botoa eskatu dute. Presidentearen jarrera totalitarioa salatu dute, botere guztiak Gobernuaren menpe utzi dituelako, eta epaitegiak eta legebiltzarra Exekutiboaren adar bilakatu dituelako. Horrez gain, tamil gatazka konpontzeko irtenbide politikoari uko egin diola gogoratu dute.

Sampathanek eta beste tamil buruzagi batzuek Sirisenarekin behintzat gutxieneko baldintza demokratikoak berreskuratzea espero dute. Baina bi hautagai nagusientzako botorik ez eskatzeko konpromisoa gogoratu nahi izan duten talde tamilak ere ez dira falta izan. Nabarmendu dutenez, bai Rajapksa bai Sirisena tamil herriak jasandako genozidioa ikertzeko nazioarteko ikerketaren aurka daude, baita tamilen auziari irtenbide federala ematearen aurka ere.

Sirisenaren alderdiak, bere aldetik, ukatu egin du TNArekin akordiorik egin duenik. Argi utzi du ez duela Sri Lankako Armada tamil herrialdetik aterako eta ez duela tamilei inolako botererik emateko asmorik. «Nire gobernuak lurraldearen osotasuna eta segurtasuna babestuko ditu», adierazi du tamilekin inolako hitzarmenik egin ez duela argi uzteko.