Ainara Lertxundi
UNICEF-EN DEIALDIA

62 milioi haurrek berehalako laguntza behar dute 71 herrialde

Siria, Irak, Ukrania, Liberia, Afrika Erdiko Errepublika, Hegoaldeko Sudan... gatazka armatuak eta izurriteak areagotu egin dira eta horiekin batera herritarren beharrak. UNICEFen arabera, 62 milioi haurrek berehalako laguntza behar dute 71 herrialdetan. Horregatik, 2.700 milioi euro eskatu ditu 2015erako.

Gatazka armatuen edo bestelako larrialdien ondorioz, arriskuan dauden haurrei lagundu ahal izateko aurten 2.700 milioitik gora euro beharko dituela ohartarazi du UNICEFek. Helburua, mundu guztian zehar hainbat krisi egoera humanitarioetan arriskuan dauden 62 milioi haurrengana iristea da. 2015eko ekintza humanitariorako txostenaren aurkezpenean ohartarazi zuenez, inoiz egin den «diru laguntza deialdirik handiena da». Pasatu den urtearekin alderatuta, mila milioi dolarreko igoera suposatzen du.

«Gatazka larriak, hondamendi naturalak edo kutsakorrak diren epidemiak pairatzen dituzten haurrek krisi humanitario berriei aurre egin beharko diete. Titularretan agertzen badira ere edo isilpean badaude ere, gizarteen baitan sortu diren hausturek, aldaketa klimatikoak eta gaixotasunek min handia egiten diete haurrei. Ez dugu inoiz halakorik ikusi. Egungo egoerak ez du aurrekaririk», nabarmendu zuen Afshan Khan-ek, UNICEFeko Larrialdietarako Programen Zuzendariak.

Aditzera eman zuenez, 230 milioi haur bizi dira egun gatazka armaturen bat dagoen eremu edo lurralderen batean.

«Siriatik eta Libanotik etorri berri naiz. Gerrak milioika haurren bizitza urratu du bi herrialde horietan. Azken lau urteetan, heriotza eta indarkeria besterik ez dute ikusi. Heriotza eta indarkeria beraien eguneroko bidelagun bihurtu dira, zoritxarrez. Gutxieneko bizi baldintzak ere ez dituzte», salatu zuen.

2015. urteko Haurrentzako Ekintza Humanitarioaren deialdiaren zatirik handiena Siriara eta inguruko eskualdeetara bideratuko du. «903 milioi dolar beharrezkoak ditugu arrisku egoeran dauden adingabeei gutxieneko laguntza eskaini ahal izateko, hala nola, txertoak, ur hornidura, saneamendu sarea eta hezkuntza», azaldu zuen Khanek. Ebolaren kaltetuentzat, 500 milioi dolar aurreikusten ditu. «Diru hori infekzio fokuak isolatzeko, gaixoei tratamendu azkarra emateko, kutsatu berriak egon ez daitezen eta jokabide osasungarriak bultzatzeko egitasmoak martxan jartzeko behar dugu», esan zuen.

Nigerian, milioi bat pertsonak egin dute ihes ipar-ekialdetik, talde armatuen erasoaldia dela eta. Horientzat, 26,5 milioi eskatu ditu. Eta Ukrainari dagokionez, 32,45 milioi dolarreko deialdia egin du, 5,2 milioi pertsona gerra zonaldean bizi dira eta 600.000 herritarrek ihes egin behar izan dute.

«Deialdi honek ahaztuta dauden krisi larriak eta diru laguntzarik jasotzen ez dituzten horiek ere kontuan hartzen ditu. Berehalako laguntza humanitarioa ahalbidetzeaz gain, lortutako diruarekin, UNICEF beste erakunde batzuekin elkarlanean arituko da tokian tokiko agintariak trebatzeko, etorkizuna beraien kabuz kudea dezaten».

Khanek berretsi zuenez, «ume ahulenetara» iristeko helburua jarri dute, «edonon daudela ere». «Jaioterriak ez luke inoren patua baldintzatu behar. Oinarrizko zerbitzuak eskaini behar dizkiegu ume eta gazte horiei, etorkizun baketsuagoa eraikitzeko funtsezko tresnak ahalbidetuta. Ziur gaude epe laburreko inbertsioak, epe luzera begira onurak ekarriko dituela», adierazi zuen.

Azaroan izan zen Haurren Eskubideen Nazioarteko Hitzarmenaren 25. urteurrena. «Baina, tamalez, milioika umerentzat hutsaren hurrengoa da, ez du ezertarako balio. Ohean lotan zeuden bitartean edo eskolan ikasten ari zirela bonbardatu dituzte. Bahitu, torturatu edo gerrarako ere hartu. Hondamendi naturalek edo gizakiak eragindakoek arriskuan jarri dituzte beste hainbaten bizitzak 2014an. Kronikoak deritzogun krisialdiek eskasia eta esperantza falta areagotu zuten. Krisi horietako batzuek nolabaiteko oihartzuna izan dute hedabideetan, batez ere, ebolak. Beste batzuek, ordea, ez dute arretarik bereganatu. Horrek ez du esan nahi ondorio mingarriak eta tragikoak eragiten ez dituztenik», ohartarazi zuen Anthony Lake-k, UNICEFen zuzendariak.

«Siriako gerrak bost urte beteko ditu dagoeneko 2015ean. Bertan bizi diren 5,6 milioi haurrek gure laguntza behar dute. Beste 1,7 milioi haurrek Siriatik alde egin dute, inguruetako herrialdeetara bereziki. Urteak daramatzate biolentzia sufritzen eta bortizkeriaren lekuko zuzen izaten. Desplazamendua eta eskasia arrunt bilakatu dira haientzat», nabarmendu zuen.

Uztaila eta abuztu bitartean Israelek Gazan egin zituen aire eta lur erasoek kalte nabarmenak eragin zituzten 244 ikastetxetan. 25 erabat suntsituta gelditu ziren, eta beste 103 eskola zazpi astez luzatu zen erasoaldian etxerik gabe gelditu ziren 300.000 palestinarrei ostatu emateko erabili dira.

Ikasturtea ofizialki abuztuaren 24an hasi zen arren, ikasleen gehiengoak ezin izan zuen joan. «Etxera itzuli eta ikasten jarraitzen saiatzen dira, askotan argizari ziztrin baten laguntzarekin, ez baitago argindar nahikorik. Izugarria da hain baldintza kaskarretan egonda ere ikasteko duten nahia eta desioa. Harritzekoa bada ere, Gazak eskualdeko alfabetizazio tasarik handienetarikoa du», txalotu zuen Gazako UNICEFen arduradun Pernille Ironside-k.

Erakundeak Palestinan duen ordezkariaren, June Kunugi-ren hitzetan, «hezkuntza funtsezkoa da gizarte ororentzat. Hezkuntzan inbertitzea, bakean eta herrialdearen orekan inbertitzea da. Horregatik, behar-beharrezkoak ditugu eraikuntza materialak eta ekipamenduak Gazako eskolak berreraikitzeko eta konpontzeko». Adierazpen horiek iazko abuztuan egin zituen, ofentsiba militarra bukatu eta egun gutxira. Geroztik ezer gutxi aldatu da.

UNICEFen datuen arabera, Israelen aire, lur eta itsaso erasoaldiek 539 haur hil eta 3.000 bat zauritu zituzten. 54.000 etxerik gabe gelditu ziren, eta 1.500ek gurasoak galdu zituzten. Orotara, milioi bat haurrek pairatu zituzten gerraren ondorioak.

Irakeko Giza Eskubideen ministro Mohammed Mahdi Ameen Al-Bayati-k Nazio Batuetako Umeen Eskubideen Batzordearen aurrean aitortu zuenez, adingabeak erabili izan dira atentatuak egiteko eta sexu esklabo gisa. Estatu Islamikoaren hedapenak egoera okertu du.

Umeen arteko ezkontza behartuak, mutilazio genitalak, desagerrarazteak eta «ohorezko krimenak» areagotu egin dira Iraken. Bizi baldintzen okertzearen lekuko zuzenak dira, halaber, Mugarik Gabeko Medikuak (MSF).

Biolentziaren ondorio lazgarriak nolabait arintzen saiatzen dira, baldintza arriskutsuetan, askotan. Sinjar-eko probintziatik, Irakeko leku gehienetatik bezala, milaka pertsonek egin dute ihes. Dalal da horietako bat. Sinjarretik alde egin eta gero, Kurdistanen babestu ziren, Zakho herrian.

Dabin City izenez ezagutzen den zazpi pisuko amaitu gabeko etxebizitza gune batean bizi da orain. Guztira, 6.500 lagun babestu dira bertan. Dalal beste 30 seniderekin batera bizi da. Lau logela dituzte guztientzat, seigarren solairuan. Eraikinean ez dago ez urik ez argindarrik. Eta 20 komun besterik ez daude iheslari guztientzat. Zikinak eta moskitoz gainezka. Usaina jasangaitza da.

«Ez dugu leku nahikorik. Ume asko daude eta ez dute non jolastu. Ezin ditut eskailerak jaitsi aldakan mina dudalako. Umeak gauez pixa egiteko esnatzen direnean, oso gogorra egiten zait iluntasunean eskailera horiek guztiak jaistea haiei laguntzeko. Nire amaginarreba ezin da zutitu eta hona etorri ginenetik ez da logelatik sekula atera», azaldu zion MSFko boluntario bati urrian eginiko erreportajean.

«Panpina bat nahi dut jolasteko»

«Ur asko erabiltzen dugu baina ez dakigu edateko ura den ala ez. Ez dugu leihorik, ezta burusirik ere, eta gero eta hotz handiago egiten du. Nola lortuko dugu bizirautea kalefakziorik gabe tenperatura zero gradura jaisten denean?», galdetzen zion bere buruari negua hasi aurretik eginiko adierazpen horietan. «Noiz egongo dira prest kanpalekuak hara joan ahal izateko? Garrantzitsuak al gara inorentzat?», gaineratu zuen etsita.Kurdistango Dohuk hirian, Malikan-ek ama sendatzea besterik ez du nahi. Hamar urte ditu. Jaioterritik alde egin zuenetik, Dohuk hiriaren hegoaldeko Sharia eremuan bizi da, garai batean eskola izan zen eraikinean, beste 3.000 iheslarirekin. Abuztutik, Dohukeko eskolak itxita daude. Haren ama MSFk kudeatzen duen ospitale batean dago. «Gure etxean aldare bat genuen otoitz egin ahal izateko, baina hemen ez dugu otoitzik egiten. Dena zikina dago, eta bekatua izango litzateke. Faltan botatzen dut eskola, baina momentuz ez dutela zabalduko esan digute, oso arriskutsua baita. Lagunen falta sumatzen dut gehien, batez ere Madeline-rena eta harekin panpinetan jolastea. Hemen ez dut panpinarik, etxean utzi behar izan nituen guztiak. Nahi dudan bakarra ama sendatzea eta jolasteko panpina bat izatea da», esan zuen.

Europako bihotzean ere badira Dalalenak eta Malikanenak bezalako lekukotasunak. Urtarrilaren 14an, buruko desgaitasuna duten umezurtzentzako etxe bat eraso zuten Ukraina ekialdeko Lugansk eskualdeko Slavyanoserbsk-en. Kalte materialak handiak izan ziren. Bonbardaketaren ondorioz, argindarrik gabe gelditu ziren bi egunez.

Babesleku txikiak eta hotzak

Donetsk-en, aire erasoetatik babesteko eraikitako babeslekuetan izan dira milatik gora haur. Hamabi babesleku daude hirian. Tamaina eta bizitza aldatu egiten dira batetik bestera, baina, orokorrean, txikiak eta saneamendu sarerik gabekoak izan ohi dira.

UNICEFen Ukrainako ordezkari Giovanna Barberis-en hitzetan, «Gatazka dela-eta pairatzen ari diren estresa handia da. Sektore ahulenak osasunerako kaltegarriak eta hotzak diren sotoetan babestu behar izan dutenak dira, baita kalean bizi diren haurrak edo baliabide gutxiko familietakoak ere». Adin gutxikoak gerratik at uzteko deia berretsi egin zien Ukrainako agintariei eta matxinoei. Nazioarteko komunitateari haur horiei «gutxieneko laguntza» ematea eskatu zion. Norberaren higienerako paketeak banatu ditu erakundeak babeslekuetan nahiz sotoetan bizi diren 1.100 haurren eta helduen artean. Gatazka eremuetan harrapatuta eta egoera ahulean dauden 10.000 umeen artean neguko arropa banatzeko asmoa du. Nazio Batuen arabera, 1,2 milioi haurrek jasan dituzte gerraren ondorioak. Bost urte baino gutxiago dituzten 1,5 milioiek ez dute poliomielitisaren kontrako txertoa jaso.

Ebolaren tragedia hirukoitza

Margareta 11 urteko neskato bat da. Gurasoak ebolaz jota hil zitzaizkion Liberian eta, ordutik, 5 eta 9 urteko anaien zaintza bere gain hartu du. «Latzena gertatutako guztia kontatzen zidan bitartean besarkatu ahal ez izatea izan zen. Oraindik gaixotasuna inkubatzeko 21 eguneko epean zegoen eta», ekarri zuen gogora Ebolarako UNICEFeko komunikazio arduradun Laurent Duvillier-ek. Izurriteak 16.700 umezurtz utzi ditu 2013ko abendutik hona.

«Tragedia hirukoitza da: aita eta ama galtzea aldi berean, senideen errefusa beldurragatik, eta samina arintzeko norbaiten besarkada jaso ahal ez izatea». Albiste ona: ebola kasuak murriztu egin direla. Duvillierren hitzetan, posible da sei hilabeteko epean kutsaturik ez egotea. «Horrek ez du esan nahi, inola ere, arreta gutxitu behar dugunik. Lanean jarraitu behar dugu, komunitate guztietara iristeko», plazaratu zuen. Behin izurritea kontrolpean izanda, hurrengo erronka ebolak suntsitu dituen osasun, hezkuntza eta babes sistemak berreraikitzea da.

Kutsatzeak murrizteko ezinbestekotzat jotzen du komunitateei gaitzaren gaineko informazioa eskaintzea. UNICEFek trebatutako 17.000 boluntario-ek Ebola zer den, nola kutsatzen den eta nola ekidin daitekeen azaldu diete biztanleei. Afrika Erdiko Errepublikan, «umeak hil eta mutilatu dituzte». Komunitate desberdinen arteko biolentziak izua zabaldu du haurren artean.

«12 eta 14 urteko bi gaztetxo ezagutu genituen Bangi hiriburuan. Biolentzian eta nahasmenean murgilduta zeuden, bizitzako erreferente guztiak galduta eta ahaztuta. Bata zen bestearen sostengua. Mutilari mugatik gertu jarritako barrikada bat zaintzeko ardura egokitu zitzaion, eta neskatilari, jada genero indarkeriaren biktima zena, etxeko lanak egitea. Gure aliatuekin elkarlanean, talde armatuko buruzagiekin negoziatu eta bi umeak askatzea lortu genuen», azaldu zuen Ruben Pascualek, Larrialdietarako batzordeko kideak.

Baina, ez da lan erraza. Afrika Erdiko Errepublikan hamaika talde armatu eta azpi milizia ugari baitaude. Lider jakin bat ez egoteak bereziki zailtzen du ume-soldaduek armak utzi ahal izatea, komandanteek ez baitute emandako hitza betetzen. Pascualen hitzetan, 6.000 eta 10.000 ume bitartek dute nolabaiteko lotura gatazkarekin. Miliziek modu batera zein bestera beraien agindupean lan egitea behartzen dituzte, soldadu, zerbitzari edo esklabo gisa. Sexu-abusuak ohikoak dira.

Behin talde armatua utzita, birgizarteratzea prozesu luzea da. Gertuko seniderik eta lagunik gabe, gerraren ondorioei eta ume-soldadu izanaren estigmari aurre egin behar diote.

Su-etenari buruz galdetuta, Pascualek iritzi txarra du. «Seleka-k –milizia musulmanak– eta Anti-balaka-k –matxino kristauak– adostu berri duten su-etenak ez du momentuz islarik egunerokotasunean. Gainera, hainbeste milizia egonik, oso zaila da herrialde osoan indarrean jartzea».

Hegoaldeko Sudan zenbakitan

Hegoaldeko Sudanen 12.000 ume armak hartzera behartu zituzten 2014an. Gerra zibilaren eraginez, bost urte baino gutxiagoko 235.000 haurrek desnutrizio larria pairatu zuten iaz. Eta 2015erako aurreikuspena ez da batere itxaropentsua. UNICEFek aste honetan bertan ohartarazi duenez, talde armatuek astelehenean hitzartu zuten su etena betetzen ez badute, elikagai eskasia areagotu egingo da herrian. «Egoera katastrofikoa izatera irits daiteke», aditzera eman zuen ohar batean. Biztanle asko lekuz aldatzen hasi dira eskasiak behartuta.

Iaz, A bitamina duten osagarriak eman zizkien UNICEFek bi milioi haurri. 729.000ri elgorriaren kontrako txertoa jarri zien, eta 662.000ri polioaren aurkakoa. Intsektizida zuten 667.000 eltxo-sare ere banatu zituen UNICEFek, malaria prebenitzeko. 86.000ri laguntza sikosoziala eman zien, eta bakarrik zeuden 5.388 ume identifikatu zituen.

Halako deskribapen «latza» egin ostean, UNICEFek Libanon duen bulegoko zuzendari Berta Traviesok funtsezkotzat jo zuen herritarrek ahal duten neurrian dohaintzak egitea.